Txirrindularitza

Josu Etxeberriak 23 urtez azpiko Giroari agur

Guaixe 2020ko ira. 2a, 20:06
Josu Etxeberria, erdian, Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko taldekideekin 23 urtez azpiko Giroko aurkezpenean.

Bigarren etapan erorikoa izan zuen, minberatuta geratu eta atzo Giroa utzi behar izan zuen Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko iturmendiarrak

Rural Kutxa-Seguros RGA talde afizionatuan dabilen Josu Etxeberria iturmendiarraren aurtengo ibilbidea oso ona ari da izaten. 19 urteko txirrindulariak uztailean Zamorako Itzulia irabazi zuen, Jaenen jokatutako afizionatuen Espainiako Txirrindularitza Txapelketan lan bikaina egin zuen Nafarroako selekzioarekin, eta horregatik guztiagatik Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesionalak bere afizionatuen taldetik aukeratutako lau “stagiaire”-edo ikastunen artean hautatu zuen Josu Etxeberria, UCIk eskaintzen dituen tokietarako, hain zuzen. Horrela, 23 urtez azpiko Italiako Giroan aritzeko txartela lortu zuen iturmendiarrak.

Josuk sasoi betean eta gogoz ekin zion denboraldiko bere probarik garrantzitsuenari, 23 urtez azpiko Italiako Giroari. Baina, tamalez, azken txanpa honetan iturmendiarrak ez du zortea alde izan. 2. etapan erorikoa izan zuen Josuk eta minberatuta geratu zen. Horrek, hortik aurrea behar bezala aritzea oztopatu zion eta, azkenean, atzo Italiako proba utzi behar izan zuen.