Otsailean jokatutako Iparraldeko Essor Basque txirrindularitza proben ostean, abian da baita ere afizionatuen hegoaldeko denboraldia. Otsailaren 25ean, larunbata, kostaldean jokatutako Zumaiako Sariak Euskaldun Txapelketa mustu zuen. Probak 113 km zituen eta izena emanda zeuden 171 txirrindularietatik 151 sailkatu ziren, oso gorabeheratsua izan zen etapan.
Azkenean hemezortzi txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen aldi berean helmugara eta esprint estuan Urt Vélo taldeko Mathieu Dupe gailendu zen (2:34:12). Baionan jaio eta Ahurtin (Lapurdi) bizi den gaztea, pista txirrindularitzan ere bikain ibiltzen dena, Laboral Kutxako Iker Barandiaranen eta Finisher taldeko Hugo Aznarren aurrean gailendu zen, esprintean teknika ikusgarria erakutsiz. Helmugara lehena iritsi zen talde horretan zegoen Rural Kutxa-Alea taldeko Martxel Etxeberria iturmendiarra, hamaikagarren sailkatu zena, denbora berean.
Gainontzeko sakandarren kasuan, Ailetz Lasa (Laboral Kutxa) 27. postuan sartu zen; Andoni Ocaña (Qoda Construcciones) 44. postuan, Aimar Tadeo (Finisher) 51. postuan eta Aitor Ondarra (Hostal Latorre Ederlan) 112. postuan.