Astekaria

Iñigo Galarza, rallyetan kantatzen jarraitzeko gogoz

Maider Betelu Ganboa 2023ko ots. 2a, 13:30

Iñigo Galarza eta Alvaro Gutierrez Nafarroako Asfaltoko Rally Txapelketako II. Klaseko kopilotu eta piloturik onenaren saria jasotzen, Olaztin. AVT

Iñigo Galarza Arregi iturmendiarra 2021ean hasi zen kopilotu, eta bere bigarren denboraldian Nafarroako Asfaltoko Rallyen II. Klaseko kopilotu onenaren saria jaso du, Alvaro Gutierrez bere pilotuak pilotu onenaren saria jaso zuen bezala

Ilbeltzaren 14an Olaztiko Kultur Etxeak Nafarroako Automobilismo Federazioak Sakana Motorsporten laguntzarekin antolatutako gala hartu zuen. Bertan 2022 denboraldiko Nafarroako automobilismo txapelketa ezberdinen sariak banatu ziren. Hiru Sakanan geratu ziren: Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketan monoplazen hirugarren saria Iker Palacios Andueza lakuntzarrarendako izan zen (BCR B52); Nafarroako Abiadura Txapelketako eskuderia onenaren saria Arakil Motorsportek jaso zuen; eta Asfaltoko Rallyen Nafarroako Txapelketako II. Klaseko kopilotu onenaren saria Iñigo Galarza Arregi kopilotu iturmendiarrarendako izan zen, bere pilotuak, Alvaro Gutierrezek (Saxo VTS), kategoria horretako pilotu onenaren saria jaso zuen bitartean. 

Iñigo Galarza Arregik 27 urte ditu eta Iturmendiko Santanekua etxekoa da. Sakana Group kooperatiban lan egiten du baina automobilismoa da bere zaletasuna. “Betidanik autoak eta motorrak gustatu izan zaizkit. Iturmendin zaletasun handia dago. Txikitatik lagunekin eta aitarekin Urbasako Igoerara joaten ginen”. 

Iñigo Galarza: "Hasieran guztia idazten nuen; egun, gehienbat sinboloak erabiltzen ditut"

Kopilotua da. Bere etxeko izena, Santanekua, sarritan agertzen da Alvaro Gutierrez pilotuaren autoan apaingarri (Saxo VTS), bestelako publizitate, binilo eta apaingarriekin batera. “Zergatik kopilotu? Pilotua izateko diru asko behar da eta, gainera, mekanikaz ez dakit. Niretako automobilismoan lehiatzea ametsa zen, eta baliabideen aldetik kopilotu izatea errazagoa da. Azkenean koadernoa eta arkatzak erosi eta apunteak hartzea da” dio irribarrez. Kopilotu izatea hori baino askoz gehiago dela ongi daki Galarzak, lan eta ardura handia baitute.  

Nafarroako 2022ko Asfaltoko Rallyen II. Klaseko kopilotu onenaren saria jaso zuen Galarzak Olaztin, lorpen handia, 2021ean kopilotu hasi zela kontuan hartuta. “Iruñeko lagun batek, aita Lizarragakoa duen Andoni Berastegik proposatu zidan. Rallyetako auto bat erostekotan zegoela, eta ea bere kopilotua izango nintzen. Eta animatu nintzen. Pentsatu nuen: ez badut orain egiten, ez dut inoiz egingo”. 

2021ean bi probetan parte hartu zuten Galarzak eta Berastegik, Urdazubiko Kontrabandisten Rallysprintean eta Lesakako Rallysprintean, biak Nafarroako egutegikoak. Andoni Berastegi pilotua aurretik mendi igoeratan aritua zen (igoeratan pilotuak bakarrik doaz, kopiloturik gabe), baina rallyetan lehenengoz aritu zen. Galarzarendako lehen lasterketak ziren, alde guztietara. Biek batera ikasi zuten. “Rallyetako notak hartzen ikasteko batzuk notak hartzeko ikastaroetara joaten dira, baina ni ez. Andoni eta biak elkarrekin hasi ginen rallyetarako prestatzen. Lasterketa bat jokatu baino aste bat lehenago eremua ezagutzera joaten gara eta notak hartzen ditugu. Pilotuak esaten duena apuntatzen dut nik” dio. 

2021, matxura eta istripua
Andoni Berastegi pilotuarekin mustu zen Iñigo Galarza kopilotua, Urdazubiko Kontrabandisten Rallysprintean. “Niretako Nafarroako Rallyrik zailena da. Luzeena, bihurgune askokoa eta zuloz betetakoa. Lehenengo mangan autoa apurtu zitzaigun. Eta kitto Kontrabandisten Rallysprinta. Hilabete eta erdira Lesakako Rallyra joan ginen eta han istripua izan genuen. Bi itzulipurdi eman genituen autoarekin. Ez genuen kalterik izan. 2021ean hor bukatu zen gurea” oroitzen du Galarzak. Gainera, pandemia zela, ez ziren lasterketa asko egon. Berastegik ez zuela autoa martxan jarriko eta ez zela rallyetan ariko esan zion Galarzari. “2022 urtean Malerreka eskuderiako Alvaro Gutierrez pilotuak deitu zidan, 2022ko Nafarroako Asfalto Gaineko Rally Txapelketa egin nahi zuela eta ea bere kopilotua izan nahi nuen. Esperientzia handia du, 19 urtetatik da pilotu. Nik aurretik bistaz ezagutzen nuen, eta baietz esan nion”. 

2022ko bere mailako pilotu onena
Galarza oso gustura ibili da aurten Alvaro Gutierrezekin. “Harreman ona dugu eta gehiena berarekin ikasi dut”. 2022 urteko martxoan Hondarribiko Bidasoa Rallyan parte hartu zuten, “elkar ezagutzeko, probatzeko eta notak nola hartu behar zituzten adosteko”, eta ondoren, apirilean, Olaztiko Rallysprintean lehiatu ziren, Nafarroako Txapelketarako baliagarria zen proban, eta “nahiko ongi” sailkatu ziren. “Sakandarra izanda bertako ibilbidea ezagutzeak laguntzen du. Nik Olaztiko Rallysprinteko ibilbidea banekien. Alvarok lehen aldiz parte hartu zuen, eta nik ia gehiena buruz kantatzen nion. Ongi ibili ginen”. 

Alvaro Gutierrezek hobekuntza egin zion Saxo VTS-ari. Abiadura-kaxa aldatu zuen, kaxa hobeagoa jarriz. “Nabaritu zen. Maiatzean Urdazubira joan ginen eta Kontrabandisten Rallysprintean ongi ibili ginen, gustura. Nafarroako Txapelketako sailkapen orokorrean, scratchean hirugarren sailkatu ginen, eta gure kategorian, II. Klasean, lehenengoak”. 

Uztailean jokatutako Irurtzun-Arakilgo Rallysprinta iritsi zen ondoren, baina zortea ez zuten alde izan, lehenengo mangan haizagailuak apurtuta gelditu behar izan zirelako, “eta lehen mangan gelditzen bazara, ez duzu ezer puntuatzen”. Lesakako Rallysprinta iritsi zen segituan, eta bertan ongi aritu ziren: Nafarroako Txapelketako sailkapen orokorrean hirugarrenak eta euren klasean lehenak. Hurrena irailean jokatutako Fiteroko Rallya zen, “baina proba hasi baino ordu erdi lehenago, rutometroa hartzera nioala, Alvarok esan zidan pilotu arropa ahaztu zuela etxean. Lagun batek ekarri zion arropa, baina rallya hasita zegoenez, ez genuen puntuatu. Halako despisteak ere, gertatzen dira” dio irribarrez. 

Iñigo Galarza: "Bigarren denboraldian kopilotu onenaren saria lortzea handia da"

Balorazio ona
Euren klasean lider izaten jarraitzen zuten, baina Fiteron puntuatu gabe Nafarroako Asfalto Gaineko Rally Txapelketa absolutua hankaz gora jarri zitzaien. Hurrengo proba, azaroan, Esteribar Rallysprinta zen. “Lehenengo mangan ongi atera ginen. Lurra bustia zegoen, baina hala ere gure kategoriako lehenak ginen. Bigarren mangan gogotsu atera ginen, gehiegi agian, eta kolpe tontoa izan genuen. Suspentsioak apurtu zitzaizkigun. Nafarroako Txapelketa absolutuagatik borrokatzeko aukerak despeditu zitzaizkigun, bosgarrenak ginelako. Baina gure klasean lidergoari eutsi genion”. Azkeneko proba azaro bukaeran jokatutako Malerrekako Rallysprinta izan zen. Gustura aritu ziren denboraldiko azken proban. Horrela, Nafarroako Asfaltoko Rally Txapelketa absolutuan bosgarren sailkatu ziren eta II. Klaseko irabazleak izan ziren. “Eta horregatik jaso genuen saria Olaztin. Nafarroako Txapelketa osoa egin dudan lehen urtea izateko, urte polita izan da, pozik nago” aitortu du Galarzak. 

Gutierrezekin jarraituko du
Aurki hasiko den 2023 denboraldian atzera ere Alvaro Gutierrezen kopilotu izaten jarraituko du Iñigo Galarzak, gustura. Denboraldi erdialdean hasiko omen dira, Gutierrezek autoko motorra desmuntatu eta Bartzelonara eraman behar duelako errebisatzera. “Helburua hasten garenetik ahalik eta hobekien aritzea da. Bestalde, asmoa dugu agian Asturias edo Kantabria aldera joatera, beste lasterketa batzuk probatzera”. Lasterketa berrietan aritzea erronka polita da. “Kopilotuendako hobe da. Pilotuak ez badute non dauden ezagutzen, kasu egiten dizute, baina eurek ezagutzen duten toki batean sarritan kopilotua kantatzen doa, baina berdin zaie (kar, kar...). Pilotu baten kopilotu izateak ez du kentzen beste pilotuekin aritzeko aukera. “Joan zen urtean Iñigo Arbizu iturmendiarrarekin Zaragoza ondoko lur gaineko rally batean aritu nintzen. Hori bai, aurretik Alvarori galdegin nion eta berak esan zidan ez zegoela inolako arazorik”. 

Lasterketetako notak gordetzen ditu Iñigo Galarzak. Agian zerbait aldatu daiteke urte batetik bestera, baina normalean lasterketetan aldaketa gutxi izaten dira. “Agian zuloak handiagoak dira, edo ibilbidearen zatitxo bat aldatzen da, eta moldaketak egiten dizkiogu aurreko notei”. Kopilotu batzuk tableta erabiltzen hasi dira, baina gehienek koaderno eta arkatzekin jarraitzen dutela dio Galarzak. 

Noizbait notetan akatsen bat egin duen galdetuta, irribarre egiten du. “Zubirin jo genuenean apuntatuta nuen “DERECHA 8 (hori azkar da), OJO FRENANDO IZQUIERDA 4), eta horren ordez izan beharko zen “EN DERECHA 8 OJO FRENANDO PARA IZQUIERDA 4”. Berdina dirudi, baina ez da. Dena den, errepidean gertatzen diren gauzak dira, eta hemen onerako eta txarrerako gaude”. 

Urbasako Igoera amets
Pilotua izan nahiko ote lukeen galdetuta noizbait Urbasako Igoeran parte hartzea gustatuko litzaiokeela aitortzen du. “Noizbait egun horretarako auto bat alokatu nahiko nuke, arantza hori kentzeko. 500 euro inguru lirateke, edo hortik gora. Kopilotuak kopilotu gisa federatzen gara automobilismo federazioan (180 euro urtean), eta pilotu aritzeko pilotu gisa federatu beharko nintzateke (350 euro, honek ere kopilotuendako balio du) eta eskuderia batekin atera beharko nuke lizentzia. Eta Urbasan aritzeko fidantza bat ordaindu beharko nuke. Lehen esan dudana, automobilismoa kirol garestia da. Auto bat erosi beharko nukeela esaten didate askok, baina nik erantzuten diet nahiago dudala Liburundan koadernoak erosi (kar, kar...). Dena den, nahiko nuke noizbait Urbasako Igoeran aritzea” espero du Galarzak. 

Sakanan zaletasun handia dagoela uste du Galarzak, batez ere Urbasako Igoeraren eraginez. “Urbasak jende mordoa erakartzen du, urte osoan autoei inolako kasurik egiten ez dien jendea barne. Iturmendiko haur eta gazteak urduri egoten dira Urbasako Igoera baino aste bat lehenago” dio.

Gurasoek eta etxekoek nahiko ongi hartu zuten Galarzaren zaletasuna. “Afaltzen geundela esan nien gurasoei, eta gogoan dut amak esan zidala lanera egunero joatea ere arriskutsua dela. Gurasoak lasterketa guztietara datoz, ez dute huts egiten. Baita lagunak ere. Eta gustuko dut. Familiak eta lagunak ikusteak ilusioa sortzen dit. Non kokatu behar diren baldin badakit, saiatzen naiz agurtzen, baina gehienetan ezinezkoa da”. 

Pilotu gehienek euren autoetan kamara dute eta lasterketak grabatzen dituzte. Gustuko dute gero ikustea, bai euren lasterketak eta baita besteenak ere. “Nik telebista ez dut gustuko. Gure bideoak ikusten ditut, eta Youtubeko eta bestelako lasterketak eta rallyak. Aurki Montecarloko Rallya hasiko da, eta Kataluniakoa eta bestelakoak ere jarraitzen ditut. Ildo honetan, Asturiasen eta Cantabrian zaletasun asko dago eta lasterketa asko izaten dira. Kuadrillarekin urteak daramatzagu FITOko igoera ikustera joaten”. Ivan Bajo kopilotu asturiarra oso gustuko du Galarzak, Bajok eta Manuel Mora bere ohiko pilotuak egiten dituzten lasterketak. “Oso gustuko ditut, euren bideo guztiak goitik behera ezagutzen ditut”. 

Olaztiko automobilismoaren galan ongi pasa zuen Galarzak. “Halako gala batean egoten nintzen lehenengo aldia zen, eta jende asko zegoen. Ez nuen pentsa horrenbesterako izango zenik. Ea beste noizbait saritu gisa errepikatzen dugun”. 

Notak kantatu
Rallyetan kopilotuak ibilbideko notak edo oharrak kantatzen dizkio pilotuari, eta ohar horiei kasu eginez gidatzen du pilotuak. Entonazioarekin garrantzia duten oharrak nabarmentzen dituzte. Kopilotuek erabiltzen dituzten nota edo sinboloek hizkuntza berezia osatzen dute. Galarzak aipatu duenez, gaztelera erabiltzen dute, “Izquierda eta Derecha norabideko hitzengatik. Notetan I eta D jartzen dugu, norabidea. Euskaraz eskuin eta ezker dira, letra berdina, E, eta nahasmena litzateke. Nik ezagutzen ditudan euskal pilotu eta kopilotuek gazteleraz egiten dute, bereziki horrengatik”. 

Bihurgune bat datorrela nola kantatuko lukeen galdetuta, “Izquierda 6, adibidez. Pilotu bakoitzak bere modura egiten du zenbakien graduazioa. Andoni Berastegik 1-etik (itxia) 6ra (zabala, topera) egiten zuen bihurguneen deskribapena, eta egungo pilotuak, Alvaro Gutierrezek, 1-etik 9-ra egiten du graduazioa. Bihurguneak gehiago zehazten ditu. Pilotu bakoitzak gauzak definitzeko bere modua du, eta kopilotuok euren moduari egokitu behar gara” argi du. Hasieran notak idatziz hartzen zituen. “Lehenengo lasterketetan dena idazten nuen, zuzenean irakurri eta kantatzeko, baina orain nota asko sinboloekin idazten ditut. Ziurtasuna izan arte guztia idazten nuen, sinboloak interpretatu beharrean. Adibide bat jarriko dut. O letrari gainean barra (/) jarrita, horrek OJO esan nahi du, eta ondoan FRN jartzeak FRENANDO esan nahi du. Hasieran OJO FRENANDO idazten nuen, guztia, eta orain sinboloa eta FRN. Denborarekin ikasten zoaz” azaldu du. Bihurgune oso itxiak direnak, frenatzekoak, errepikatzea gustatzen zaio, oharra indartzeko.  

Rallyetako ibilbideak zailak izaten dira. Gradu ezberdinetako bihurgune asko, maldak, ezpondak, zuloak... eta notak hartzerakoan guztia jaso behar da. “Eta denbora ere kontrolatua eman beharko dugu”. Jakina, datorrenaren berri lehenago esan behar zaio pilotuari, “bestela bihurgunea jaten duzu (kar, kar...). Zenbat lehenago? Pilotuaren abiaduraren arabera. Oso azkar badoa, azkarrago, eta alderantziz. Entrenamenduetan metroak ere apuntatzen ditugu notetan” dio Galarzak.