Iturmendi Udalbiltzako kide

Guaixe 2024ko eka. 11a, 09:30

Iturmendi bilera egin zuten Udalbiltzako kideen talde argazkia. UTZITAKOA

Aurten dagoeneko hamahiru udalek bat egin dute partzuergoarekin.

Udalbiltzak ezohiko Kontseilu Nagusia Iturmendi elkartu zen maiatzaren 7an, ostiralarekin. Aho batez hartutako erabakien artean hainbat udal bere baitan onartzea izan zen. Horietako bat da Iturmendi. Gaur egun Udalbiltzako kide dira Sakanako honako udalak: Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia. Hamar guztira. 

Horretaz aparte, Udalbiltzaren bilkura horretan urteko administrazio kontuak onartu ziren. Ilbeltzean egindako Batzar Orokorrean Udalbiltzaren norabide eta irudi berria aurkeztu ziren, eta garagarrileko ez ohiko Kontseilu Nagusia baliatu zen partzuergoko kideei azken sei hilabeteotan egindako lana aurkezteko, beti ere, ilbeltzean ezarritako hiru zutabeei jarraiki: herri jasangarria lortzeko bidean, energiaren alorrean martxan dauden lanketak aurkeztu ziren, eta hilaren 15ean Legorretan izanen den hitzordua gogorarazi zuten. Izan ere, Energia komunitateak: harreman-sareak ehuntzen topaketa antolatu du Udalbiltzak larunbaterako. Egitaraua eta izena emateko aukera daude udalbiltza.eus webgunean. 

Bigarren zutabea memoria duen herri euskalduna eta askotarikoa eraikitzea da, eta hor kokatzen da Geuretik Sortuak beka. Bigarren edizioaren azken txanpan dago, edizioaren balorazio bat egiten ari da, eta hirugarren ediziora begirako prestakuntzak martxan dituzte dagoeneko. Hirugarren zutabea herri zaintzailea eta hezitzailea eraikitze da. Bide horretan hezkuntzan egiten ari diren lanketak aurkeztu ziren. Gainera, Udalbiltzak antolatuko dituen bi udako ikastaroetan izena emateko gonbita ere zabaldu zen: Retos y oportunidades de una Transicion Energetica Local ikastaroa izango da garagarrilaren 20an eta 21ean Bilbon, Bizkaia aretoan. Bestalde, UEUko udako ikastaroen baitan, Iratzar Fundazioarekin elkarlanean, Elkarrekin hobe? Euskal lurraldeen arteko artikulazioak hizpide ikastaroa antolatu du Udalbiltzak Iruñean, Katakrak liburu-dendan, garagarrilaren 26an.