Txirrindularitza

Josu Etxeberriak ospitalea utzi du eta etxean jarraituko du bere osatze bidea

Guaixe 2023ko abe. 12a, 13:00

Josu Etxeberria ospitaletik ateratzen, Martxel anaiarekin. EDUARDO BUXENS

Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko txirrindulariari auto batek harrapatu zion azaroaren 15ean eta 26 egun egon da ingresatuta, horietako hamahiru ZIUn.

Azaroaren 15ean entrenatzen zegoen Josu Etxeberria. Zia igotzen ari zela, jaisten ari zen auto batek bete betean harrapatu zuen, aurrez aurre, hainbat zauri eta haustura sortuz. Ospitalera eraman zuten, larri, eta abenduaren 11n, astelehenean, ospitalea utzi zuen, 26 egun ingresatuta egon ondoren, horietako hamahiru Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Tarte horretan hiru ebakuntza egin dizkiote. Masailezurra, bularrezurra, hainbat saihets, eskumutur bat, pelbisa eta bi tibiak apurtu zitzaizkion, eta beste zenbait zauri izan zituen. 2022An Ronde de L´Oisen izandako erorikoan sei orno apurtu zitzaizkion eta bizkarrezurra berregiteko Amiensen egindako ebakuntzari esker salbatu omen du bizitza, orduan plaka batzuk jarri zizkiotelako eta plaka horiek, hain zuzen ere, bizitza salbatu diotelako. 

Etxeberriak Diario de Navarran aitortu duenez, istripua “sekulako sustoa” izan da, eta hemendik aurrera “egunez-egun” joan beharra dagoela argi omen du. “Ikusiko da zenbat kostatzen zaidan zutik jartzea, bakarrik ibiltzea eta autonomoagoa izatea. Gero, ikusiko dugu; gorputzak aginduko du” adierazi dio egunkariari. Halaber, "etxean oso pozik" dagoela azaldu dio Guaixeri, eta egunotan jasotako animoak eskertu ditu.

Etxeberriak 2024 urterako kontratua sinatua zuen Rural Kutxa-Seguros RGA taldearekin, profesionalen bere laugarren denboraldia izango denean. Hain zuzen ere, bere taldekideak datorren denboraldia prestatzeko kontzentratuta daude Mojacarren (Almeria) abenduaren 22ra arte.