Iturmendiarraren atxiloketagatik protesta egin dute

Guaixe 2024ko ots. 12a, 10:00

Hainbat iturmendiarrek salatu zuten atxiloketa. XIMONA GAZTETXEA

Iturmendiar bati sare sozialetan argitaratutako hainbat mezutan terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea egotzi diote. Atxilotutakoa ia erabat inkomunikatuta egon zen atxiloketak iraun zuen bitartean. Senideek "eskubide urraketa ikaragarri" gisa definitu dute gertatutakoa

Emakumezkoak "jasandako atxiloketa, inkomunikazioa eta eskubide urraketa ikaragarria salatzeko", Iturmendiko frontoian kontzentrazioa egin zuten otsailaren 9an, ostiral iluntzean. Bilkurak Errepresiorik ez! Adierazpen askatasuna defendatu! leloa zuen. 

Espainiako Poliziako hiru agentek 63 urteko emakumezko iturmendiarra atxilotu zuten otsailaren 6an, asteartean, 13:00ak aldera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6 zenbakiko Epaitegi Zentraleko Joaquin Gadea epaileak agindu zuen hura atxilotzea. Beste pertsona bat ere atxilotu zuten. Biak ikerketapean daude, sare sozialetan argitaratutako hainbat mezutan terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea egotzita. Union del Pueblo Navarroren salaketa baten ondorioz daude ikertuta, epaitegitik zabaldu denez, ustez ETAren aldeko hainbat mezu zabaldu zituztelako. 

Bere konfiantzazko abokatua aldamenean zuela, iturmendiarrak epailearen aurrean ez deklaratzeko eskubideari heldu zion. Fiskaltzak ez zuen harendako inolako neurririk eskatu eta magistratuak iturmendiarra aske utzi zuen otsailaren 7ko, asteazkeneko, 14:00ak aldera. Iturmendiarrak kautelazko bi neurri bete beharko ditu: ohiko bizileku bat izendatu du eta hamabostean behin Iruñeko epaitegira joan beharko du. 

Atxiloketaz
Iturmendiarrek herrian ohikoak ez diren autoak aparkatuta ikusi zituzten astearte goizean herrian. Haien barruan jendea zegoen, ezezagunak. Kalez jantzitako poliziak ziren. Atxiloketaren unean emakumezkoa etxean bakarrik zen. Haren alaba batek atxiloketaren berri poliziak egindako dei baten bidez izan zuen. Poliziak jakinarazi zion ez zuela amarekin harremanetan jartzeko inolako aukerarik. Alabak amaren etxera joan eta bazkaria prestatuta eta telefono mugikorra lurrean opatu zuten. "Desagertu izan balitz bezala zen", azaldu du Unai Otermin Benito atxilotutakoaren senideak. Iruñeko polizia etxera hots egin zuten, han izanen zelakoan. "Ez zuten inolako informaziorik ematen. Ez zuten ez ukatzen ez onartzen". 

Ondoren alabak Chinchilla kaleko polizia egoitzara joan ziren eta behin eta berriz galdetu zuten haien ama non zegoen. Ez zuten inolako informaziorik jaso, ezta han ote zegoen ere. Amak hartzen dituen botikak eraman zituzten. Poliziek haiek hartu zituzten, baina ez zieten amarekin egoteko aukerarik eman. Ate asko jo eta gero, guardian zegoen ofiziozko abokatu baten bidez jakin zuten ama Iruñeko polizia etxean zegoela, eta ondoren Madrilera eramanen zutela, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera. Amak berak egindako hamabost segundoko dei batek jakinarazi zien "ongi" zegoela, eta Madrilerako bidean zela. 

Madrilera astearteko 20:00ak aldera eraman zuten poliziek. Iturmendiarrak Espainiako Auzitegi Nazionaleko ziegetan lo egin zuen, "oso gutxi, zarata eta argia baitzeuden". Jasotako tratua "egokia" izan zen. "Hala ere, bere hildako senarraren, eta preso ohiaren inguruko komentarioak egin zizkioten", azaldu du Oterminek. Atxilo aldiak iraun zuen bitartean “%100ean ez, baina praktikoki, inkomunikatuta egon zen", gaztigatu du, "ezinezkoa izan zen inolako informaziorik jasotzea". Gauzak horrela, iturmendiarraren inguruko hainbat pertsonek Madrilerako bidea hartu zuten. 

Irakurketa 
Emakumezkoaren bikotea ETArekin lotuta urtetan kartzelan preso egon zen, eta 2016an hil zen. "Hor mendekurako aukera dago", azaldu du Oterminek. "Hori, nahiz eta lehenengo arrazoia ez izan, atxiloketa egiteko beste arrazoi bat izan da", gaineratu du. "Benetan surrealista da halako egoera, X sarean edo Facebooken jarritako iruzkinen batengatik", esan du. "Epaile batek gaitasuna izatea horrelako eskubide urraketa egiteko... Ez gara harritzen. Badakigu zer eskubide urraketa egon diren Euskal Herrian, eta kanpoan. Oso ohikoak dira eskubide urraketa horiek. Baina gertatzen direnean, nahi gabe ere, harritzen zara. Irreala ematen du". 

Gaineratu duenez, "nabarmena da estatuan autoritarismoranzko biraketa izaten ari dela, eta eskubide gero eta gutxiago gelditzen direla". Iritzi askatasuna mugatzen ari direla uste dute senideek. "Penalizatzen ari dira zuk zure iritzia ematea”. Nabarmendu duenez, "ikaragarria, basatia, neurrigabekoa... Ez du erreala ematen. Horrelako kasuak ezin dira izan. Salatu behar dira. Eta eskubideak defendatu behar dira". Oterminek azpimarratu zuenez, "eskubide urraketa ikaragarria izan da. Halakoak gainontzekoendako mezua dira: kontuz idazten duzuenarekin, kontuz ematen dituzuen iritziekin. Ultraeskuindarrek, faxistek, nahi duten guztia esateko aukera dute, baina babesgabe gaudenok, ez dugu iritzirik emateko aukerarik. Isilik egon behar dugu. Arrisku hori jarri dute mahai gainean haiek ere".

Atxiloketa dela eta, Iturmendiko frontoia bete egin zen otsailaren 7ko, asteazken arratsaldeko, informazio batzarrean.