Maddi Ane Txoperena

"Sufritu dut, baina sendatzailea izan da"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mar. 14a, 12:02

Maddi Ane Txoperena idazlea. GARAZI CONDE ORUBE

Maddi Ane Txoperena Iribarren idazleak haurtzaroan sexu abusuak pairatu dituen gazte baten istorioa kontatu du 'Ez erran inori' liburuan. Martxoaren 14an, asteartea, solasaldia eginen du Iturmendin.

Sakanako Mankomunitateko Euskara eta Berdintasun zerbitzuek antolatutako Literatura Geraldiak egitasmoaren barruan Maddi Ane Txoperena Iribarren idazlearen Ez erran inori liburuari buruzko solasaldia izanen da martxoaren 14an, asteartea, 18:00etan, Iturmendiko udaletxean. Ez erran inori liburuak Igartza saria irabazi du eta 111 Akademiaren Saria irabazteko hautagaietako bat da. Haurtzaroan sexu abusuak pairatu zituen Lideren istorioa kontatzen du.

Nor da Lide?
Donapaleun sortutako neska gazte bat da. Baionara bizitzera joaten da eta haurtzaroan sexu abusua jasan zuen. Ez erran inori liburu osoan zehar Libek kontzientzia hartzen du

Helduago egiten denean azaleratzen da, ezta?
Liburuaren lehenengo kapituluan Libek izan zuen sexu abusua kontatzen da eta gero denboran horrelako salto bat egiten da eta irudikatu nahi nuen nolabait aunitzetan sexu abusuak eta horrelako traumak sortzen dituzten edo sor ditzaketen gertakari bortitzen aurrean askotan giza gorputzak egiten duen mekanismoa amnesiarena dela. Gertatu zaizun hori gogorregia da oroitzeko, eta ahaztu bezala egiten duzu. Denbora pasatu ahala gorputzak ahal duenean edo jasateko prest dagoenean oroitzapenak etortzen hasten dira. Hori da Lideri gertatzen zaiona. Haurtzaroan bizi izan zuen, baina erasotzailearekin bizikidetza bat izan behar zuen eta bizirauteko ahantzi egin zuen. Gero, bat-batean, gaztaroan oroitzapenak burura etortzen hasten zaizkio, sexu abusuen albisteak entzuten dituenean edo sexualitate aipamenak edo praktikak dituenean. Hor hasten da ezinegona. Ez daki oso ongi zer den oroitzen duen hori. Lotsa eta errua sentitzen du, eta bere mina forma hartzen hasten da.

Zein izan da zure inspirazio iturria? Nondik sortu zen ideia?
Ez dago sekreturik. Nik neronek sexu abusu bat bizi izan nuen umea nintzela eta interes bereziko gai bat izan da. Konsziente izaten hasi nintzenean horrelako zerbait pasatu zitzaidala ulertu nahi nuen zer ari zitzaidan gertatzen eta, gaiaren inguruan irakurri dut eta tailer desberdinetan parte hartu dut; musika, podcast oso interesgarri bat entzun nuen eta gogoa neukan honekin zerbait berezia egiteko, kezka berezia sortzen zidalako. Literatura forma hartu zuen.

Zergatik fikzioa?
Ez diot interes berezirik aurkitzen nire kasu zehatza kontatzeari nahiz eta egin nezakeen. Askotan testigantzak morbotik bilatzen ditugu eta literatura niretzako gauzak beste modu batera azaltzeko modua izan da. Fikzioaren bitartez saia zaitezke beste modu batera azaltzen gauzak, ez hain modu teorikoan; eszenen bitartez edo deskribapenen bitartez. Ulermenaren bertzelako eremuetara iristeko eman dezake literaturak eta sorkuntzak orokorrean. Edozein gai plazaratzerako garaian azal dezakezu modu teoriko batean edo egin dezakezu koadro bat edo kanta bat gai horren inguruan. Bide batetik edo bestetik gauza diferenteak lortuko dituzu. Erabakia hortik joan zen; beste leku batzuetara iristeko.

Txarrenari onena atera diozu?
Maila pertsonalean hala izan da. Gaiarekiko ezinegon berezi bat nuen eta niretzat ariketa anitz interesgarria izan da liburua idaztea. Dezente sufritu dut ere. Nahiz eta fikziozko liburu bat sortu, gertatzen zait idazten nagoenean asko sartzen naizela istorioan eta horrek sufrimendua sortu zidan idatzi nuen momentuan. Baina aldi berean oso sendatzailea izan da eta ahalduntzeko bide eman dit ere bai. Sufrimendutik ere gauza politak atera daitezke eta nahiko kontent nago zentzu horretan. Pertsonalki, eta bertze batzuei balio badie ere.

Nolakoa izango da Iturmendiko solasaldia?
Ez dut gauza berezirik prestatu. Liburua zergatik idatzi dudan oinarrizko azalpen bat emango dut eta gehien interesatzen zaidana da irakurleekin edo entzuleekin elkarri eragitea. Animatzen ditut etortzen direnean lasai asko galderak egitera edo iritziak botatzera edo nahi dutena esatera. Interesa duten horretan sakontzeko. Niretzat hori aberasgarria da.