Esteban Azpiroz

"Poza ematen dit erlojua puntu-puntuan dagoela ikusteak"

Maider Betelu Ganboa 2023ko mar. 29a, 14:50
Esteban Azpiroz Iturmendiko erlojuari giltza ematen, modu tradizionalean, biraderarekin. 2017 urtetik aparailu elektriko batekin egiten dute.

Esteban Azpiroz Lopez Iturmendiko sakristaua da eta elizako erlojuari giltza ematen dio astean bitan.

Juan Mari Lanzek egiten du erlojuaren mantenua eta elkarrekin egindako lanari esker iturmendiarrek ordua puntuan dute. Marsuaren 26rako ordua aurreratu zuen.

1. Nola hasi zinen Iturmendiko elizako erlojuari giltza ematen?
Erlojuaren ardura Iturmendiko udalarena da, ez elizarena. Nonbait, udalen eginbeharra zen herrian erloju bat jartzea, eta toki altuetan egon behar zirenez, gehienak elizetan jarri ziren. 2.000 urte inguruan hartu nuen erlojuari giltza emateko ardura. Aurretik Santi Agirre aguazilak egiten zuen. Parrokia-etxean berrikuntza lan batzuk egiten ibili ginen orduan, eta Santi etorri zitzaidan esatera tarte horretan ez ninduela herriko auzolanetara deituko. Eskerrak eman, eta esan nion egunero pasatzen nintzela elizatik eta erlojuari giltza emateko ardura hartzea ez zitzaidala axola. Horrela hasi nintzen, gaur egunera arte. Nire auzolana zen. 

2. Nolakoa da Iturmendiko erlojua?
Orain dagoena 1.970 edo 1.971 urtekoa da, Iruñean erosia. Joaquin Erviti etxekoa da, makineria marduleko pendulu erlojua, hau da, denbora neurtzeko pisua behar duena. Giltza eman behar zaio. Iturmendikoak harrizko bi pisu ditu, koroan ikus daitezkeenak. Erloju honen aurretik bazegoen beste bat, zaharragoa, baina gehiegi lausotuta zegoela, eta berria erostea erabaki zen. Egun dauden harrizko pisuak erloju zaharrarenak ziren, erloju berriak burnizko pisuak zituelako, uztaiak. Baina  erlojuaren mantenua egiten duen Juan Mari Lanz tematu zen, eta pisu zaharrak jarri zizkion.

3.Nola funtzionatzen du erlojuak?
Erlojua kanpandorrera bideko gelatxo batean dago. Pendulua du; penduluarekin erregulatzen da ordua. Ordua ematerakoan, koroan dagoen pisu handia eusten duen sirga bilduta dagoen karreteak bira ematen du eta pisu handiak behera egiten du. Begi bistan ez da nabaritzen, egunak pasa ahala ikusten da, pisua nabarmen jaisten baita. Pisu txikia, aldiz, penduluarena da. Penduluak indar gutxiago behar du, horregatik pisu txikiak eusten du pendulua. 

4. Zenbat aldiz eman behar zaio giltza?
Lehen pisuak elizaren beheraino heltzen ziren. Orduan astean behin ematen zitzaion giltza, baina 1988-89 urtean elizan obra egin zen, korua berritu zen, eta pisuak laburtu ziren, koruraino. Ordutik astean bitan ematen zaio giltza. Asteazkenetan 12:00etan eta larunbatetan 18:00etan etortzen naiz.

5.Nola ematen zaio erlojuari giltza?
Lehen eskuzko biraderarekin egiten zen, biradera pisua eusten duen sirgaren karretearen heldulekuan sartu eta eskuz giderrari buelta emanez. Larunbatean 45 bira ematen nizkion biraderarekin, eta asteartean 40 bira. Horrela, beheko harrizko pisuak igo egiten dira. Baina 2017 urtetik aparailu elektriko batekin ematen diogu giltza erlojuari. Juan Mari Lanzek prestatu zuen, eta errotaflex antzeko bat da. Aparailua karretearen ardatzean sartzen da, martxan jarri, eta pinioi baten antzera, berak ematen dizkio bueltak karreteari. Sirga markatuta dugu, giltza noraino eman behar diogun jakiteko. Azkar egiten da, 10 minutu inguru. Dena den, penduluaren pisu txikiari eskuz ematen diot giltza, biraderarekin. Bi sistemak mantentzen ditugu. 

6.Erlojuari giltza ematen ez bazaio, zer gertatuko litzateke?
Koruko pisuek behera egingo zutela, topea bilatu arte. Pisu handiak ordua ematen du, eta txikia pendulua da. Beraz, erlojua geratuko litzateke. 

7. Martxoaren 26an erlojua ordu bat aurreratu behar zen.
Bai. Bezperan egiten dut, egunerako ongi egon dadin. Aurreratu behar denean, erlojuari mailua kentzen diot orduak jo ez dezan, eta orratzak biratuz ordu bat aurreratzen dut. Ordua atzeratu behar denean, aldiz, erlojua ordu bat geldirik mantentzen dut. Hau da, 18:00etan, esaterako, pendulua gelditu egiten dut eta erlojua gelditzen da, eta ordu bat pasata 19:00etan jartzen dut martxan. Bestela, atzeratzeko buelta guztiak eskuz egin beharko nituzke eta nekezagoa da. Pendulutik erregulatzen da ordua: ordua aurreratzeko azpian duen torlojua estutu behar da, eta atzeratzeko torlojua askatu. Erlojuaren bizitza penduluan dago. 

8. Iturmendiko erlojua puntu-puntuan egoten da?
Hala egon dadin saiatzen naiz. Irratia igotzen dut beti, erlojua orduen seinaleari egokitzeko eta puntu-puntuan egoteko. Penduluak behean duen gurpiltxoarekin tokea milimetroz ikusten da. Eguraldiaren arabera, aurreratu edo atzeratu egiten da zertxobait. Udan aurreratzera egiten du, burniaren dilatazioa dela eta, eta neguan, alderantziz. Kasu horietan, pendulua gelditu eta orduen seinaleari egokitzen diot. 

9. Erlojuari giltza ematen hasi zinenetik erlojuak gehiago gustuko al dituzu?
Beti gustatu izan zaizkit. Bere garaian Altsasuko Iramen enpresan lan egin nuen. Bertan, besteak beste, etxeetarako erloju elektronikoak egiten genituen, baina enpresak Txinako merkatuarekin ezin izan zuen lehiatu eta itxi egin behar izan zuen. Etxean pendulu erlojua dut. Behin desmuntatu eta atzera ere muntatu nuen. Herri askotan elizetako pendulu erloju zaharrak kendu dituzte eta haien ordez elektronikoak jarri dituzte. Pena da. 

10.Zure lekukoa hartuko al duen norbait al dago?
Momentuz ez, baina erlojua udalaren ardura denez, norbaitek hartuko du. Momentuz ongi nago, eskailerak igotzeko gai naiz eta lana gustura egiten dut. Ilusioz. Poza ematen dit erlojua puntu-puntuan dagoela ikusteak. Elizan ere ezkila jotzaileak behar dira, egun jotzen dituztenak adinduak direlako eta kanpandorreko eskailerak igotzea ez baita makala. Baina hau zailagoa ikusten dut.  

11.Erlojuari giltza emateko mainatsua izan behar al da? Mekanikaz jakin beharra al dago?
Ez. Soilik gogoa izan behar da. Edonork egin dezake lan hau, baina gustuko izan behar duzu. Astean bi egunez etorri, eta gehienez ordu laurdeneko lana da. Ia gehiago kostatzen da eskailerak igo eta jaistea erlojuari giltza ematea baino. Nik ezin dudanean Juan Mari Lanzek ematen dio giltza. Gizartean, egun, badirudi zerbait egitearen truke beti zerbait jaso behar dela. Ezer gutxi egiten da borondatez. Baina ez dut itxaropena galtzen.