Txirrindulariak

Iker Mintegi Nafarroako txapelduna, eta Aimar Tadeo txapeldunordea

Guaixe 2023ko mai. 15a, 11:20
Iturmendiko Sariko podiuma. LABORAL KUTXA

Euripean jokatutako Iturmendiko Sariak txapeldun nafarrak erabaki zituen eta Euskaldun Txapelketako lehia indartu zuen

Euripean jokatu zen maiatzaren 14an afizionatuen mailako XI. Iturmendiko Saria (139 km), aldi berean Nafarroako Errepide Txapelketa zena eta Euskaldun Txapelketarako puntuagarria zen. Txirrindulariek bederatzi aldiz gainditu behar izan zuten Altamira, oso mugitua izan zen lasterketa sufritu bezain itzelean.  Azkenean, zortzi txirrindulariz osatutako tropela iritsi zen helmugara, aurreratuta, eta esprintean Laboral Kutxako Nicolas Alustiza gailendu zitzaion bere taldekide Iker Mintegi altsasuarrari eta Rural Kutxa-Aleako Julen Arriolari (03:24:30), Finisher taldeko Aimar Tadeo lakuntzarra laugarren sailkatu zen. Iker Mintegi dugu, beraz, afizionatuen Nafarroako txapelduna eta maillot gorria, eta Aimar Tadeo txapeldunordea.

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Martxel Etxeberria (Rural Kutxa-Alea) 24. sailkatu zen, Ailetz Lasa (Laboral Kutxa) 25., Aitor Ondarra (Hostal Latorre Ederlan) 30., Jon Gil (Gomur Cantabria) 56., eta Mikel Uncilla (Rural Kutxa-Alea) 69. Tartekako helmugen saria Rural Kutxako Diego Ruiz de Arkautek lortu zuen, eta mendiko txapelketa Diego Uriartek (Finisher). Talde onenaren saria Rural Kutxa-Aleak jaso zuen.