Imanol Arbizu Perpiña

"Inor ez zegoenez, udalean sartzera animatu ginen"

Alfredo Alvaro eta Maider Betelu 2020ko aza. 25a, 12:00

Herriko gazte kuadrilla batek Iturmendiko Udalaren kargua hartu du, kudeaketa batzordea osatu eta gero. Euren lehen helburua udalaren martxa hartzea dela adierazi du Imanol Arbizu alkateak

Joan den urtean izan ziren udal hauteskundeak eta Iturmendi izan zen udala berritu ez zuen Sakanako herri bakarra. Urte baten bueltan albiste pozgarria dago, kudeaketa batzordea sortu baita Iturmendin. Herriko gazte kuadrilla batek hartu du udaletxera sartu eta Iturmendiko Udala kudeatzeko ardura. Tartean da Iturmendiko gaur egungo alkate den Imanol Arbizu Perpiña.  

Nola animatu zarete udalean lanean sartzera? Gazte kuadrilla bat zarete eta askotan pentsatzen da gazteak ez zaretela halakoetara animatzen.
Bueno, ez dakit ere horren gazteak garen (kar, kar...). Kontua da ikusten genuela denborak aurrera egiten zuela, eta denbora pasa ahala ez zuela inork udalean sartu nahi. Bestetik, bagenuen beldurra agian kanpotik talderen bat edo norbait sartuko ote zen, beste herri batzuetan gertatu zen bezala, eta orduan koadrilakoak elkartu ginen gaiaz aritzeko. Hasiera batean jende ezberdina gugana hurbiltzea nahi genuen, beste adin bateko jendea, baina zaila ikusten genuen, eta, azkenean, Iturmendiko udalean sartzera animatzea erabaki genuen. 

Kuadrillako bazkari eta afarietan beharrean orain pleno aretoan elkartuko zarete.
Halako zerbait ematen du (kar, kar...), baina argi utzi dugu plenoan gertatzen dena bertan geldituko dela eta hortik kanpo beste gauzetara jarriko garela, gure gauzetara. 

Beraz, udaleko etxeko lanak ez dituzue kuadrilla afarietara, parrandetara edo mendi bueltetara eramango. 
Hori da! Azkenean udaletxeko lanak eta kontuak beti izango dira ongi aztertu eta eztabaidatzekoak, edo gure artean akordioetara iristeko momentuak. Konfiantzarekin sartu gara udaletxera, guztion artean konfiantza dugu eta udaletxekoa hor bertan geratuko da. 

Nola hartu dute iturmendiarrek zuek herria kudeatuko duzuenaren albistea?
Uste dut hasiera batean sorpresaz hartu zutela. Izan ere, aurreko udaleko kideek bilera bat deitu zuten esanez kargua utziko zutela, ea norbait aurkeztuko ote zen, eta orduan ez genuen erabakirik hartu. Alde horretatik igual sorpresaz hartu dute herritarrek gu sartzea, baina nik uste nahiko ongi hartu dutela, ikusten dutelako azkenean sartu garenak herrikoak garela. 

Behin udalera sartuta, helburu konkreturen bat duzue edo momentuz udalaren kudeaketa eta gestioarekin nahiko lan duzue?
Asmoa da lehendabizi pixkanaka ikastea eta dauden gai guztien martxa hartzea; gure esperientzia kontuan hartuta ea gehiena egiteko gai garen. Bestela, momentuz ez dugu plangintza zehatzik; lanean hasi eta martxa hartzea. Gero etorriko dira. 

Noiz bilduko da Iturmendiko kudeaketa batzordea? Udal osoko bilkurak egiteko data finkoren bat jarri duzue?
Pentsatu dugu bilkurak hilabeteko azken ostiralean egitea, baina orain, hasieran, astean behin biltzen gara, dauden lan guztiak aztertu eta udaleko martxa ikasteko. 

Udalak herria gobernatu behar du, baina gero udalez gaindiko entitateak daude, Sakanako Mankomunitatea, Osasun Kontseiluak eta halakoak, eta halakoetara ere joan behar da. Zazpien artean banatu ahal duzue lana?
Oraindik banatzeko dugu. Oraindik ez dugu oso garbi nor joango den aipatu entitateetara, baina argi duguna da binaka joango garela. Horrela nahi dugu. Azkenean pertsona batek izan behar du alkatea, kasu honetan niri egokitu zait, baina guk denok bat egitea nahi dugu eta denon ardura berdina izatea. Hori lortu nahi dugu. 

Lan berriari ekiteko ilusioz?
Bai, baina egia da ere hasiera batean gure beldurrak eta gure kezkak ditugula, baina uste dut pixkanaka martxa hartzen joango garela. 

Zuen legegintzaldia motza izanen da, urte bat kendu diozue jada. Ea ilusio horrekin eta kezka gutxiagorekin iristen zareten legegintzaldiaren bukaerara. Eskerrik asko Imanol, zorte on bide berrian!
Milesker zuei.