Xakea

Sakanako Xake Txapelketan aritzeko gonbita

Guaixe 2021ko abe. 17a, 12:30

2018an Satrustegiko elkartean jokatu zen Sakanako Xake Txapelketa.

Sakanako Mankomunitateak antolatutako txapelketa bihar, larunbata, 10:00etatik aurrera jokatuko da, Iturmendiko udaletxean. Izena ematea zabalik dago

Abenduan, Eguberritako bezperetan jokatzen da urtero Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Xake Txapelketa. Joan zen urtean ez zen jokatu, pandemiagatik, baina aurten bueltan da. Azken edizioa, 2019koa, Ziordiko Errekakartea elkarteak hartu zuen eta bertan 32 xakelari lehiatu ziren. Guztien artean, Orvina taldeko Haymar Leone gaztea gailendu zen. 

Aurten Iturmendiko herriko etxean jokatuko dena txapelketaren 21. edizioa izanen da. Bihar, larunbata, 10:00etan hasiko da. Ohikoa denez, xake txapelketa antolatzeko, Sakanako Zaldi Beltza Xake taldearen eta Nafarroako Xake Federazioaren laguntza izan du Sakanako Mankomunitateak, eta baita Iturmendiko Udalaren babesa ere. XXI. Sakanako Xake Txapelketa, aldi berean, Nafarroako Txapelketa izanen da, 1.900 ELO puntutik behera. Metodologiari dagokionez, txapelketa 20 minutuko 8 partidara jokatuko da. Sariei dagokienez, maila orokorrean lehenengo hirurek, gizonek eta emakumeek jasoko dute saria, eta  gazteen mailako lehendabiziko biek. Txapelketa goizean hasten da, etenaldia egiten da bazkaltzeko, eta arratsaldean despeditzen da.

Izena ematea, zabalik

Izena ematea larunbatean bertan egin behar da, Iturmendiko udaletxean, 9:30etik aurrera (5 euro).