Oier Aguirre Lopezek ez du 2024ko maiatzaren 3a sekula ahaztuko. 19 urteko gazte iturmendiarrak egun horretan debutatu zuen areto futboleko lehen mailan, Osasuna Magna Xota taldearekin. 2 minutu izan ziren, baina iturmendiarrak emandako aukerari zukua atera zion, eta itxura ona eman zuen.
Maiatzaren 3an ametsa bete zenuen: Osasuna Magna Xotarekin lehen mailan debutatzea. Cordobaren kontrako partida oso estua izan zen, azken unean erabaki zena. 3-2 irabazita, debut gozoa izan zenuen.
Niretako debuta oso gozoa izan zen, bai. 11-12 urterekin hasi nintzen Xotan areto futbolean jokatzen, eta lehenengo mailara iristea ia ezinezkoa zela iruditu izan zait beti; nire burua hor ikustea, eta debuteko partidan 2 minutu jokatzea, niretako zoragarria izan da.
Betidanik areto futbolean aritu izan zara ala futbolean ere ibilia zara?
Txikitan futbolera jokatzen nuen Altsasun, baina amari eta aitari aipatu nien areto futbola gustukoa nuela. Xotarekin probatu nuen, eta 12 urterekin hasi nintzen Irurtzunen, infantiletan.
Harrobian gora egin duzu. Azken urteetan harrobiko zein taldetan lehiatu zara?
Joan zen denboraldian Xota Ibararte zen lehen taldearen harrobia. Aurretik Bigarren B mailan lehiatu izan zen, baina hirugarren mailara jaitsi, eta ni joan zen urtean talde horrekin lehiatu nintzen, hirugarren mailan. Aurten Bigarren B mailako Anaitasuna da Osasuna Magna Xotaren harrobia, eta nik bertan jokatzen dut.
"Txikitatik jokatu izan dut Xotan, baina lehen mailara iristea ia ezinezkoa iruditu zait beti"
Puntualki lehen mailako taldearekin entrenatzera joateko deitu al zizuten?
Aurtengoa oso urte arraroa eta berezia izan da niretako. Udan oraindik ez nekien non ikasi behar nuen. Azkenean, NUP-en irakasle ikasketak egitea erabaki nuen. Klubari esan nionean, Anaitasunan lekua egin zidaten. Aurre denboraldian, lehen taldeko Miguel Hernandez entrenatzaileak deitu ninduen, eurekin entrenatzeko. Ez nuen espero, eta ordutik talde nagusiarekin entrenatzen ari naiz. Denboraldi hasieran ez nuen horrenbeste entrenatzen, baina orain, lesioak direla eta beste, egun guztietan entrenatzen dut eurekin. Esan daiteke ia-ia beraien taldekoa naizela.
Bitartean Anaitasunarekin partidak jokatzen jarraitu al duzu?
Bai, taldean jarraitzen dut. Lehen mailako Xotaren partidetara joan izan naiz, baina orain arte aulkian egon naiz. Xotak ostiralean jokatzen badu, larunbatean edo igandean Anaitasunarekin jokatzen dut, baina partidak kanpoan badira, esaterako, Madrilen, Galizan... asteburu horretan ez dut Anaitasunarekin jokatzen.
Nolakoa da Bigarren B mailan Anaitasunarekin jokatzea?
Anaitasunak joan zen urtean Bigarren B mailako liga irabazi zuen, baina ez zuen mailaz igotzea lortu, eta aurten plantilla ia osoa aldatu dute. Joan zen urteko bizpahiru jokalari izan ezik, gainontzekoak berriak gara, zortzi-bederatzi jokalari, gehienak 19-20 urtekoak. Bigarren B maila berria da askorendako, eta kosta egin zaigu. Taldea egitea tokatu zaigu, zerotik hastea. Ongi hasi ginen, gero beheko postuetan sartu ginen, baina azkenean salbazioa lortu genuen eta lasai gaude. Bigarren B maila maila oso ona da; aurretik lehen mailan jokatu izan duten jokalariek jokatzen dute, baita bigarren mailakoek ere, eta hasi berriek. Liga oso lehiakorra da.
Zer du areto futbolak horrenbeste erakartzeko?
Badirudi futbolaren parekoa dela, baina kirol ezberdinak dira. Areto futbolean defendatzen eta erasotzen jakin behar duzu. Zelai osoan barna mugitu behar zara, eta guztia egiten jakin behar duzu. Kirol oso taktikoa da, jokaldi asko aurretik entrenatzen dira, eta arau bereziak ditu. Oso dinamikoa da, azkarra; beti erasoan gaude, erasoa bata bestearen atzetik.
Ez dago erlaxatzeko unerik. Segundo batean dena aldatu daiteke.
Areto futbolean segundo batean edozer gauza gerta daiteke.
"Lehen mailako erritmoa, intentsitatea, indarra... asko nabaritzen da"
Hegala zara, alboan jokatzen duzu.
Xotan hegala naiz, baina Anaitasunarekin batzuetan defentsa gisa jokatzen dut, defentsako lehen jokalaria. Posizio oso ezberdinak dira, eta bakoitzak berea du.
Maiatzaren 3an debutatuko zenuela bazenekien? Miguel Hernandezek zerbait esan zizun?
Batetik, espero nuen, baina ez nengoen oso ziur, partida bakoitzean denetatik gerta daitekeelako. Xotak salbazioa lortua zuenez, uste dut hori beste plus bat izan dela nik debutatu ahal izateko. Ostiralean esan zidaten prest egoteko, eguna izan zitekeela... eta izan zen.
Anaitasunan jokatutako denboraldiko azken partidan kantxara ateratzeko zure izena entzun zenuenean zer sentitu zenuen?
Nire izena entzun nuenean, nire familian pentsatu nuen lehenengo. Beraiek izan dira txikitatik entrenatzera eraman didatenak eta egun guztietan huts egin ez dutenak. Areto futbolak momentu onak ditu, baina baita momentu txar asko ere. Familiakoak Anaitasunan zeuden, nirekin jokatu duen jende asko baita ere, nire lagunak... alde batetik urduri, baina, bestetik, jokatzeko gogotsu nengoen. Niretako poz handia izan zen, eta gainera, partida irabaztea, sekulakoa.
Nola ikusi zenuen zure burua? Bigarren B mailarekin alderatuta ezberdintasuna sumatu zenuen?
Bai. Lehen mailan areto futboleko munduko jokalaririk onenek jokatzen dute, eta hori asko nabaritzen da: erritmoa, intentsitate handia, indarra... Nire fisikoa eta beraiena alderatuta, nire bikoitzak zirela ziruditen. Halako intentsitatearekin, hankak izugarri nekatzen dira, uneoro adi egon behar duzulako. Ezin zara ezta ehuneneko batean despistatu ere, edozein akats edo huskeri gola izan daitekeelako. Taldekideek asko lagundu ninduten, eta hori eskertzekoa da.
Zer esan zizun Miguel Hernandezek? Kontentu zegoen?
Bai. Bukaeran talde guztiak zoriondu ninduen. Une polita izan zen; partida irabazita, gehiago. Miguelek esan zidan ongi ikusi ninduela, eta Roberto Martil kapitain eta bigarren entrenatzaileak lehen mailan lehenengo minutuak jokatzea ez dela batere erraza aipatu zidan, eta ongi egin nuela.
Zer espero duzu datorren denboraldirako?
Denboraldia bukatzen denean plantilla zehazten hasiko dira, jokalari berriak zehazten, gurekin hitz egiten... Nik uste dut lehen mailan minutu asko jokatzeko oraindik geratzen zaidala, esperientzia hartu behar dudala. 19 urterekin pixka bat jokatzea niretako asko da.
Beraz, aurtengo denboraldiaren antzekoa espero duzu? Anaitasunan segitzea eta tarteka lehen mailan minutu batzuk jokatzea?
Ez dakit, hitz egin beharko dugu, baina litekeena da aurtengo denboraldiaren antzekoa izatea. Bestalde, agian oker nago, baina behin debutatuta eta urte osoa beraiekin entrenatu ondoren, agian minutu gehiago izan ditzaket. Ez dakit.
Unibertsitatea eta areto futbola. Zer moduz guztia uztartzeko?
Guztia aurrera eramatea ez da batere erraza. Futbolak denbora pila bat kentzen du, oso esklaboa da, Goizean entrenatzen dugu, eta klaseak ere goizean dira. Hortaz, klase asko galtzen ditut, etxean nire kabuz landu beharrekoak, baina momentuz dena ari naiz gainditzen, eta pozik nago. Azkeneko azterketak geratzen zaizkit, azken hilabetea.