Maiatza zutik plazaren erdian

Guaixe 2023ko mai. 3a, 11:19

Jendetza bildu zen Iturmendiko plazan maiatzaren 1ean arratsaldean beheko basotik eramandako pago enborra jasotzen ikusteko. Hemeretzi metro luze zituen pagoeri muturrean pinu bat gehitu beharrean, aurten lizarra jarri diote iturmendiarrek, lau metro luze zituena.

18:00etan ekin zioten lanari 40 iturmendiarrek. Luze jo zuen pagoa zutitzeko lanak. Metalezko oinarri eta sokez lagunduta, Ignacio Arbizuren gidatuta aritu ziren langintza horretan. Aurtengo kintoak (Mili Arce Coria, Aimar Mena Davila eta Oier Agirre Lopez ) dira zuhaitza prestatu dutenak. Eta hilabete barruko salmentatik ateratzen den dirua ere haiendako izanen da. Iturmendiko dantzariak egon ziren ere eta, ondoren, auzatea.