Txirrindularitza

Luca Martinez eta Ekaitz Perez, Iturmendiko Top 20an

Guaixe 2023ko uzt. 17a, 12:40
IV. Iturmendi Sariko podiuma. MARTIN EARLY

Kadeteen mailako lasterketa hartu zuen Iturmendik.

Uztailaren 15ean, larunbata, IV. Iturmendi Sarian bildu ziren kadete mailako txirrindulariak. Burunda Txirrindularitza Taldeak prestatutako 67 kilometroko lasterketa bihurria zuten aurretik, eta 101 txirrindularik lortu zuten proba despeditzea. Goizean jokatu zenez, eguraldi ederrarekin jokatu zen lasterketa, aparteko berorik gabe. 

Hogei txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen batera Iturmendiko helmugara, eta esprintean azkarrena Cafe Dromedario Flotamet taldeko Unai Moran txirrindularia izan zen (1:29:19). Lehen sakandarra Sakana Group-Alea taldeko Luca Martinez lakuntzarra izan zen, hamahirugarren; eta bigarrena Quesos Albenizko Ekaitz Perez, biak denbora berean. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Hegoi Garcia (Q. Albeniz) 53. iritsi zen, Ekain Imaz (Q. Albeniz) 62., Oihan Gorriti (Sakana G.-Alea) 70., Erik Laiglesia (Sakana G.-Alea) 90. eta Janitz Zufiaurre (Sakana G.-Alea) 95. Taldekako sailkapena Ulma-Aloña Mendi taldeak irabazi zuen, eta tartekako helmugen lasterketa Hector Fernandezek (Aranako).