Iturrock arrakastatsua

Guaixe 2023ko urr. 30a, 12:50

Jende mugimendu handia izan zen Iturmendin.

Iturrock festa ospatu zen larunbatean. Eguerditik aurrera hasi zen animazioa Arrano Beltza plazan. Gazteak taloak egiten hasi ziren. Jatekoa bulkatzeko zer edan aukeran izan zen. Poteoaren ondoren, 40 bat pertsona bazkaltzera elkartu ziren Aritzaga elkartean. Arratsaldean haurrak puzgarriekin jolasteaz bukatu zutenean, igo zen oholtzara Irati-58 taldea. Afaltzeko ogitarteko jana eskaini zuten. Eta gauerditik aurrera 80ko hamarkadako punk soinuak nagusitu ziren Iturmendiko plazaz: Eskorbuto, RIP eta Tijuana in Bluren triburu taldeak diren Los Demenciales Chicos Acelerados,  Z.E.N eta Berriz Tijuana taldeek jo zuten. Plaza bete zuen jendeak, nahiz eta tarteka euria egin. Emanaldien ondoren, Tximeneas dj-ak gauez parranda luzatu nahi zutenen doinuak jarri zituen Maisuenea gaztetxean. 

Aitzkozar elkarteak, Iturmendiko Gazte Asanbladak eta Eztanda irratiak antolatuta, Iturmendiko Udalaren laguntzaz. Antolatzaileek domeka goizerako plaza garbitu zuten. Jendetza eta garbitasuna, biak aipatu zituzten iturmendiarrek.