Nafarroako Gobernuak Iturmendiko kudeaketa batzordea izendatu du

Guaixe 2020ko ira. 11a, 14:26
Iturmendiko udaletxea.

Udal hauteskundeetara hautagaitzarik aurkeztu ez zelako egin du izendapena. 

Nafarroako Gobernuak, herenegungo bilkuran, Iturmendiko Udaleko kudeaketa batzordea izendatzeko akordioa onartu zuen. Udal hautagaitzarik aurkeztu ez zenez pasa den urtean egindako udal hauteskundeetan, gobernuak izendatu du udala kudeatuko duen batzordea. Zazpi iturmendiarrek bere burua aurkeztu zuten horretarako: Imanol Arbizu Perpiña, Javier Beraza Lanz, Pablo Galarza Fernandez, Mikel Galarza Maiza, Iñaki Lizarraga Madinabeitia, Mikel Lopez de Zubiria Gabirondo eta Borja Martinez de Ordoñana Lanz. Haien artean aukeratu beharko dute kudeaketa batzordeko lehendakaria zein den. 

Jarduneko udaleko kideak eta kudeaketa batzordekoak aurki biltzekoak dira, udalaren martxaren berri eman eta jasotzeko. Bilera horretan erabakiko dute udal bilkura noiz egin, kudeaketa batzordea lanean has dadin. Ez dute data denboran asko luzatzea nahi.