Automobilismoa

Askargotak eta Galarzak helburua lortu dute

Guaixe 2023ko abe. 13a, 12:00

Iker Askargorta eta Iñigo Galarza, euren zaletuekin Nafarroako Asfaltoko Rally Txapelketako hirugarren postua ospatzen. UTZITAKOA

Nafarroako Asfaltoko Rally Txapelketako hirugarren postuan sailkatu dira, azken proba puntuagarrian, Malerrekako Rallyan, ongi eutsi eta gero

Azaroaren 25ean VII. Malerrekako Rallya jokatu zen, Nafarroako Asfaltoko Rally Txapelketako azken proba puntuagarria. Iker Askargorta pilotuak eta Iñigo Galarza kopilotuak (Opel Astra) helburu argia zuten: lasterketa bukatzea, Nafarroako Asfaltoko Rally Txapelketako euren hirugarren postua eusteko beharrezko puntuak lortzeko. Eta baita lortu ere. 

Rallyak partaidetza handia izan zuen, ia 70 taldekoa. Horietatik 46k lortu zuten rallya despeditzea. Kenako Trapaga eskuderiako Xabier Lujua pilotua eta Moises Gomez kopilotua (Hiunday i20R5izan ziren irabazle handiak (51:20.200). Sakana Motorsporteko Iker Askargorta eta Iñigo Galarza hogeigarren sailkatu ziren (57:58.400), bere mailan, seigarren klasean, seigarren postuan, laugarren nafarrak. Sakana Motorsport eskuderiatik azaldu dutenez, “erabaki zailak eta kritikoak hartu behar izan zituzten, lehorreko gurpilak edo euritako gurpilak jartzea, esaterako, baina ongi eutsi zioten, proba bukatzea lortu zuten, eta lortutako puntuei esker Nafarroako Asfaltoko Rally Txapelketan hirugarrenak izan dira, azken uneraino borroka latza izan duten Iker Santesteban-Miguel Narvaezen (BMW M3 E36) eta Iker Etxeberria-Aitor Antoñanaren (BMW M E36) atzetik”. 

Nafarroako Asfaltoko Rally Txapelketako pilotuen sailkapenean Iker Santesteban izan da irabazlea (212,5 puntu), Iker Etxeberriaren (207 puntu) eta Iker Askargortaren (129 puntu) aurretik. Kopilotuen txapelketa Miguel Narvaezek (215,5 puntu) irabazi du, Aitor Antoñanaren (210 puntu) eta Iñigo Galarzaren (138,5 puntu) aurretik. Iker Askargortak eta Iñigo Galarzak Malerrekako Rallya jarraitzera hurbildu ziren senitartekoekin eta lagunekin ospatu zuten Nafarroako Asfaltoko Rally Txapelketako hirugarren postua.