Gazte talde batek hartuko du udalaren ardura

Guaixe 2020ko ira. 8a, 10:43
Iturmendiko udaletxea plaza eta inguruak berritu aurretik.

Joan den urteko udal hauteskundeetan ez zen udala berritu eta aurrekoa jardunean aritu da. Kuadrilla bateko zazpi gaztek osatuko dute kudeaketa batzordea.

Herriaren erdialdeko lanak despeditu eta gero iturmendiarrak batzarrera deitzeko asmoa zuen jarduneko alkate Victoriano Gabirondo Lanzek. Udal kontuen berri emateaz aparte, egungo zinegotziei lekukoa hartu, eta udaleko kudeaketa batzordea osatzeko gutxienez bost boluntario behar zirela azaltzekoa zen Gabirondo. Baina ez da batzarra deitu beharrik izan. Kuadrilla bateko zazpi gaztek beraien burua aurkeztu zuten udalaren ardura hartzeko. 

Iturmendiko Udalaren kudeaketa batzordea osatuko dute: Imanol Arbizu Perpiña, Javier Beraza Lanz, Pablo Galarza Fernandez, Mikel Galarza Maiza, Iñaki Lizarraga Madinabeitia, Mikel Lopez de Zubiria Gabirondo eta Borja Martinez de Ordoñana Lanz. Haien izen-abizenen berri Nafarroako Gobernuari jakinarazi dizkie udalak. Gabirondok azaldu digunez, tramiteak direla-eta iraila pasako da haiek izendatzerako.