Astekaria

"Irristaketan izugarri disfrutatu dut; orain bizitza guztia dut aurretik"

Maider Betelu Ganboa 2021ko abe. 1a, 15:00

Gorenean, munduko txapeldun dela, elite mailako irristaketa utzi du Ioseba Fernandezek. UTZITAKOAK

Ioseba Fernandez Munduko irristalari azkarrenak 32 urterekin eliteko irristaketa uztea erabaki du, berriki Kolonbian munduko txapeldun bosgarren aldiz izan eta gero. Bere kirol ibilbideari ezin diola gehiago eskatu nabarmendu du iturmendiarrak

Kolonbian azaroaren 11n Munduko Abiadura Irristaketa Txapelketan 100 metroko lasterketa irabazita, 32 urterekin eliteko irristaketa utzi du Ioseba Fernandez Fernandez iturmendiarrak, bere irristaketa ibilbidearen gorenean dagoela. Palmares ikusgarria du: Munduko Txapelketetan urrezko bost domina, zilarrezko sei eta brontzezko sei; Europako Txapelketetan hamazazpi titulu; eta Espainiako Txapelketan 32 aldiz txapeldun izan da. Munduko errekorrak ezarri ditu: 2012an 200 metrotan 15.879 segundokoa; 2012an 300 metroko erlojupekoan 23.938koa; 2018an 100 metrotan 9.684 segundokoa, urte berean 9.604ra jaitsi zuena eta 2019an, Marbellan, 9.55an egin zuena. 2012 urtetik ez da Munduko podiumetik jaitsi, bere ibilbideari agur esan arte, oso lasai eta eskertuta. 

HASIERAK
Maite lehengusina irristaketan zebilelako hasi omen zinen irristaketan.
Haur oso mugitua nintzen, eta kirol asko probatu nituen. Lehengusina irristaketan aritzen zen eta bera ikustera joaten ginenez, animatu nintzen. Etxean hasi nintzen irristaketan, bajeran. Iturmendiko frontoian ondoren,  Uharte Arakilgo Aralar Mendi klubean hasi arte. Eduardo Gonzalo izan zen nire lehendabiziko entrenatzailea. Sei-zazpi urte izango nituen, baina aurretik jantzi nituen lehendabiziko patinak, lau urterekin, Frantziara egin genuen bidaia batean gurasoek erositakoak. 

Aralar Mendin zenbait urte trebatzen ibili ondoren, Iruñeko bidea hartu zenuen, San Antonio taldera. Gogoan duzu zein izan zen irabazi zenuen lehen lasterketa?
Ez, baina oso gogoan dut Antoniuttin lasterketa bat bukatzea lortu nuen lehen aldia. Orduan Aralar Mendin nenbilen, eta 8 urte izango nituen. Normalean 200 metroko pista batean aritzen ginen, baina Antoniuttikoa zirkuitu handiagoa zen, 435 metrokoa, eta hango lasterketan beti doblatzen ninduten. Niretako nire lehen garaipena Antoniuttin doblatu ez ninduten lehen aldia izan zen, lehenengoz proba bukatzea lortu nuena, nahiz eta lasterketa ez irabazi, jakina. 

Hortaz, hasieran ez zinen lasterketetan nabarmendu.
Ez. Ni patin gainean entrenatzen nintzen zoriontsu. Garai hartan lehiaketa eta lasterketak bigarren mailan zeuden, erabat. Are gehiago, ez zitzaidan lehiatzea gustatzen. Gurasoei esan nien ez nuela lehiatu nahi, eta tarte batean ez nintzen lasterketetan aritu. Denborarekin, nire kabuz berriro ere lasterketatan probatzea erabaki nuen, eta horrela hasi nintzen, barrenetik atera zitzaidalako, ez derrigortutako zerbait bezala. 

“Txikitan ez zitzaidan lehiatzea gustatzen, patin gainean entrenatzen nintzen zoriontsu”

Hamabost urte zenituela Europako txapeldunordea izan zinen junior mailan. Salto garrantzitsua.
Iruñean jokatu zen Europako Txapelketa hura, eta lehenengoz aritu nintzen txapelketa kontinental batean, jubenilen mailan. Ni bigarren sailkatzea sorpresa hutsa izan zen, baina, aldi berean, bulkada handia. 

2007an senior edo maila absolutua mustu zenuen, eta hor ibilbide berria hasi zen. Cobra-El Prat talde kataluniarrarekin lehiatu zinen pare bat urtez.
Beti esan izan dut maila absolutuan hasi nintzela nabarmentzen eta maila ona izaten. Zorte handia izan dut nire ibilbidean lagundu nauten entrenatzaileekin. Maila bakoitzean izan ahal nuen entrenatzailerik onena izan dudala uste dut. Txikitan Eduardo Gonzalok (Aralar Mendi) eta Araceli Larreak (San Antonio) erakutsi zidaten irristaketan garrantzitsuena disfrutatzea dela, ongi patinatzen ikastea, teknikoki zuzena izatea eta presa gehiegirik ez izatea. Nik orduan lehiaketetan ez nituen emaitza onak, baina oinarrizko lan handia egin genuen. Maila absolutura iritsi nintzenean entrenatzaileek entrenamendu fisikoari garrantzia handiagoa eman zioten, eta orduan gainontzekoen maila berberean jarri nintzen eta nabarmentzen hasi nintzen. Klubei dagokienez, 2006ra arte San Antonion egon nintzen, Aracelirekin, eta 2007an maila absolutuan hasi nintzen, Cobra talde kataluniarrarekin. San Antonion ez zuten Aracelirekin jarraitu nahi izan, eta bera ez bazegoen nik San Antonion jarraitzeari ez nion zentzurik ikusi. Bi urtez egon nintzen Cobra-El Prat taldean, baina Aracelik entrenatzen ninduen. Ongi sentitzen nintzen berarekin, ez nuen entrenatzaile aldaketaren beharra ikusten. Beranduago, Berriro Ere talde nafarrera etorri zinen denboraldi batez, eta Amaya Sportekin urte pare bat aritu ondoren, 2016an Berriro Ere taldera itzuli eta ordutik bertan aritu izan naiz. 

“Zorte handia izan dut nire ibilbidean izan ditudan eta lagundu nauten entrenatzaileekin”

AIRERATZEA
2011 urtea mugarria izan zen. Heerden (Herbehereak) jokatutako Europako Txapelketetan urrezko bi domina lortu zenituen, 200 metrotan eta 500 metrotan, zilarrezko domina bat eta brontzezko bi. Horretaz gain, zure lehendabiziko Mundialetan parte hartu zenuen, Korean. 
Egungo Iosebaren lehen zantzuak urte horretan ikusi ziren lehenengoz. Txikitatik helburuak zehaztekoa izan naiz, baina 2011ra arte ez nuen amets handirik egiten. 2011n Europako Txapelketa nire helburu nagusia zen; lehiaketa ona egin nuen eta bost domina lortu nituen, urrezko biak tartean, zapore bikaina izan zutenak. Ilusio handiz gogoratzen dut. Bi hilabete beranduago Munduko Txapelketara joan nintzen; 200 metroko finalean laugarren sailkatu nintzen, baina sailkatze seriean munduko errekorra egin nuen. Nahiz eta dominarik ez lortu, une horretan munduko txapelduna izatera heltzeko aukera nuela sentitu nuen lehenengoz. 

Ez zenuen asko itxaron beharrik izan, 2012an lehendabizikoz munduko txapelduna izan baitzinen Italian, 200 metrotan, munduko errekorra ezarriz (15.879 segundo). Eta 300 metroko erlojupekoan zilarrezko domina lortu zenuen. 
2011ko Mundialean konturatu nintzen alderdi psikologikoa landu beharra nuela, ez nengoela oso ongi prestatuta. Horregatik, profesionaletara jo nuen. Asko lagundu ninduten. Nire buruan sinesten, nire aukeretan konfiantza izaten eta nire buruari zer lortu nahi nuen esaten lagundu zidaten, nahiz eta helburu horiek handiegiak iruditu. Uste dut horrek asko lagundu ninduela 2012ko Mundu Mailako finalean seriean bezalako maila ona ematen. 

2012tik Munduko Txapelketetako podiumera igo zinen eta ordutik ez zara podiumetik jaitsi. Bostetan izan zara munduko txapeldun, munduko 6 zilar eta 6 brontze dituzu, Europako Txapelketetan 17 titulu dituzu eta Espainian 32 aldiz izan zara txapeldun…
Ez ditut inoiz dominak zenbatu ez dudalako gustuko. Zintzoki, dominen kontua ez zait gehiegi axola izan. Txapelketetan lehiakorra izatea, hori izan da nire ilusioa. 

2012an Txantreako patinodromoan 300 metroko erlojupekoko munduko errekorra apurtu zenuen. 24.250 segundotan zegoen errekorra eta 23.938 segundora jaitsi zenuen. Oso polita izan zen, senitarteko, lagun eta gertuko irristalariak ondoan izan zenituelako.
Ia nahi gabe sortutako zerbait izan zen, nahiz eta jendeak hala uste ez izan. Denboraldi hasiera zen eta maiatzaren 1ean, urtero bezala, Txantreako Trofeoa jokatzekoa zen. Pistan entrenatzen nengoen, eta jabetu nintzen denbora oso onak egiten ari nintzela. Federaziokoei galdetu nien ea Txantreako Trofeoan 300 metroko erlojupekoa egin ahal nuen, zenbaki oso onak nituelako. Baietz erantzun zidaten, eta sorpresa hartu nuen, prentsan irakurri nuelako munduko errekorra apurtzen saiatuko nintzela. Halako zalaparta sortzea ez zen nire asmoa, baina Txantreara hurbileko senitartekoak eta lagunak bildu ziren, irristalariak, ikusleak… Ilusioz gogoratzen dut, une horretan oso ongi sentitzen nintzelako eta gertukoak zeudelako. Izan ere, gehienetan ezin dute Europako edo Munduko Txapelketetara ni ikustera joan. Egun hartan lan garrantzitsua egin nuen gertukoen aurrean eta horrek poztu ninduen. 

Zure zalerik handienetakoa, Iturmendiko Gabriel aitona, bertan zegoen.
Bai, agertu zen lehenetariko bat izan zen. Beti ibili da ni animatzen eta beti esaten dit: “zuk ongi pasa, disfrutatu eta ahal duzuna egin”. Baina atetik ateratzen ari naizela aho txikiz gaineratzen du: “baina irabazi ahal baduzu, hobe”. (Kar, kar…)

“Ez ditut inoiz dominak zenbatu ez dudalako gustuko. Txapelketetan lehiakorra izatea, hori izan da nire ilusioa”

100 METROAK: MUNDUKO AZKARRENA
2017an Txinako Munduko Txapelketan 100 metroko zure lehendabiziko urrea lortu zenuen, eta ordutik 100 metrotan munduko azkarrena izateagatik ezagutzen zaizu gehienbat. 2018an 100 metroko munduko errekorra ezarri zenuen (9.684 segundo), urte berean errekorra hobetu zenuen (9.604 segundo) eta 2019an Marbellan 9.55 segundora jaitsi zenuen.
Banakako probetan, erlojupekoan eta, bereziki, proba laburretan izan naiz espezialista. Abiadura irristaketan 100 metroko proba 2015ean ezarri zuen lehenengoz World Skate Nazioarteko Irristaketa Federazioak, irristaketari ikusgarritasun gehiago emateko. Ordura arte 200 metrokoa zen laburrena, eta horregatik nire emaitzak proba horretan zeuden. 2015eko Munduko Txapelketetan 100 metrotan hirugarren sailkatu nintzen, 2016koetan bigarren eta 2017an munduko txapeldun izatea lortu nuen. Baina esango nuke 100 metroengatik baino, lehiatzen naizen probak prestatzeko egiten dudan lana eta prestaketarengatik naizela ezaguna. Nire baldintzak kontuan hartuta, agian ez naiz proba hauetarako egon daitekeen irristalaririk egokiena, baina lasterketa bat aztertu, ikasi, landu eta entrenatzeko moduagatik naiz ezaguna. 

Zure prestakuntza beti %100ean zaintzen duzula jakina da. Entrenamenduak, elikadura… ez omen zara zehaztutako bidetik ateratzen. 
Agian nirekin bizi direnei egin beharreko galdera da hori, baina nik esan dezakedana da gaztetatik oso argi izan dudala bizitzan zer nahi dudan, eta nik erabaki dudala helburu horiek lortzeko egin beharreko sakrifizioak zeintzuk diren. Nire emazteak dio ezagutu ninduenean horrek deitu ziola arreta gehien: gauzak oso argi nituela eta nire kirol ibilbiderako horrenbeste zaindu behar izateak ez zidala aparteko esfortzurik eskatzen. Asko zaintzen naiz eta nahiko zorrotza naiz, baina gustuz egiten dut. Barneratua daukat eta disfrutatzen dut. Are gehiago, uste dut nire errutinetatik ateratzen banaiz nire izaera okertzen dela, gaizki sentitzen bainaiz. Orduan da okerren nagoen unea.

LESIOAK
Tamalez, ezin izan dituzu lesioak ekidin. 2019ko ekaina bukaeran Bartzelonan Munduko Irristaketa Txapelketak jokatu ziren, eta haiek jokatuta erretiratuko zinela ere entzuten zen. Baina zure urterik madarikatuena izan zen, lesioak bata bestearen atzetik izan zenituelako. 
2019 urtea oso zaila izan zen. Ordura arte nire kirol ibilbidean ia ez nuen lesiorik izan. Entrenamenduaren alderdi guztiak asko zaindu eta kontrolatzen nituen, eta uste nuen horrek lesioak ez izaten laguntzen zidala. Eta bat-batean, horren erabakigarria zen urtean, horrenbeste itxaropen nituen urte horretan lesioak hasi ziren, bata bestearen atzetik. Non huts egin nuen aztertzen hasi nintzen, etorkizunean berriro akats berberean ez erortzeko. 

Makineria gehiegi estutu al zenuen?
Ez zen hori izan. Burua ongi izatea oso garrantzitsua da, eta 2019an nire burua ez zegoen kirol kontuetan zentratuta. Hilabete batzuk lehenago gurasoak banatu ziren, eta horrek eragin handia izan zuen nigan. Ez nengoen egon behar nuen tokian. Lehendabiziko lesioa ez zen zorte txarraren ondorioa izan; entrenamenduetan ez nituen gauzak behar bezala egin, eta amorru handia sentitu nuen. Eta lehen lesioaren ondotik besteak etorri ziren. Burua eta fisikoa ez datozenean bat, oso zaila da gauzak ongi egitea. 

Bartzelonan ezin izan zenuen zure maila eman baina abuztu bukaeran Iruñean jokatutako Europako Txapelketetan lau urre lortu zenituen. 
Iruñean jokatutako Europako Txapelketak askorendako arrakastatsuak izan ziren, baina nik ez nituen batere gozatu. Zintzoa izan naiz beti: irristalari onenak lehian daudenean gustatzen zait irabaztea, eta Iruñean bi irristalari oso on falta ziren. Horregatik, ez zen berdina izan, eta ez nuen lortutakoaz gehiegi disfrutatu. Eta, ez nengoen une pertsonal oso onean. 

Segidan pandemia iritsi zen. Nola bizi izan zenuen?
Nire kirolaz batere gozatu ez nuen urte baten ondoren iritsi zen pandemia. Bikotea eta biok, Marc gure semearen ongizatean zentratu ginen. Ezinezkoa zen etxean behar bezala entrenatzea, eta Marc-en hobe beharra gure kirol ibilbidearen aurretik jarri genuen. Une bakoitzean garrantzitsuena zer den jakin beharra dago, eta orduan semea zen garrantzitsuena.

2021, ITZULERA ETA AGURRA
2021ean Ana Llorens Perez bikotekidea atletismora ikusgarri itzuli da. Zu uztailean Europako 100 metroko txapelduna izan zinen Portugalen eta azaroaren 11n, Kolonbiako Mundu Txapelketan, 100 metroko txapeldun handia. Gorenean erretiratu nahi zenuela esan zenuen, eta horrela egin duzu, munduko txapelduna zarela. 
2017an esan nuen Bartzelonako Munduko Txapelketa eta gero utziko nuela, baina Bartzelonan lesioengatik ez nuenez batere gozatu, erabaki nuen ezin nintzela Espainiako selekziotik horrela erretiratu. Nire kirolaz horrenbeste urtetan disfrutatuta, nola erretiratuko nintzen oroimen txar horrekin? Horregatik aurrera egin nuen, Kolonbiako Mundu Txapelketetara arte. Lortutako emaitzatik harago, izugarri gozatu nuen Kolonbian: taldekideekin, entrenamenduetan, beroketetan eta baita 100 metroko finalean ere. Eta une horretan bertan eta nik ia ezer esan gabe nire erretiroaren berri eman zen, irristalarien artean gauza jakina zelako. Gau horretan Garikoitz Lerga hautatzailearekin hitz egin nuen eta esan nion hurrengo egunean jada ez nuela 200 metroko proban lehiatu nahi, 100 metroko oroimen horrekin geratu nahi nuela. Horrela erretiratu nintzen eta, egia esan, ezin diot nire kirol ibilbideari gehiago eskatu. 

Ez zara irristaketaz bizi. Hortaz zure bizia ez da horrenbeste aldatuko. 
Soilik bi urte eta erdi egon izan naiz irristaketan buru belarri, gainontzeko urteetan irristaketa lanarekin eta ikasketekin partekatu izan dut. Kiroldegi batean kirol entrenatzaile pertsonala naiz. Hortaz, nire lanbidean jarraituko dut eta familian egunerokoaz gozatzen jarraituko dut. Espainiako irristaketa selekzioari agur esan diot, baina oraindik irristalari izaten jarraituko dut eta agian orain arte egin izan ez ditudan zenbait probetan parte hartuko dut. Bestalde, irristaketaren munduan agian beste alor batzuetan tokia izan dezaket, irristaketa selekzio pare bat nirekin harremanetan jarri direlako abiadura irristalarien entrenatzailea izatea proposatzeko. Hainbat eta hainbat gauza egiteko bizitza guztia dut aurretik. Ezin naiz kexatu.

Orain arteko entrenamendu errutinak mantenduko dituzu?
Munduko Txapelketen ondoren beti hartu izan dut atsedena, eta horretan nabil, baina ziur nago orain arte bezala nire burua zaintzen jarraituko dudala. 

Senitartekoak pozik daude goi mailako irristaketa utzi izanagatik?
Bai. Lehiaketan gustura nagoela ikusten didatenean pozten dira, baina, aldi berean, lehiaketak tentsioa sortzen du. Azken urteetan, lesioak, gorabeherak eta bestelakoak direla, emazteak dio sufritzen ikusi nauela eta horrek tentsio handia sortu diola. Beraz, honaino. Anarekin talde bikaina osatu dugu, bera nire kirol ibilbideko azken 10-11 urteetako parte oso garrantzitsua izan baita. Egin dugun ibilbidearekin pozik gaude eta hemendik aurrera puntu eta aparte bat egiteagatik lasai egon gaitezke. 

Eliteko kirola uztea ez da erraza izanen. 
Nire entrenatzaileek eta senitartekoek beti erakutsi izan didate kirola nire hautaketa zela, baina bizitzan beste gauza gehiago daudela, eta nire esperantza guztiak ezin nituela kirolean jarri. Uste dut azken urte hauetan agurrerako prestatzen joan naizela. Ez nabil sare sozialetan, duela denbora bat utzi nituen, duela asko ez dudala ere aparteko elkarrizketarik eskaintzen… Kirolari asko lehiaketaren inguruan dagoen beste arrakasta horretara ohitu izan dira: prentsan ateratzera, ezaguna izatera, sare sozialetan jarraitzaile asko izatera… Zorionekoa sentitzen naiz mundu horrek ez nauelako batere ere erakartzen. Ni prentsan ateratzea nire kirolerako da ona, irristaketak behar hori duelako, baina, nik ez dut bertan ateratzeko edo sare sozialetan jarraitzaile ugari izateko behar hori izan. Eta laguntzen du. 

“100 metroko Munduko Txapelketako oroitzapen horrekin geratu nahi nuen"

KIROL EZ OLINPIKOA
Irristaketak ez du beste hainbat kirolek duten errekonozimendua eta ez da Olinpiar kirola. Olinpiar Joko batzuetan parte hartu ez izanaren pena al duzu?
Ez, inola ere. Gure kirola ez da Olinpiar kirola; hortaz, nik ez dut Olinpiar Joko batzuetan parte hartzeko ilusiorik ez itxaropenik izan. Kirolari bezala izan dudan ilusioa Munduko Txapelketara joan ahal izatea izan da, nire kirolean txapelketarik gorena delako. Aritzen naizen txapelketa guztietan lehiakorra izatea, hori izan da beti nire ilusioa. Nik aukeratu dudan kirolak, gustuko dudanak eta disfrutatzen dudanak ez ditu Olinpiar Jokoak, Munduko Txapelketak ditu eta nik horietan gozatzen dut beste kirolari batek Olinpiar Jokoetan gozatu ahal duen bezala. Hori bai, irristaketa Olinpiar Jokoa balitz, beste baliabide batzuk izango genituzke eta beste hainbat zerbitzuetarako sarbidea, baina norberak bere hautua egiten du, bere kirol ibilbidea du, niri hau egokitu zait eta oso harro eta zoriontsu sentitzen naiz, izugarri disfrutatu dudalako. 

Beste kirol askorekin alderatuta, baliabide askoz ere gutxiago izan ditu irristaketak. Nazioarteko txapelketetan lehiatzeko lantokitik oporrak eskatu behar dituzue, zuen dirua ere jarri behar izan duzue… Irristaketak bestelako aitortza izatea nahiko zenuke?
Goi mailan egoteko kirolari guztiek sekulako sakrifizioa egiten dugu, bai Olinpiar Jokoetako kiroletakoek eta baita beste guztiek ere. Eliteko kirolaren atzean dagoen esfortzua ikaragarria da, eta norbera bere diziplinan onena izateko egin beharreko lana itzela da. Kirol guztietan. Eta pena ematen dit gure kirolari, irristaketari, ez zaiola esfortzuaren, borrokaren eta sakrifizioaren errekonozimendu hori egiten. Atzean dagoen lan izugarri hori balorean jarri ez izana. Gure kirola gutxienekoen kirola dela dirudienez, ba ez zaio garrantzi asko ematen. Ni mundu mailako irristalari askorekin lehiatu izan naiz, eta beste herrialde batzuetan irristalari horiek soldata oso ona dute eta profesionalak dira. Hemengo irristalari batek euren mailan egon ahal izateko egin behar duen esfortzua oso handia da, hemen ez garelako profesionalak. Ekonomikoki laguntza gehien duten irristalariak kolonbiarrak eta korearrak dira. Laguntza handia dute. 

“Pena ematen dit irristaketari ez zaiola esfortzuaren, borrokaren eta sakrifizioaren errekonozimendu hori egiten”

Nola ikusten duzu irristaketa gaur egun? Egoera hobetu da? 
Galdera zabala da. Nazioarteko Federazioa zenbait aldaketa egiten ari da gure kirolari ikusgarritasuna emateko, eta ikusleen arreta lortzeko positiboa da hori. Baina, bestalde, federazioak epe luzerako plangintza egin beharko luke, irristalariek txapelketen datak eta egoitzak lehenago jakitea, behar bezala prestatu ahal izateko. Irristalari profesionalek ez dute arazorik, baina hemengoak bere nagusiari oporrak aldatzea eskatu behar dio edo irakasleari azterketa datak aldatzea. Bestalde, gurean jende askok hainbat gauza birplanteatu behar lituzkeela uste dut. Gauzak ongi egin ahal izateko gure lana serioski hartu behar dugu, eta beti ikasten eta lan egiten jarraitu beharra dugu. Inbidia eta ego handiak dauden herrialdean bizi gara, eta horrek ez digu hazten uzten.