Astekaria

"Begiratu, eta ez nintzen ni; ez zen nire aurpegia"

Maider Betelu Ganboa 2024ko mar. 6a, 13:30

Entrenatzen ari zela auto batek Josu Etxeberria harrapatu zuela 4 hilabete beteko dira aurki. Errehabilitazioa ongi doa, baina lan eta pazientzia handia ditu aurretik

Azaroaren 15ean berriro jaio zen Josu Etxeberria Azpilikueta txirrindulari iturmendiarra (Rural Kutxa-Seguros RGA). Entrenatzen ari zela, Zia igotzen, jaisten ari zen auto batek bete betean harrapatu zuen, eta danbatekoa izugarria izan zen; oso larri eraman zuten ospitalera. 26 egun egon zen ingresatuta, horietako hamahiru Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU). Masailezurra, bularrezurra, hainbat saihets, eskumutur bat, pelbisa eta bi tibiak apurtu zitzaizkion, besteak beste. Hainbat ebakuntzen ondoren, errehabilitazio gogorrean murgilduta dago Josu Etxeberria. Bizitzak eman dizkion txartelen aurrean, gertatutakoa onartu, aurrera egin, eta etorkizunari begiratzea erabaki du, egunez egun helburu berriak jarriz.

Istripua sekulakoa izan zen. Baina agian bitxiena da, 2022an Ronde de L´Oise lasterketako erorikoan sei orno apurtu eta gero egindako ebakuntzan jarri zizkizuten plakek salbatu zizutela bizitza. 
Ziako istripuan goitik behera hautsi nintzen; aurpegitik hasita hanketaraino, guztia apurtu zitzaidan. Eta hala da, 2022an Ronde de L´Oisen izandako istripuan hautsitako sei ornoak berregiteko ebakuntzan plaka batzuk jarri zizkidaten. Plaka horiek gabe, azken istripuan bizkarrezurra apurtu egingo litzateke. Beraz, plaka horiek salbatu egin naute. Bizitza, batzuetan, horrelakoa da. 

Nola gogoratzen duzu Ziako istripuko eguna?
Egun horretan gertatutakoaz ez dut ezer gogoratzen, zer gosaldu nuen ezta ere. Ospitalean esnatu nintzenean, hasiera batean ez nekien ospitalean nengoenik. Ez nintzen kokatzen. Egun pare bat kostatu zitzaidan kokatzea, erizainekin eta familiarekin hitz eginda. Egoera amets gaizto bat bailitzan bizitzen nuen; hura amets gaizto bat zela uste nuen, eta hurrengo egunean etxean esnatuko nintzela. Baina han jarraitzen nuen. 

Une gogorrak.
Aldeetara begiratzen nuen eta: “non nago?” pentsatzen nuen. Ospitalean esnatu nintzen momentuan familia hor zegoen, eta euren aurpegiak ikusita nire buruari galdetzen nion: “baina zer pasatu da?” Hasierako egunak oso gogorrak izan ziren. Familiakoei galdetuta, pixkanaka gertatutakoa jabetzen eta onartzen hasi nintzen. Mugikorra hartu ahal izan nuenean, Google-en informazioa bilatzen ibili nintzen, gertatu zena jakiteko. 

Horrenbeste hausturarekin, gorputz guztian nabarituko zenituen oinazeak, aurpegitik hasita. 
Masailezurra hautsi zitzaidanez, aurreneko ebakuntzak aurpegikoak izan ziren, lehena larrialdikoa, eta bestea egun batzuetara egina, planifikatutakoa. Begiratu, eta ez nintzen ni; ez zen nire aurpegia. Aurpegi guztia puztuta nuen. Lau egunetara konturatu ziren mingaina ere txikituta nuela, eta mingaina ere josi zidaten, esna nengoela.

 

"Istripuaren egunean gertatutakoaz ez dut ezer gogoratzen, zer gosaldu nuen ezta ere. Ospitalean esnatu nintzenean, ez nintzen kokatzen"

 

Oraindik ere zure burua ispiluan ikusten duzunean ezberdin zaudela sentitzen jarraitzen duzu? Edo guztia bere tokira etorri da?
Hasieran ezberdin sentitzen nintzen, baina etxera etorri eta aste bat pasa ondoren, nolabait nire aurpegia errekonozitu nuen. Gutxi gorabehera nire aurpegia da, baina sudurra ez dut nuen bezala. Badaude gauza ezberdin batzuk, baina gutxi gorabehera nire aurpegia da. Orbainak edo zikatrizak baditut, baina ez dira inpresioa sortzen duten horietakoak. Nolanahi ere, dituzun orbainak dituzula, azkenean onartzen dituzu. 

Bestelakoan, nola zaude? Bizkarrezurreko ebakuntzaren ondoren, berehala eman zenion buelta lesioari, eta errehabilitazioan jada errodilloan edo arrabolean hasi zara. Ibiltzeko makuluak behar dituzu?
Etxean banago ez dut ibiltzeko arazorik, baina kalera makuluekin ateratzen naiz. Oraindik hanka kargatzen zait, eta asko ibiltzen banaiz oinazeak ditut. 

Errehabilitazio edo osatze prozesua ongi doa?
Bai, prozesua oso ondo doa, eta horregatik pozik nago. Arrabolean hasi naiz orain. Oraindik ez dut asko egiten, baina taldeko maillota janztearekin, arrabolean jartzearekin eta bizikletan egotearekin, pozik. Izugarri animatzen nau. Astean hirutan noa errehabilitaziora, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. 12:00etan iristen naiz Iruñera, eta hasieran Jose Vilariño fisioterapeuta altsasuarrarekin egiten dut lan. Ondoren, Mutuara joaten naiz, eta gimnasioan mugimendu ariketak egiten ditut, eta igerilekuan egiten dut lan. 15:00ak aldera ateratzen naiz. Hori da nire egunerokoa errehabilitazioan.

Zer diote Vilariñok eta gainontzeko fisioterapeutek?
Errehabilitazioa ongi doa, baina esaten didate pazientzia izateko, denbora behar delako. Prozesu hau luzerakoa da, ez da edozer gauza. Beraz, pazientzia, eta gorputzak esango duela.  

2022ko bizkarrezurra berregiteko lesioarekin alderatuta, hau gogorragoa al da? 
Hau askoz ere zailagoa eta gogorragoa da. Bizkarrezurreko ebakuntza izan nuenean, hiru hilabete pasa zirenean normal nengoen, sasoian. Honetan orain hasi naiz bizikletara igotzen. Ez dakit noiz arte luzatuko den. Egunero pauso bat ematen saiatuko gara, eta, egunez egun, ikusten joango gara.

"Errehabilitazioa ongi doa, baina prozesu hau luzerakoa da; pazientzia behar da"

Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesionaleko txirrindularia zara. 2024 urteko kontratua indarrean duzu. Talde aurkezpenean egon zinen, Iruñean, eta oso polita izan zen. 
Bai (kar-kar). Taldearen aurkezpen eguna egun berezia da. Taldekide guztiak elkarrekin gauden egun bakarrenetakoa da, berehala denboraldia hasi eta bakoitza toki batean dagoelako. Aurtengo aurkezpenean taldekide guztiak agurtu, eta beraiekin pixka bat hitz egin eta egoteko aukera izan nuen. Espeziala izan zen. 

Une gogorretan ezagutzen omen da, benetan, jendea. Ingurukoek, lankideek... nola erantzun dute bizi izan duzu egoera latzean? Eskertzeko asko al duzu?
Bai, jendeak oso ongi erantzun du. Lankideak lehenengo egunetik kezkatu ziren nitaz. Lagunei asko diet eskertzeko; beraiekin izan dut harreman gehiena. Gaizki nengoen momentutan bisitan etorri dira, eta alboan izan ditut. Lagunak izan dira gehien bat animatu nautenak. Eta familiak, jakina. 

Bi istripu larri izan dituzu. Etxean ez al dizute esan txirrindularitza uzteko garaia duzula? Edo inoiz ez lukete halakorik esango?
Bai, esaten didate (kar-kar), eta askotan. Normala da, jada bi abisu serio izan ditut. Niri bizitzak txartel hauek eman dizkit, baina garrantzitsuena txartel horiek ongi kudeatzea da. Txartel horien eta nire gogoaren arabera, ikusiko da. Niri edozer gauza esan diezadakete, baina sentitu dudana egingo dut, nik hartuko ditut nire erabakiak. Dena den, egia da beste ikuspuntu batzuk entzutea eta hausnartzea beti ondo etortzen dela. 

Martxel anaia ere txirrindularia da, afizionatuen Rural Kutxa-Alea taldean. 
Bai, eta istripua izan nuenean susto latza hartu zuen berak ere, agian nik baino handiagoa. Martxelek denboraldia hasi du, eta bera ikustera eta animatzera joango naiz. Orain arte ia ezinezkoa zen, nik ere lasterketak nituelako, baina orain aukera dut. 

"Bizitzan gauza asko ez daude gure esku; datorrena beti onartu beharra dago"

Txirrindularitza denboraldia jarraitzen ari zara? Nola ikusten dituzu Rural Kutxa-Seguros RGAko taldekideak? Eta Sakanako beste profesionalak? Mulu Hailemichael zure taldekidea, Igor Arrieta, Iker Mintegi, Gorka Izagirre... harremana duzu eurekin?
Bai, jarraitzen diet eta harremana dut eurekin. Taldea ongi ikusten dut. Aurten ez du Vueltan parte hartuko, eta gonbidapena jaso ez izana pena da, baina hala ere nik uste denboraldi oso ona egingo dutela. Sakandarrak ere ongi ikusten ditut; ongi ari dira, eta ziur ongi egingo dutela. Onena opa diet. 

Aurten Itzulia Basque Country-k bi etapa izango ditu Sakanan. Apirilaren 3ko etapa Ezpeletan hasi eta Altsasun despedituko da, etapa ederra, eta apirilaren 4koa Etxarri Aranaztik abiatuko da, Legution despeditzeko. Zure taldeak parte hartuko du, eta pentsatzekoa da inbidia sanoa izango duzula. 
Bai, guztiz. Itzulia hona etorriko zela jakin nuenean, pentsatu nuen “jo, nola gustatuko litzaidakeen bertan egotea”. Baina beste modu batean egongo naiz, etapak jarraitzera gerturatuko naizelako. Polita da Itzulia etxetik pasatzea. 

Nekatuta bukatzen duzu errehabilitazio saio baten ondoren, edo geroz eta animatuago zaude?
Batzuetan pisutsua egiten da. Leku batetik bestera, nekatuta bukatzen duzu, fisikoki baino, mentalki gehiago. Baina beharrezkoa da, ni ere hobetzen nago eta horregatik animoso joaten naiz. Fisioak ere kaña ematen dit; beraz, pozik. 

Gertatu zaizuna oso gogorra da fisikoki, eta mentalki izugarria. Arlo psikologikoa lantzeko neurriak hartu dituzu, guztia behar bezala asimilatu eta prozesuari aurre egiteko?
Gertatutakoa mentalki gogorra da. Ni neure egunerokotasunean beti saiatzen naiz fisikoaz aparte alde psikologikoa ere asko lantzen, bai profesionalekin eta baita nire kabuz ere. Psikologia mundua beti landu izan dut, bai entrenamendu eta errendimendurako, eta zer esanik ez beste gauzetarako. Orain tokatu zaidana gogorra da, baina hau gertatzen den momentutik bi aukera daude: pasa denari bueltak ematea, edo gertatutakoa onartzea, etorkizunari begiratzea eta egunez egun helburu berriak jartzea. Nire aukera bigarrena izan da beti. Bizitzan ez dakigu zer pasako zaigun, gauza asko ez daude gure esku, eta horregatik datorrena beti onartu beharra dago, helburu berriak jarri eta etorkizunari ahal den hobekien aurre egiteko. 

"Martxel anaia txirrindularia da, eta istripua izan nuenean susto latza hartu zuen berak ere, agian nik baino handiagoa"

Zeuk sufritu duzu istripua modurik gordinenean, jakina, baina auto gidariarendako ere ez zen samurra izango. Berarekin egon al zara?
Gertatutakoa istripu bat izan zen, argi eta garbi. Inork nahi ez duen istripua. Bera ZIUn egon zen istripuaren aurreneko egunetan, ni lo nengoela. Nire familiarekin egon zen, baina ni ez naiz berarekin egon. Agian etorkizunean izango da. Bizitzaren bueltak. 

Aurki udaberria dator, eta horrek beti animatzen du. Osatze bidean, zorterik onena opa dizugu.
Eskerrik asko! Egia da, bizitza beste modu batera ikusten da udaberri aldera, gehiago animatzen zara.