Txirrindularitza

Profesionaletako lehen lasterketan bere burua nahiko ongi ikusi du Josu Etxeberriak

Guaixe 2021ko ots. 1a, 11:30

Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesionalarekin debutatu zuen atzo Josu Etxeberria iturmendiarrak La Marseillesa Sari Nagusian

Josu Etxeberria txirrindulari iturmendiarrak atzo debutatu zuen txirrindulari profesional gisa, La Marseillesa Sari Nagusian (171 km), Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin. Iturmendiarra 71. postuan sailkatu zen, Ag2r-Citröen taldeko Aurelien Paret irabazletik 9 minutu pasara. Lasterketa “oso zorrotza” iruditu zitzaion Etxeberriari, eta helmugan nabarmendu zuenez, “dudan guztia eman dut, hustuta bukatu dut”. Halaber, profesionalen mailan “tentsio askoz ere gehiagorekin” lehiatzen dela konturatu zela gaineratu zuen, eta abiadura beste bat dela, “askoz ere handiagoa”. Marseillako proban hasierako ihesaldietan sartzea zuen erronka, baina bera zegoen tokian ez zirela mozketa onak gertatu azaldu zuen. Dena den, “lehendabiziko lasterketa izateko bere burua nahiko ongi ikusi duela adierazi zuen. “Oso pozik nago lasterketan aritu izanagatik” azpimarratu zuen. 

Zoritxarrez, bere taldekide Julen Amezketak erorikoa izan zuen: eskuin lepauztaia apurtu eta kolpe gogorra izan zuen ezker eskuan.