Irristaketa

Munduko urrezko domina jantzi berri, irristaketari agur esango dio Ioseba Fernandezek

Maider Betelu Ganboa 2021ko aza. 15a, 10:00

Ioseba Fernandez, munduko txapeldunaren urrezko dominarekin. ESPAINIAKO IRRISTAKETA FEDERAZIOA

Ioseba Fernandezek 100 metroko urrezko domina lortu zuen ostegunean Ibaguén eta goi mailako lehiaketa utziko duela iragarri du

Aurreko astean Munduko Irristaketa Txapelketak jokatu ziren Ibaguén (Colombia). Beste behin,  Espainiako selekzioarekin lehiatu zen Ioseba Fernandez Fernandez irristalari iturmendiarra, Garikoitz Lerga hautatzaile nafarraren esanetara. Fernandezek abiaduran areriorik ez duela erakutsi zuen atzera ere, 100 metro sprinteko lasterketa irabazi baizuen Steven Villegas kolonbiarraren eta Jorge Luis Martinez mexikarraren aurretik. Horrela, 100 metrotan munduko bere bosgarren urrezko domina lortu zuen Ioseba Fernandezek, 32 urterekin. 

Eta hain zuzen ere, 32 urterekin iturmendiarrak agur esango dio goi mailako irristaketari, berak nahi zuen moduan, gorenean dagoenean, munduko txapelduna denean. 100 metroko lasterketa irabazi berritan eman zuen erabakiaren berri. 

Ioseba Fernandezek 14 urteetatik 32 urteetara sekulako kirol ibilbidea izan du. Palmarés izugarria du iturmendiarrak. Munduko txapeldun bost aldiz izateaz gain izateaz gain, 100 eta 300 metroetako distantzian zenbait mundu errekor lortu izan ditu –oraindik indarrean dago 100 metrotan lortutako 9.55 segundokoa– Europan dozena bat txapelketa inguru eta estatu mailan 32 txapelketa irabazi izan ditu.