Garai batean, Iturmendi ondoan, bazegoen herrixka bat, Aitzaga deitutakoa. Gaur egun, herri haren aztarna bakarra eliza da: Aitzaga Andra Mari ermita. Imanol Arbizu Iturmendiko alkateak iturmendiarrendako "txoko berezia" dela esan du, batez ere udan: "Gaztetan etortzen ginen bai gu bai gure aurreko gazteak. Egia esan, orain gutxiago etortzen dira gazteak".
Bizikletan "buelta bat" ematera joaten ziren, eta ermitaren inguruan jolasean, baloiarekin eta kartetan aritzen ziren. Merendatzera ere joaten ziren. Ibaia ondoan dagoenez, bainatzen ziren eta "lasai-lasai" ibiltzen ziren". Oraingo gazteak ez direla hainbeste joaten eta "pena" ematen dio Arbizuri. "Baten bat etortzen da, baina ez da gu bezala". Oroitzapen politak etortzen zaizkio. Oraindik ere, noizean behin, udan, kuadrillarekin joaten dela azaldu du: "Azkeneko urteetan etorri izan gara, baina egia da urte asko etorri gabe egon garela. Esaten dugu: goazen Izarara! Eta merendua ekartzen dugu". Izara deitzen diote Aitzaga ermitari. Beste hainbat modutara deitu izan zaio ere. Dokumentuetan Aycaga, Huecaga, Eitzaga, Izaga eta Icaga agertzen da, eta herritarren artean, Aitzaga, Aizara edo Aizaga.
Abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren egunean, meza egiten dute ermitan. Urtean irekitzen duten aldi bakarrenetarikoa da. Ezkontzak ospatu izan dituzte bertan. Barrutik "ongi" dagoela esan du Arbizuk, "zainduta". Barruan Ama Birjinaren irudia dagoela eta goian koro antzeko bat duela azaldu du. "Okerrena argi gutxi duela da".
"Galtzadaren bidea zirkularra da, baina bidetik herrirako bidean ermitatik pasatzen zara"
Ermita oinez herritik hamar edo hamabost minututara dago, eta galtzadaren bidea ere nahiko gertu pasatzen da. "Galtzadaren bidea zirkularra da, baina bidetik herrirako bidean ateratzen zarenean hemendik pasatzen zara".
Erdi Arokoa
Aitzaga ermita haitzez inguratutako muino baten gainean dago, Burunda ibaitik metro gutxira. Erdi Aroko eraikina da, erromanikoa, eta bertan egondako herrixkaren eliza izan zen, XI. edo XII. mendetik XIV. mendera amaierara arte. Mende horretan izandako etengabeko gerra eta harrapakeriengatik Burunda aldean zeuden hamazazpi herrietatik XV. mendean sei herri finkatzera pasa ziren: Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordia. Aitzaga ermita lehen aldiz 1196ko Leireko monasterioko dokumentu batean aipatu zuten.
Balio artistiko handia duen ermita da. Haraneko erromaniko estilokoa da. Gaur egun, ez da estilo honetako eraikin askorik geratzen. Ermitaren barruan zegoen XII. mendeko bataiarria Iturmendiko elizara lekualdatu zuten. "Herri bateko eliza zenez Aitzaga, bataiarria zeukan". Ermitako zenbait kapitel erromaniko parrokia etxean gordetzen dira.
Etorkizunera begira, beldur dira iturmendiarrak; izan ere, proiektuaren arabera, "agian AHTa ondo-ondotik" pasatuko da. "Ez dakit guztiz egia den, baina agian desagertzeko arriskuan dago baseliza". Susmoa baino ez da, baina "pena" izango litzatekeela aitortu du Arbizuk. "Toki hau oso polita eta berezia da".