Kofradia estandarte zaharberrituarekin

Guaixe 2024ko urt. 30a, 10:39

Sanantondar iturmendiarrak.

San Antonen eta San Migelen irudiak ederrago ikusten dira orain.

Sanantondar iturmendiarrak Sakanan bizi den Karol apaiz poloniarraren bidez San Antonen bizitzari buruzko pasarte berriak ezagutu zituzten. Ilbeltzaren 21eko, domekako elizkizunean izan zen. Kofradiako 24 kideak han izan ziren, aldean estandarte zaharberritua zutela. Elizbarrutiaren bidez Iruñeko zaharberritzaile batengana jo zuten. Estandartea haren esku utzi zuten, irudiak garbitu eta zaharberritzeko. Ondare horretan egindako lanagatik 2.000 bat euro ordaindu ditu kofradiak. 


San Antonen irudia kofradiaren estandartean eta elizako erretaulan.

Zaharberritzailearen lanaren ondoren estandartean dauden bi mihiseak argia eta kolorea berreskuratu dituzte. Alde batean San Anton dago, bestean, berriz, San Migel, hari eskainita baitago Iturmendiko eliza. Artean adituak eskatu zien estandartea ez tolesteko. Kofradiako kideek erabaki zuten estandartea kristalezko egitura barruan gordeko dutela aurrerantzean estandartea, elizan. Hori dela eta, ordezko estandarte bat egiteko aukera aztertzen ari da kofradia. Kideen susmoa da estandartea kofradia sortzearekin batera eginarazi zutela, XVII. mende akaberan. 


San Anton kofradiaren estandarteko San Migelen irudia.

Elizkizunaren ondoren, apaizaren etxean elkartu ziren kofradiako kideak, batzarrean. 2023an ez zen ez bajarik ez kide berriren izen ematerik izan. Kontuak egunean jarri, kofradiaren inguruko erabakiak hartu eta ardurak berritu zituzten. Azken urtean priore izandako Javier Jungituk Jesus Galarzaren esku utzi zuen ardura, eta haren banderadun kargua Esteban Azpirozen esku gelditu zen.