Astekaria

Berrikuntzak elizan

Guaixe 2022ko ots. 2a, 10:33

Iturmendiarrak eliz barruan.

Argiteria berritu eta organoa konpondu dute.

Iturmendiko San Migel Goiaingerua elizan duela lauzpabost urte egin zuten azken lan handia. Orduko hartan eliz dorrean ateratzen ziren landareak kendu eta harrien arteko juntura berdindu zuten. Horretan, lan bertikaletan aditua den enpresa bateko langileak aritu ziren. Iturmendiko parrokiak, joan den urtean beste bi inbertsio handi egin zituen. Alde batetik, parrokiak elizako organo elektrikoaren bafleak konpondu zituen eta, horren truke, 1.790,8 euro ordaindu zituen. Organo jotzailerik ez dago Iturmendin gaur egun eta musika tresna festa egunetan jotzen da soilik. 

Bestalde, argiteriako bonbilla guztiak kenduta LED argiak jarri zituzten. Lan horien ondorioz, erretaula barrokoa eta elizako margoak hobeki argiztatuta daude. Azken horien artean Goñiko Teodosioren legendari buruzkoak daude. Argiteria berritzeko parrokiak 1.330 euro bideratu zituen. Parrokiak argiteria dohaintzen bidez ordaindu zituen.