Urte zahar gauean kintoak kantu-eskean aritzen dira Iturmendin barna, Ur goiena abestia kantatzen duten bitartean. Orduan jasotako dirua kinto ospakizunetarako gordetzen dute. Eta kinto festako larunbateko eskearekin lortutakoarekin berdintzen dute ospakizunaren gastua. Gazteak aritu ziren kantari, baina jasotako dirua ez dute gastatzeko aukerari izanen, kinto ospakizunik ez baita izanen. Are gehiago duela bi aste herrian COVID-19 gaitzaren kasuak gora egin eta gero.
Aurtengo kintoek ospakizuna atzeratzea eta udan ospatzea pentsatu dute, baina festa noiz litzatekeen zehaztu gabe. Osasun egoerak horretarako aukerarik utziko ez balu, kinto iturmendiarrek heldu den urtera atzeratuko lukete festa. Aurten, gainera, Iturmendiko kintada handia da, zortzi gaztek osatzen dute: Urtzi Galartza Urdaniz, Ahiletz Nuñez Galartza, Haizea Artola Lopez, Endika Zubieta Lopez, Martzel Etxeberria Azpilikueta, Unax Gabirondo Agirre, Estitxu Mateos Galartza eta Alaia Goikoetxea Bengoetxea.
Haiekin batera bi urte zaharragokoak eta bi urte gazteagoak diren gazteek osatzen dute kinto segizioa, guztira 24 gazte. Aurten kinto festarik ez bada ospatzen pentsatzekoa da heldu den urtean segizioa sei kintadek osatzea, kintotan zaharrenek haien azken urtea galdu nahi izanen ez dutelako, eta kintada gazteenak bere txanda eskatuko duelako.
Iturmendiko kintoek urte zaharreko kanta-eskeaz aparte, maiatzaren 1ean Arrano Beltza plazan jartzen den pagoa, maiatza, ekartzeko ardura dute. Joan den urtean ez zen maiatzik zutitu eta aurten ikusteko dago.