Iturmendiarra Argentinako Ciudadela hirian jaio zen. Buenos Aires probintzian dago, hiriburu federalaren ondoan. "Oso hiri handia da. Denetarik duzu, hiria baita, Iruñea bezala. Hemen hiria eta industrialdeak banatuta daude; han dena elkarrekin dago: lantegiak eta etxeak. Sortetxearen ondoan tailer bat zegoen", azaldu du Coriak.
Sorlekuak ez du batere zerikusirik Iturmendirekin. "A zer aldea! Hasieran ez nintzen herrira ohitzen. Astebururo Iruñera joaten nintzen. Dendetara-eta joateko 'behar' moduko bat nuen. Etxetik atera eta ez erostea estutasuna zen; orain, ez". Argentinara 2018an joan zen azkenekoz. "Orduan jabetu nintzen, ez. Ez dakit bueltatuko nintzatekeen. Behintzat Ciudadelara, ez".
Coriak azaldu duenez, Alberto Goikoetxearen senideak dira. "Bere aitona eta nirea anaiak ziren. Albertoren ama, Pili izeba, Argentinara joaten zen. Gure gurasoak hiltzean, gure ahizpa Ceci anaia txikiarekin, 20 bat urte izanen zituen orduan, hona etorri zen". Ordurako, bera ezkonduta zegoen, eta bi ume zituen. "Ez nuen sekula pentsatu Argentinatik ateratzea. 'Ezin da herrialdea utzi. Hemen gelditu beharra dago, eta aurrera atera', esaten nuen. Baina bizitzea tokatu zitzaigun egoeragatik, Albertok lana eskaini, eta etorri egin ginen". Bere adineko jendeak ere ume txikiak zituen, eta etorreragatik "erotuta zegoela" esan zioten, "zegoena 'normala' zen. Hor deskonexio pixka bat dago". Garilaren 25ean 15 urte bete zituen Iturmendin. Udan etorri ziren, semeak orduan 8 urte zituelako, "eta eskola sartzerako euskararekin pixka bat egunean jartzeko". Ume txikienak bi urte eta erdi zituen.
Argentinako azken bisita "ohartarazpena" izan zen: "hemengoa naiz, baina dagoeneko ez naiz, ez nago. Lagunak ikusi eta, hemengoa ere ez. Gogorra izan zen". Nahiz eta harremanak sare sozialen bidez egiten dituen. Aitortu du Iturmendin "ongi" dagoela. "Herri txikia izateaz aparte, lasaitasuna izugarria da. Umeak kozkortu dira, helduak dira, atera egiten dira. Jakitea atera direla, baina ez zaiela ezer gertatuko... Hori lasaitasuna! Ufa! Horrek ez du konparaziorik! Ez gara konturatzen!" Argentinatik kontatzen diote ezin direla atera. "Umea siestan utzi eta, ni orain bezala, plazara etortzea... Ez dago inor, hartu dezakete, zaitzakete... Egoera bortitza zen lehen, eta orain nahikoa bortitza da ere".
Berdea
Iturmendin "guztia polita" dela esan du Coriak. Herria "oso lasaia" da. "Baina berdeak, mendiak eta basoak ez dute preziorik. Gaur egun, nire adinarekin, berdearen lasaitasuna bilatzen dut. Izugarria da". Haren bila "edozein aldetarantz" jotzen duela azaldu du, "baina, altuerarik ez. Igo? Autoarekin. Gehiago beheraka jotzen dut, basorantz. Liluratzen nau!” Azaldu duenez, pisutik Santa Marina eta barga ikusten ditu. "Leihoetatik ikusten dena bizirik dagoen koadroa da. Ikusten diren iluntzeak edertasuna dira. Niretako, asko balio du". Coriak gaineratu duenez, "txoritxoak entzutea, berdea ikustea... Ordainezina da. Hemen dugun airea! Batzuetan ez gara jabetzen dugunaz".
Azaldu duenez, basora edo paseatzera joaten denean, "deskonektatzeko, bere buruarekin egoteko, bat egiteko" egiten du. Horregatik ez du aurikularrik eramaten. "Haurrak handitu dira. Gaur egun, festetan eta halakoetan baino gehiago, horretan nago". Pilare ermitaren ondoan esertzea gogoko du Coriak. "Jakina, matea ezin da falta. Horren ohitura oraindik badut. Lanera ere eramaten dut. Argentinarrendako matea droga baten modukoa da (barrez)". Esan duenez, "gero eta gehiago jotzen dut basora. Basoan etxea erosiko banu (barrez). Jabetu nondik natorren: Cuidadelatik, Buenos Airestik".