Berrehun urte atzera eginez

Erkuden Ruiz Barroso 2022ko aza. 2a, 14:09
'Dos Pelos' eta bere soldaduen fusilamenduaren birsortzea Erregengurutzen. UTZITAKOA

1822ko urrian Sebastian Fernandez de Lezeta 'Dos Pelos' koronelaren eta bere soldaduen fusilamendua izan zen Iturmendiko Erregengurutzen. Bigarren mendeurrenean gertatutako gogora ekarri zuten Mandazainen Egunean.

"Viva La Pepa!". Fusil tiro bat. "Viva el Rey!". Beste tiro bat. Larunbatean Iturmendik iraganera bidaia egin zuen eta tarte batez hiru urteko liberalean bizi izan zuen. Burundako herrian Mandazain Eguna izan zen, eta ospakizuna baliatuz duela berrehun urte mandazainek erabiltzen zuten Bernoako galtzadan izandako Sebastian Fernandez de Lezeta Dos Pelos koronelaren eta bere 105 soldaduen fusilamenduaren bimendeurrena gogoan izan zuten gertakizunaren birsortzea eginez. 1813ko Gasteizko Batailako Historia Birsortze Elkarteko zenbait kidek berpiztu zituzten liberal konstituzionalen eta erregezaleen soldaduak. Bi birsortze egin zituzten, alde batetik, Erregengurutzen, Bernoako galtzadan, fusilamenduarena eta, bestetik, plazan Dos Pelos koronela eta soldaduak Deikazteluko elizan ezkutatu zirenean, baina azkenean preso hartu zituztenean.

1813ko Gasteizko Batailako Birsortze elkarteko kideak Iturmendin izan ziren

Nicolas Arbizu Gabirondo iturmendiarraren ideia izan zen. "Bera izan zen ideiaren sustatzailea eta errealitate bihurtu zuena". Asier Merino 1813ko Gasteizko Bataila Birsortze Historikoaren Elkarteko kidea da, eta Iturmendin egun "oso polita" pasa zutela esan zuen. "Nicolas gurekin harremanetan jarri zen Ulibarri Haranan, Dos Pelos jaio zen herrian, antzeko errekreazioa egin genuelako eta berak ikusi zuen. Nola egin genuen gustatu zitzaion, gogoratu zen, eta gurekin kontaktatu zuen". Iturmendin elkarteko hamar bat birsortzaile egon ziren. Arbizuk Dos Pelos koronelaren eta bere soldaduen fusilamenduaren inguruko informazioa eman zietela esan du Merinok. "Gu birsortzaile historikoak gara eta historia eta dokumentatzea gustatzen zaigu". Aurretik historialariarekin Erregengurutzen, fusilamendua izan zen tokian, egon zirela aipatu du ere, "istorioa ahalik eta hoberen kontatzeko".

Bizitzera ekarri
Birsortzaile Historikoak historia zaleak dira, eta garai bateko arropa, osagarriak eta arma erreplika "zehatzak" janztea eta erabiltzea gustatzen zaie. "Gauza hauek pertsonalki eta neurrira egitera eskatzen dugu, gaur egun ezin direlako aurkitu berrehun urte baino gehiagokoak direlako, jakina". Gertaerak bisortzea "izugarri" gustatzen zaiela esan du Merinok: "Birsortzeak berriz sortzea esan nahi du, hau da, iraganeko garaiak bizitzera ekarri". Garai horietan nola bizi ziren, nola jaten zuten eta abar ezagutzeko ikasten eta dokumentatzen dira. "Historiaren hori guztia gustatzen zaigu. Historia berriz bizitzea eta jendeak horri buruz galdetzea. Guk azaltzen gogotsu azaltzen dugu".

Iturmendin historia lezio azkarra eskaini zuten birsortzearen ondoren: armak nolakoak ziren, nola funtzionatzen zuten... Esaterako, hiru urteko liberaleko garaian fusilak ez ziren batere fidagarriak, eta bi metrora baino urrunago botatzean, "agian bati eman nahi zioten, eta ondokoari ematen zioten". Tiro egiteko, bolbora pixka bat sartu behar zuten kolpekariaren ondoan dagoen pieza batean sartu, eta berunezko bolak tiratzen zituzten. Garai horretan soldaduek janzten zuten arropa, eta elkartekoek janzten zutena, kotoizkoa zen, "gogorra", bolbora botatzen txinpartak sortzen zirelako eta kotoiak hobe irauten zuelako. Zenbait datu gehiago eskaini zieten bertaratukoei.

"Bakoitzak badu bere istorioa. Nire kasuan historiaren zale amorratua naiz bizitza osotik; betidanik gustatu izan zaidan gauza bat da". Belgikatik bidai bat egiten ari zirela, Waterloo batailaren bigarren mendeurrenaren berregitea ikusteko aukera izan zuen, "harrigarria izan zen, milaka birsortzailek parte hartu zuten. Pentsatu nuen gustatuko litzaidakeela hor behean egiten ari zirena egiten egotea; horrelako batean parte hartzea". Merinok Gasteizko elkartea aurkitu zuen, haiekin harremanetan jarri zen, "eta gaur egun arte, barruraino sartuta". Elkarteko beste kide batzuk aurretik dituzten zaletasunagatik iritsi direla azaldu du: "Badago miniaturak egiten dituztenak. Berunezko figurak margotuz eta margotuz ibili ondoren figurak bezala janztea eta abar erabakitzen dutenak".

Birsortzeak
1813ko Gasteizko Batailaren Birsortze Elkarteak urtean hamalau edo hamabost berregite edo ekimen egiten dituztela esan du Merinok. "Denek ezin dugu guztietara joan bakoitzak badugulako gure lanak, familiak eta abar, baina hamabost irteera inguru egiten ditugu, lasai asko". Horietako batzuk haiek antolatzen dituzte, "gureak dira"; eta beste batzuk zaletasun berdina dutenen topaketak dira. "Jende askok ez duen zaletasun bat denez, toki desberdinetako elkarteek ekimen handiak antolatzen dituzte, eta beste elkarteei deitzen digute joateko". Jaialdi antzekoak dira. "Edukiera zenbaki oso handiekin mugitzen dira". Espainiako Estatu osotik mugitu dira, eta atzerrian ere egon dira: "Ekimen horien aurrekontuaren araberakoa izan ohi da, baina ehun eta laurehun artean biltzen gara askotan". Datorren urtean, 2023an, Gasteizko Batailaren 110 urteurrena oroitzeko nazioarteko birsortzen bat antolatu nahi dute, eta mundu osoko 300 edo 400 birsortzaile eramaten saiatuko direla azaldu du Merinok.

Izenak dioen bezala, 1813ko Gasteizko Batailaren Birsortze Historikoaren Elkartea Arabako hiriburuan izandako batailaren bigarren mendeurrenaren harira sortu zen. 2014an elkarte moduan izendatu zuten eta 50 bat bazkide dira, "baina birsortzaileak 25 bat gara. Besteek boluntarioki laguntzen dute". Elkartean "edozeinek" izena eman dezakeela azaldu du: "Ez dugu adin tarterik; adin txikikoak ere baditugu, beste paperekin, hau da, rol zibilak egiten dituztenak, emakumezkoak ere daude". Elkartea "publiko guztietara" irekita dago, eta jendea probatzera animatu du Merinok: "Probatu dezatela eta gustatzen bazaie informazioa eskatzeko. Irekiak gaude".

Lau mende
Elkartea Gasteizko Batailaren bigarren mundeurrenaren harira sortu zenez, hasiera batean Napoleondar garaia jorratzen zutela azaldu du Merinok: "Independentzia gerra Gasteizko batailan zentratuta". Urteak pasa ahala garai gehiago hartzen joan direla esan du. "Orain bolbora beltza bezala ezagutzen den etapa hartzen dugu, Berrezarkuntzatik, bolbora Europara iritsi zen garaitik, XIX. mendeko erdialdera arte, Karlistadak eta Amerikako Gerrara arte". Lau mende hartzen ditu elkarteak.

Normalean birsortzaileek garai desberdinetako arropa, materialak eta gauzak eta armak dituzte, toki bakoitzean "berpiztu" nahi den garaia berregin ahal izateko: "Iturmendin esaterako hiru urteko liberala garaiko gertaera bat zen; beste toki batzuetan Napoleondar garaia izan daiteke edo Lizarrako Karlistadak, esaterako". Udan Burgosko Lerman egon ziren nazioarteko "ekimen nahiko handi" bat egin zutelako, Flandesko tertzioak birsortu zituzten, eta elkarteko zenbait kide joan ziren. "Guztia bezala, bakoitzaren ahalmenaren araberakoa da. Badago jendea garai guztietako jantziak izan ditzakeela horrelako ahalmena duelako, eta beste batzuk pixkanaka joaten dira lortzen".

Erabiltzen dituzten arropak neurrira egiten dizkiete. "Baditugu jostunak kontratatutak, baita larru artisauak ere". Internet bidez ere "gauzak" lortzen dituztela esan du, "gaur egun oso tresna baliagarria da, egia esan. Frantziako eta Belgikako artisauekin harremanetan jartzen gara". Pieza batzuk "oso esklusiboak" dira eta eskuz egiten dizkiete. Armak ere gaur egun armagileek eta fabrikek garai bateko berregite "oso errealak" egiten dituztela azaldu du, "garai horretakoak bezalakoak". Segurtasun probak egiten dizkiete. "Egiazkoak dira, tiro zelaira joaten gara eta armak ditugunok derrigorrez arma lizentzia izan behar dugu". Berunezko bola bat sartzean tiroak "aberia" handia egin dezake. "Federatutako tiro zelaietan probak eta praktikak egiten ditugu". Birsortzeetan bolbora sartzen dute bakarrik, eta eztanda egiten duen arren, ez dute bolarik botatzen. "Esperientzia pasada bat da. Benetan sentitzen duzu soldadu horiek bataila baten erdian sentitu behar zutena, eztandekin, kea...".

Birsortze bat dela, "antzerki bat", eta aurrean dagoena lagun bat dela "eta ez arerio bat" argi duten arren, "badira momentuak ekimenaren erdian adrenalina oso handia dela eta paperean asko sartzen zarela". Horrek "harrapatzen" dituztela azaldu du: "Gure arteko kamaradaeria, ekimenaren ondoren bazkaltzera elkartzen garela. Badira asteburuko ekimenak ere su baten inguruan elkartzen garela eta garai horretan bezala kanpatzen dugula". Publikoarendako politena birsortzea bera bada ere, "beste horrek guztiak da erakartzen gaituena ere". Toki desberdinetan "beti berdinak" elkartzen direla azaldu du, "eta politena da toki guztietako lagunak egin ditugula".

Familiartekoa
Birsortze historikoak egitea ez da ohiko zaletasun bat. "Esan nienean lagunek flipatu zuten. Ikusten gaituzten bakoitzean oso ongi dagoela esaten digute, baita zer gauza arraroak egiten ditugun ere". Familiari dagokionez hasiera batean emazteari "ez zion ilusio handirik egin", baina gertu egoteko modu bat zela ikusirik, "nirekin janzten hasi zen eta orain ni baino sartuago dago. Harrigarria da". Batzuetan alaba eramaten dute ere, familiarteko zaletasun bat dela egiaztatuz. "Gurekin eramaten dugu eta berarentzako kanpaleku bat bezala da, izugarri gustatzen zaio arraro janztea badakielako joaten garen tokira joaten garela atentzio zentroa izango dela. Oso gustura gaude".

Birsortzeak antzerkiak baino zerbait gehiago badirela azaldu du Merinok: "Aktoreek gidoia ikasten dute, eta interpretatu behar duten papera ahalik eta hoberen egiten saiatzen dira, dramatizatzen. Gu zaleak gara. Ez dugu bakarrik paper bat interpretatzen, badakigu pertsonaia hori nola sentitzen zen momentu horretan, badakigu zer jaten zen garai horretan, nola hitz egiten zen, nola pentsatzen zen...". Birsortzaileek pertsonaiak berpiztu egiten dituzte, "bizitzara berriz ekarri".

"Historiaren zaleak gara, eta gertatutakoa bizitzera ekartzen dugu berriro"

Ikusten ez den lan handia egiten dute. "Gu historiaren zaleak gara eta dokumentatzen gara. Bilerak egiten ditugu ikasitakoa eta aurkitutakoa komentatzeko". Neguan ekimen gutxi egiten direnez, entseatzeko eta entrenatzeko elkartzen dira ere. "Normalean XIX. mendeko unitate militarrak birsortzen ditugu, eta soldadu bat egitea nahiko erraza da, baina unitate oso bat egitea, guztiz koordinatuta, mugimenduekin eta ordenekin... Nahiko entseatzen dugu". Zale bezala ordu asko eskaintzen diotela azaldu du Merinok.

Gertaerak
Sebastian Fernandez de Lezeta Dos Pelos Ulibarri Haranan, Araban, jaioa zen eta liberala zen, Espoz y Minaren konfiantzazkoa eta hamar urte lehenago indarrean sartu zen Kadizko Konstituziaren alde borrokatzen zuen. 1822ko urrian Dos Pelos eta bere 125 bat soldadu Fernando Zabala erregezaleen tropatik ihesean ari zirela Deikazteluko elizan sartu ziren. Erregezaleek ateari su eman zioten eta itota ez hiltzeko Dos Pelos eta bere soldaduak atera ziren eta preso hartu zituzten. Preso zirela Lizarratik Etxarri Aranatzera joan ziren, eta Bernoako galtzada hartuta Iturmendira iritsi ziren. Presoak oso nekatuta zeuden eta eseri ziren, atzetik konstituziozaleak zetozen eta laster harrapatu behar zituzten, Dos Pelos eta bere konpainiako soldaduak, beraz, karga bat ziren eta Zabalak fusilatzea erabaki zuen gaur egun Erregengurutze deitutako zonaldean, lehen Ibarbetz. Nicolas Arbizuk beronezko balak aurkitu zituen bertan.

'Dos Pelo's-en eta bere soldaduen fusilamenduaren bi pasarte birsortu zituzten

1813ko Gasteizko Batailaren Birsortze Elkarteak Dos Pelos koronelaren eta bere soldaduen fusilamenduaren eguneko bi pasarteak berregin zituen: Erregengurutzen fusilamendua eta plazan Deikaztelun preso hartu zituztenean. "Basoan hor benetan gertatu zena birsortu genuen, triskantza bat izan zela. Hori berregiten saiatu ginen, jende gutxiagorekin, baina modu fidelean". Erregezaleak konstituziozaleen troparen ihesean basoan nola sartu ziren eta presoak eramateak asko kostatzen zitzaiela erakutsi zuten, "bertan erail zituzten arte". Batzuk ihes egitea lortu zuten. "Plazan, fusilamenduaren birsortzea ez errepikatzeagatik, izan ere, basoan egon zen jende asko herrian zegoen ere, Sebastian Fernandez de Lezetaren harrapaketa birsortu genuen". Iturmendiko udaletxea, beraz, Deikazteluko eliza bihurtu zen, eta atea ezin zenez erre "parlamentua" egin zuten; hau da, Dos Pelosek bandera txuria atera zuen. Amaiera, aldiz, fidela izan zen: fusilatuak izan ziren.

Mandazainen Eguna
2022ko urriaren 22ra bueltan, eta efemeridadearekin batera, Iturmendin Mandazainen eguna ospatu zuten. Mandazainak Burundako ogibide oso garrantzitzua izan zen XVI. mendetik XIX. mendeko lehenengo hamarkadetara arte. Garaiko garraiolariak ziren. Mandoez tiratutako gurdietan herriak hornitzen zituzten: olioa, gatza, ardoa... Barnealdetik kostaldera joaten ziren, eta kostaldetik itsasotik ekarritako gauzak barnealdera garraiatzen zituzten, bereziki txokolatea, kafea, tabakoa eta espezieak, Nicolas Arbizuk azaldu zuen bezala. Burundako Mandazainak liburuaren egia da historialaria. Mandazainak Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Iturmendi artean dagoen eta berreskuratzen ari diren Bernoako galtzadatik pasatzen ziren. Iturmendiren kasuan hiru bat kilometro berreskuratzeko daudela azaldu zuen Arbizuk.

Iturmendiko Mandazain Egunean Burundako San Anton kofradiek parte hartu zuten

San Anton kofradiak mandazainekin harreman estua dute eta Iturmendin Bakaikuko, Urdiaingo eta Iturmendiko kofradietako ordezkariak egon ziren. Bakaikuko Xabier Goikoetxea-Ziordiak kofradiaren lehenengo liburua eraman zuen, 1715koa; Urdiaingo Josu Lanas kofradiako maiordomoak bandera eraman zuen, baita Iturmendiko Javier Junguituk kofradiaren 1690ko bandera atera zuela. Zaharberrituko duen profesionalik bilatzen ari dira. Iturmendira ere Ulibarri Harana Dos Pelosen jaioterriko, alkatea Fernando Orbiso egon zen, baita koronelaren zenbait oinordeko: Fulgen eta Belen Fernandez de Lezeta eta Jesus Maria eta Samuel Mendiguren eta Eduardo eta Fernando Garcia de Bikuña. Iturmendiko udaletxean mandazainek erabilitako tresnen erakusketa "xumea" jarri zuten ere, egunean bertan bisitatu zitekeena. Ospakizuna aurrerago errepikatzeko nahiarekin sortu dutela azaldu zuen Imanol Arbizu Iturmendiko alkateak, "ez dakigu urtero, baina errepikatzea gustatuko litzaiguke".

Bernoako galtzada balorean jartzea zen Mandazainen Eguneko beste helburuetako bat eta Dos Pelosen fusilamenduaren inguruko liburuxka bat saldu ez ezik, galtzadak osatzen duen GR323 ibilbidearen mapa bat banatu zuten ere. 64 kilometroko bidea da, bi etapa nagusiekin, hamaika bidexkekin eta ibilbide zirkularrekin ere.