Zazpi iturmendiarrek osatzen dute aurtengo kintada: Izaro Goikoetxea, Igor Goikoetxea, Gorka Rubio, Iraitz Lopez de Zubiria, Izaro Sukia, Irune Goikoetxea eta Julen Guerrero. Baina haiekin batera bi urte zaharragoak eta gazteagoak diren kintadetakoak ere izanen dira. Beraz, Iturmendiko kinto segizioa aurten 22 gaztek osatuko dute.
Asteburukoa ez dute kintoetako aurreneko egitekoa. Urte zaharreko gauerdian etxez etxe Ur goiena, ur barrena kantua abesten aritu ziren. Eta, horrekin batera, eskean. Joan den urtean pandemiagatik kinto ospakizunik ez zenez izan, dagoeneko 2020ko eta 2021eko kantu eskeetako dirua parrandarako dute gordea.
Kinto ospakizuneko protagonistak gaur arratsaldean elkartuko dira. Santa Ageda bezpera izanik, 18:30etik animazioa izanen da herrian (txokolate jana, koplak kantatu eta pintxo potea). Gaua sartuta dagoenean Aritzaga elkartean haiek prestatutakoa afaltzera eseriko dira. Pandemia ez zabaltzeko araudia betez, elkartean 01:00etaraino egonen dira.
Larunbatean kinto segizioa 10:30 aldera elkartuko da elkartean, guztiak baserritarrez jantzita. Hamaiketakoa prestatu eta tripako zuloa berdindu ondoren, kalera aterako dira kinto eskean aritzeko. Etxez etxe ariko dira eskean, eta kalejiran zehar opatzen dituzten ibilgailuak ere geldiaraziko dituzte, parrandarako dirulaguntza eskatzeko. Eskuzabal jokatzen duten iturmendiarrei, esker onez, kintoek moskatela eta pastak eskainiko dizkiete. Batetik besterako ibilian herriko trikitilari eta pandero joleak izanen dituzte lagun.
Egitekoak despedituta, kintoek Aritzaga elkartean haiek prestatutakoa bazkalduko dute. Herrian 19:00etaraino izanen dira, orduan Altsasura joko baitute, hango kintoak dantzatzen ikustera. Pandemiaren kontrako neurriengatik ostalaritza 01:00etan itxi behar dutenez, kinto iturmendiarren asmoa da larunbatean Altsasun afaldu beharrean, osasun egoerak hobera egitean sagardotegi batera joatea. Kinto ospakizunak despeditzeko, gazteak domeka arratsaldean elkartuko dira eta pintxo-merenduaren ondoren, Altsasun kintoak dantzan ikustera joanen dira.
Iturmendiko zortzikoa
Rubiok azaldu duenez, Iturmendik berezko dantza du, eta Santa Agedan dantzatzen omen zen. “Herriko batzuk badakite dantza egiten, eta gazte batek musika partitura du”. Kintoak argitu duenez, dantza berreskuratzeko asmoa dago. Saiakeraren bat ere izan zen duela bi urte edo. Kinto ospakizunen ondoren dantza dakitenekin hitz egiteko elkartu eta gaia mugitzen hasi nahiko lukete.