Astekaria

"Helburua izan zenaren ahalik eta fidelena egitea da"

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko ots. 1a, 14:31

Adrian Cerezo Sanmartín arkitekto iturmendiarra.

Adrian Cerezo Sanmartín arkitekto iturmendiarrak historia eta arkeologia batu ditu, eta Vianako gazteluaren berregite birtuala egin du. 

Eraikinak eta espazioak nola sortzen ziren jakin-minetik Adrian Cerezo Sanmartínek arkitektura ikasi zuen. Pixkanaka 3D modelazioan eta diseinuan espezializatzen hasi zen, eta jakintza horiek ondare historikoa berreragiteko erabili zitezkeela pentsatu zuen. Lehenengo proiektu handia Vianan egin du, eta gaur egun desagertuta dagoen gaztelua webgune baten bidez ikus daiteke XIII. eta XVII. mendeetan, baita egungo egoera ere. Ondarearekin zerikusia duten proiektu gehiago ditu martxan.

Arkitektoa zara. Zergatik?
Txikitatik gauzak nola dauden eginak jakiteagatik jakin-mina izan dut. Obretatik pasatzean ikusten gelditzen nintzela gogoratzen naiz, planoak ikusten nituen eta horrelako gauzekin beti gelditzen nintzen: nola zegoen egina, zergatik, zer espazio zegoen bestearen ondoan, horma horren atzean zer zegoen eta abar. Ikasketak aukeratu behar izan nituenean ingeniaritza aeroespaziala egitea pentsatu nuen ere, hegazkinen kontua asko gustatzen zaidalako, baina azkenean arkitektura egitea erabaki nuen, unibertsitatea ere gertuago nuelako.

Gustatu zitzaizun?

"Arkitektura ikasketetan espero ez nuen alde artistiko bat bazegoen"

Ikasketetan oso artistikoa den zati bat baduela ikusi nuen, jendeak hasiera batean ez duena ikusten. Arkitektura aipatzen duzuenean jendeak eraikinak eta planoak ikusten ditu, eta egia esan dena diseinatzean datza: espazio guztiak ahalik eta osatuago egoteko eta testurekin, koloreekin, espazio aldaketekin eta abarrekin emozioak sortzea. Alde artistiko hori ez nuen espero, eta asko gustatu zitzaidan. Espektatibak gainditu zituen.

3D diseinua ikasi zenuen ondoren.
Karreran ez zen derrigorrezkoa horrelako programak edo lan egiteko moduak ezagutzea, baina oso ongi zetozen. Klaseko aurkezpenetan eraikinak 3D irudi hauetan aurkezten geroz eta gehiago ikusten dira, render-ak deitzen direnak. Planoa ikusi ez ezik, eraikina bere tokian kokatuta ikusteko aukera ematen dizu. Horrelakoak eskatzen zituzten, baina unibertsitatean ez zuten irakasgairik eskaintzen nola egiten ziren azaltzeko. Zure kontura egin behar zenuen. Orduan, ni bigarren mailan hasi nintzen nire kabuz ikasten eta erabiltzen, eta laugarren mailan lagunak laguntzen hasi nintzen. Nire proiektuak egin ondoren, ikaskideen etxetara joaten nintzen eta irudiak egiten laguntzen nien. Lagun batek esan zidan jendeari gustatzen zitzaiela, oso dotoreak gelditzen zitzaizkiola, eta ea zergatik ez nituen kobratzen. Azkenean, lan bat zen. Horrela, lagunei bakarrik egin beharrean, beste ikaskideei egiten nizkien ere. Momentu horretan prezio barregarri bat jarri nuen, klasekoei egiten nielako, eta gauzak ateratzen joan ziren. Hamaika edo hamabi pertsonei egin nien lehenengo urte horretan. Urteak pasatzen joan ziren eta horretan espezializatu nintzen. Lanen kalitatea igotzen joan nintzen, eta egiteko zailtasuna igotzen zenez ere, pixkatxo bat gehiago kobratu behar nuen. Atera nintzenerako 60 bat proiektu egin nituen. Ez zen guztiz profesionala, estudio batean egingo luketeena, baina ongi zeuden.

Zer programa erabiltzen zenuen? Nola ikasi zenuen?

"Klaseko aurkezpenetan planotik haratago joateko hasi nintzen 3D diseinuak egiten"

Sketcher programarekin hasi nintzen. Oso programa sinplea zen; gauza perpendikularrak baina ezin ziren egin. Hortik ateratzen bazinen gauza konplikatzen zen. Baina programan sartzen ziren plugginen bidez, aukerak handitzen ziren. Gaur egun arkitekturan egiten diren eraikinendako ongi zegoen, oso perpendikularrak direlako. Horren barruan sartzen zen beste programa batekin testurak, argiak eta abarrak sartzen nituen, eta gero irudi programa batekin hobekuntzak egiten nituen. Post-prozesu bat dago, oso luzea izan daitekeena. Gehien bat kanpoan diren irudiekin. Hori da lan metodo oinarrizkoena. Baina geroz eta gehiago ikasten joan nintzen. Ondarean eta teknologia berrietan espezializatutako online plataforma batean ikastaroak egiten hasi nintzen: 3D inpresioa, programa konplexuagoak denetarik egiten uzten dutenak, fotometriaren bitartezko eskaneoa, irudi errealistagoak egiteko…

Ondare birtualean espezializatzea erabaki zenuen?

"Ondarea ezagutzeko plataforma interesgarria izan zitekeela pentsatu genuen"

Hortik bururatu zitzaigun, beste lagun bati eta bioi, dagoeneko proiektuan ez dagoela bere enpresa bideojokoetan espezializatuta dagoelako eta lan karga hori zegoenez proiektutik ateratzea erabaki zuen, 360 graduko bistak lortzeko aukera genuenez, toki batean gainjarri zitekeela eta ondarearen berregitea egin genezakeela. Orduan, berreraikuntza horiek oso ongi ikertu behar dira ahalik eta historikoki fidelenak izateko eta oso ongi kokatu behar dira publiko orokorrari iristeko. Plataforma interesgarria izan daiteke, askotan arkeologia indusketa batera joaten zarenean ez dagoelako nahiko informazioa. Agian informazio panel batzuk daude denborarekin izorratu direnak, edo, besterik gabe, ez dago ezer. Bisita gidatuak kontratu behar dituzu zerbaitetaz ikasteko, eta, hala ere, esaten dizute hor dagoena erromatarren etxe bat dela. Hortik pasatzen zara eta gutxi gorabehera eraikinaren planta ikusten duzu, baina ezin duzu irudikatu nolakoa zen, zer espazio zeuden, kanpora ematen zuen, zer aurkitu zuten bertan… Pixka bat horri erantzuna ematean datza. Oso modu azkarrean, QR baten bidez, puntu jakin batetik tokia nolakoa zen ikusi ahal izatea.

Nolakoa da prozesua?
Normalean udaletxeekin lan egiten dut. Udalak nirekin harremanetan jartzen dira edo beste batzuetan gu joaten gara. Badira toki batzuk interesa erakutsi dutena Vianakoa ikusi ondoren. Beste batzuetan, lehenengo kontaktua egin dugu, bileraren bat egin dugu, eta ondoren toki batean errekreazioa egin nahi dutela esateko deitzen digute, baina aurrekontua mugatua dela, eta denborarekin gauza gehiago egingo ditugula.

Momentuz, Vianako gazteluaren berregitea egin duzu. Nola sortu zen proiektu hau?
2019an Somosierrako gaztelu defentsiben inguruko erakusketa bat egin zen, hiriaren 800 urteurren ospakizunengatik. Viana 1219an sortu zuen Antxo VII. Azkarra erregeak, eta erakusketa horretarako 3D diseinu bat eskatu zidaten, oso oinarrizkoa, gaztelua bere azkeneko etapan nolakoa zen erakusteko. Baziren 1950ko plano batzuk, garaiko alkate batek egindakoak, militarra izandakoak, eta berak jaso zituen momentuan geratzen ziren aztarna gutxiak. Gaur egun, praktikoki ez da ezer gelditzen. Dorrearen oinarria, kontrafuerte txiki bat etxe batzuetan sartuta eta XVII. mendeko berreraikuntzaren horma bat gelditzen dira, besterik ez. Beste dokumentazioetatik tiratu behar izan dugu, eta zati batzuk interpretagarriak izan dira, datu zehatzik ez genituelako.


Vianako gazteluaren berregite birtuala. UTZITAKOA

Beraz, dokumentazio lana eta historia ezagutzea oso garrantzitsua da.

"XIII. mendeko dokumentazio gutxi zegoen eta interpretatu behar izan dugu"

Zati honetaz Iñaki Sagredo arduratu da. Duela gutxira arte horrelako proiektuen arduraduna zen. Bera dokumentazio horretaz arduratzen zen. Nafarroako gazteluetan aditua da, eta dokumentazioa bazeukan. Ez asko, egia esan. Badira historialariek egindako zenbait artikulu gaztelua nolakoa zen azaltzen dutenak. Dokumentu horiekin XIII. eta XVII. mendeetako interpretazio bat egin genuen. Gazteluaren azkenengo etaparen ziurtasun gehiago dago, informazio gehiago zegoelako. Baina aurrekoekin arazo bat zegoen: Erregearen dorrea bezala ezagutzen dena, gaur egungo herria begiratzen badugu, defentsa dorre baterako arraroa zen toki batean gelditzen delako. Orduan, erliebe mapa begiratu genituen eta Vianako hirigintza begiratu genuen, eta ondorioztatu genuen sortzez herria askoz txikiagoa zela, eta Logroñora begira dorre hau zegoela, beranduago gazteluaren parte izango zen. Beste aldean San Pedroko eliza dago eta elizaren dorrea oso handia da. Vianako herria planoan ikusita laukizuzen bat da, eta babestuagoa egoteko harresi bat eraiki zuten gazteluaren aurrean. Orduan, hiri hori sortu zen. Eraso asko jasan zituen, eta zati bat behera joan zen eta harresien inguruan gehiago eraiki zuten. Batzuetan erdi aroko gazteluak irudikatzen ditugunean lau dorreekin eta babes harresi batekin, ez da guztiz egia. Gainak baliatzen zituzten herriak eta gazteluak egiteko. Erasoekin herria suntsitu zutenez, hasierako laukizuzen hori zabalduz joan zen, dorre hori atzean geldituz. Interpretatu duguna da XIII. mendean dorrea iskin batean zegoela eta inguruan herria sortu zela. Zati hori ez dugu oso argi, ez dagoelako dokumentaziorik. Kontrastatzeko georradarra erabiltzea eskatu genuen, baina esan ziguten hormigoiarekin oso zaila zela zerbait ikustea. Beraz, horrela gelditu da. Etorkizunean plazan obrak egiten badira eta harresiaren arrastoren bat topatzen badute, eguneratuko dugu.

Non ikus daiteke berreirakuntza hori?
Hori beste gai garrantzitsu bat izan zen. Jendearengana modu errazenean iristeko begiratzen egon ginen. Izan ere, badira toki asko aplikazioak deskargatzeko eskatzen dutenak, eta orduan tokiaren konexioaren arabera eta telefonoaren edukieraren arabera, jaisteko arazoak sor ditzaketenak. Jendea tokian bertan deskargatzen saiatzen da, minutu batzuk bertan egoten da, eta azkenean deskargatu gabe joaten da. Esaterako, Tarragonako bidai batean horrelako aplikazio bat zuen toki batean egon nintzen eta deskargatzen zituen datu kopurua izugarrizkoa zen. Aplikazioa deskargatzeagatik agian 400 mega ziren, eta informazio bat deskargatzen zuen bakoitzean gehiago jaisten ziren. Guztira, bi giga inguru deskargatzen ziren. Telefono askok ezin dute edukiera hori hartzeko aukera. Hori ekidin nahi genuen eta aurkitu duguna web zerbitzari batean jartzea izan da. Jendeak QR bat irakurtzen du eta zuzenean nabigatzailean webgune bat irekitzen da. Bertan dago programa guztia eta telefonotik zein ordenagailutik ikus daiteke.


Vianako gazteluko arma patioaren berregite birtuala. UTZITAKOA

Interneta behar da.
Hori da, bai. Dena den, Internetik gabe konektatzeko aukerak badaude ere. Proiektu hau herriaren erdigunean zenez ez dago kobertura arazo handirik eta horrela egin genuen. Baina beste proiektu batzuetarako beste aukera batzuk ikusten ari gara. Baina, esan bezala, honetan webgune batetik ikusten ari zara eta beraz ez duzu ezer deskargatu edo gordetu behar.

Orduan, bertara joaten zara, QRa irakurtzen duzu, eta zer ikusten da?

"Plataforman hiru garai desberdinetan Vianako gaztelua nolakoa zen ikusten da"

Bertatik ikustea hobe da, tokian bertan zaudelako, baina irekia da eta edozein tokitik ikus daiteke https://www.oneira3d.org/ Viana/ webgunearen bidez. Lehenengo portada batean sartzen zara eta azalpenak agertzen dira; plataformatik nola mugitu zaitezkeen agertzen da. XIII., XVII. eta XXI. mendeetatik mugitzeko aukera dago. Vianaren kasuan bideoak egin ditugu ere. Bertan pertsonaia historiakoak agertzen dira, kroma batean grabatu genituen eta gero errekreazioetan sartu. Mapa batera iristen zara eta hiru puntuak agertzen dira. Berez plazan hasteko pentsatuta dago, eta bertan bukatzeko. Lehenengo gauza 360 graduko gaur egungo plaza ikusten da. Eskuinaldean nahi duzun garaia aukera daiteke eta klikatzean aukeratutako garaiaren irudia agertzen da eta mugitzen joan zaitezke. Telefonoa mugituz edo behatzekin mugituz ikusi daiteke. Gauez ikusteko aukera dago, eta garaira girotua egotea nahi izan dugu ere: musika eta soinua sortu dugu. XIII. mendera joaten bagara, lehen esan bezala, interpretagarria da. Beste tokitara mugi gaitezke, harresien kanpoaldea izango zitekeena, eta bertatik nolakoa zen ikusi. Hiru garaiak ikus dezakegu konparatzeko, eta baita gaur egun zer gelditzen den ikusteko ere.

Ekoizpen handiko lan bat da, ezta?
Ni 3D modelatuaren eta aplikazioaren muntaiaren arduraduna izan naiz. Bideoak ere editatu ditut. Lau bideo dira eta ibilbidean zehar ikusteko pentsatuta daude. Hau da aplikaziotik atera behar zarenzati bakarra. Youtubera bideratzen zaitu, kalitatezko bideoak jartzeko aukera bakarra zelako. Plataforman bertan bideoak sartzea pentsatu genuen, baina karga izugarri handia zen. Bideoetan berreraikuntza digitala agertzen dira eta pertsonaia batzuk. Hasieran plataformaren azalpenak ematen dituzte eta gero pertsonaia historiko garrantzitsuenak agertzen dira, gazteluarekin zerikusia izan zutenak. Antxo VII. Erregea, esaterako, XIII. mendean. Pertsonaia bakoitzak bere garaia azaltzen du. Gidoia publiko guztiendako pentsatuta dago. Beste aplikazio batzuetan agian historiari garrantzia gehiago eman diote eta zerbait espezializatuagoa da, baina kasu honetan dibulgatiboagoa egin nahi izan dugu. Ez dira bakarrik pertsonaia nagusiak ateratzen, baizik eta atzeko jendea eta abar ere agertzen da: jendea hitz egiten, lanean, soldaduak…


Vianako gazteluaren berregite birtuala eta bideoaren une bat. UTZITAKOA

Bisita teatralizatu birtuala egiten dute.
Bai. Bideo bakoitzak mapa batekin amaitzen da hurrengo puntura joateko eta, azkenean, hasierako puntura eramaten zaituzte. Beste puntu batean, beste garai batean, Cesar Borgia ateratzen da, esaterako. Cesar Borgiaren pertsonaiarekin suntsituta gelditu nintzen. Alejandro VI. Aitas Santuaren semea zen, Borgia familia ospetsuetako bat. Vianan egon zen nafar ejerzitoaren gidaria zelako. Historiaren une batean Leringo kondeak Larraga, Mendabia eta Viana hartu zituen, Gaztelaren konkis taren aurretik, eta Cesar Borgiari hartutako herriak berreskuratzeko eskatu zioten. Larraga sitiatu zuen eta Viana herria berreskuratu zuen, baina ez gaztelua. Horrek esan nahi du gazteluak babes handia zuela. Orduan, gaztelua sitiatu zuen. Baina Mendabiatik janariak sartu zituzten eta gau batean Cesar Borgia traidoreen bila joan zen eta eraso batean hil zuten. 31 urte zituen, nire adina, eta horregatik harrigarria iruditu zitzaidan. Ejerzito baten gidari izatea eta hain modu tontoan erailtzea. Orduan, bideoan bere istorioa kontatzen du, eta desagertzen da. Oso polita iruditu zitzaigun. Viana bakarrik gelditzen da istorioarekin jarraituz. Anek egin ditu gidoiak. Historialaria eta kazetaria da, oso lan ona egin du. Beste pertsonaia bat ateratzen da, 1950ko alkatea. Egia esan, plataforma nola egin pentsatzen hasi ginenean ez zela batere erraza pentsatu genuen, baina behin garatzea lortu genuenean, non egin zitekeen pentsatu genuen. Vianan zerbait oso berritzailea egin dugu, bereziki webgune bat delako.

Zer harrera izan du?
Abenduaren 1ean aurkeztu genuen eta lehenengo astean, abenduko zubiarekin bat egiten zuela, bost egunetan 300 bat bisita izan zituzten bideoek eta webguneak pixka bat gehiago. Ikusten duguna da aplikaziora sartzen den jende guztiak ez dituela bideo guztiak ikusten. Ibilbidea egiten joaten bazara, gutxi gora behera ordu bateko iraupena du. Zonaldeari buelta eman, gelditzea, bideoak ikusi… Oraingoz ibilbidea txikia da, baina helburua herriko beste puntu batzuekin zabaltzea da. Gidoia eta bideoak moldatu, eta beste puntu batzuekin handi daiteke.

Zenbat denbora behar da horrelako zerbait egiteko?
Vianako kasuan, eta gauza gehiago sartzeko aukera dago, gutxi gorabehera urte batean egin dugu. Bideoak izan dira, agian, konplexuena. Aurreko urteko martxoan edo apirilean hasi ginen hitz egiten, lehenengo proba Madrileko Fiturren aurkeztu genuen, maiatzean. Oso oinarrizkoa zen, garai bateko errekreazioarekin eta plataformarekin nondik norakoak azaltzen zituen. Uda osoan lanean jarraitu genuen, eta abenduaren 1ean aurkeztu genuen.

Proiektu berriak martxan dituzu?
Nafarroako beste bi herrirekin kontaktuan ari gara. Duela gutxi hasi gara, eta dokumentazio lanarekin hasi gara. Kasu batean dokumentazio asko dago, Vianaren kontrakoa. Vianako kasuan nik modelazioa eta proiektuaz arduratu naiz, baina hurrengoetarako lan karga guztia ez eramateko modelatzaile talde bat bilatu dugu, eta nik ere modelatuko dut. Horrela lan batean baino gehaigotan batera lan egin dezakegu.

Zein toki gustatuko litzaizuke birtualki berregitea?
Asko dira. Ezagutzen ditudan tokietatik politenetarikoa iruditzen zaidana paisaia aldetik eta tokiagatik Iruritako gaztelua da. Ibarreko gehien gustatzen zaidan tokietako bat da. Baina horrelako zerbait jartzeko pixka bat zaila da, azkenean jendeari igoarazi behar diozulako, eta ez da guztiz erraza. Baina lekuari diodan estimuagatik puntu polita izan zitekeen. Edo Irurtzungo Aixita gaztelua. Toki handienetarako joaten bagara, Numanciara joko nuen. Zimenduetan dago. Dena aterata dago eta ikus daiteke. Bertan erromatarren eraso guztia egin zitekeen, hiria berregin… Baina toki eta gaztelu asko daude.

Arkitektoa eta 3D diseinuak egiten dituzu. Baina historia ere asko ezagutu behar duzu, ezta?
Historia izugarri gustatzen zait. Prozesu guztia gainbegiratzen egon naiz, eta dokumentazio oso handia dagoen tokietan talde bat arduratuko da ere ikertzen eta interpretazioak egiten. Lekua nolakoa zen ahalik eta modu fidelenean ateratzea da helburua. Anekdotaren bat ere bilatuko ditugu, bideoetan jartzeko. Lan oso zorrotza da, eta jende gehiago inplikatuko dut. Arkitektura egin nuen, arkitektoa naiz, 3D diseinuak egiten ditut, baita eraikinak diseinatzen ditut ere, eta aurten, gainera, UNEDen Historia graduan matrikulatu naiz. Zaletasun bezala, txikitatik gustatzen zait eta pixkanaka egiten joateko.