Josu Etxeberria, oso kontentu Britainia Handiko Tourrean egindako lanarekin

Guaixe 2021ko ira. 16a, 12:00
Josu Etxeberriaren urtebetetzea izan zen, eta "Happy birthday" kantatu zioten etapa hasi baino lehen. RURAL KUTXA-SEGUROS RGA

Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko txirrindulari iturmendiarra 37. postuan sailkatu zen, eta profesional mailan aurrera pausoak ematen jarraitzen duela sentitzen du

Britainia Handiko Tourra jokatu zen aurreko astean, profesionalen mailako lasterketa bikaina, eta bertatik oso pozik itzuli da Josu Etxeberria Azpilikueta txirrindularia. Aurten Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesionalean debutatu du iturmendiarrak, eta gutxika esperientzia pilatzen ari da. Britainia Handiko Tourrean 37. postuan sailkatu zen, eta bere burua ongi ikusi zuen. “Oso pozik nago. Mailan pauso bat gehiago ematen ari naizela sentitzen dut. Egoera gogorra bilakatzen denean, eusteko gai naiz, baita portu gogorretan ere. Taldeak lan ona egin zuen, sekulako giroan. Soilik ihesaldi batean sartzea falta izan zait, baina sortuko dira aukera gehiago” azaldu du iturmendiarrak bere sare sozialetan.