Estandartea zaharberritzea erabaki dute sanantondarrek

Guaixe 2023ko urt. 27a, 10:04
Sanantondar iturmendiarrak mezaren ondoren eta batzarraren aurretik. UTZITAKOA

Jatorrizko bandera da eta nahiko hondatuta dagoenez, pausoa ematea erabaki dute.

Sanantondar iturmendiarrak domekan elkartu ziren. Hildako kofradeen omenezko mezan bat egin zuten. Elizkizunean haiekin izan zuten kofradiaren estandartea, alde batean San Antonen irudia duena eta bestean San Migelena, azken horri eskainia baitago Iturmendiko eliza. Antza, irudi barrokoak dira eta kofradeek susmoa dute jatorrizko bandera dela. Urtero etxez etxe ibili izan da estandartea. Garai batean kofradeak priorearen etxean elkartzen ziren bazkaltzera eta han agerian uzten zuten bandera. Eguraldiak eta denboraren pasak bandera egoera delikatuan utzi dute, tolestu egiten da. 

Joan den urtean ondare horri buruzko kezka azaldu zuten kofradeek. Horregatik, Javier Jungitu banderadunak, Nicolas Arbizu kofradeak lagunduta, estandartea zaharberritzeko aukerak aztertzen hasi zen. Elizbarrutiaren bidez Iruñeko zaharberritzaile batengana jo zuten. Estandartea haren esku utziko dute, irudiak garbitu eta zaharberritzeko. Estandartea ez tolesteko nola gorde aztertu beharko dute kofradeek, eta agian kopiaren bat egin beharko dute. Kofradiaren ondarea berritzeak 1.800 euroko aurrekontua izanen du. 

Mezaren ondoren apaiz etxera joan ziren, kofradiaren batzarra egitera. Kofradiak gaur egun 24 kide ditu. Erakundearen kontuak jakinarazi, eta horren berri eta bestelako gorabeheren berri akta liburua jaso zituzten. Besteak beste han jasoa gelditu zen joan den urtean Fermin Gabirondo kofradea hil zela, baita Antonio Rivera kofrade berria dela ere. Ardurak ere berritu zituzten: Francisco Sanchezek priore izateari utzi zion eta bere ordez ardura ordura arteko banderadunak, Javier Jungituk, hartu zuen. Hark bandera zaintzeko arduraren lekukoa Jesus Galarzari eman zion. Hildako kofradeen aldeko errespontsuarekin, Aita Gurea errezatuz, despeditu zuten sanantondarrek bilkura. Aritzaga elkartean egindako bazkariarekin borobildu zuten eguna; 21 kofrade elkartu ziren mahaiaren bueltan.