Sare sozialetan argitaratutako iruzkinen bidez terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu dituela egotzita emakumezko iturmendiarra garilaren 16an, asteartean, 10:30ean epaituko dute. Egun horretan hasten dira hain zuzen Iturmendiko festak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak iturmendiarrarendako bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta 6.800 euroko fidantza eskatu du. Epaiketan akusazio partikularra da UPN eta iturmendiarrarendako bi urte eta egun bateko espetxe zigorra eta 4.500 euroko fidantza eskatu du.
Iturmendiarra Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6 zenbakiko Epaitegi Zentralaren aginduz otsailaren 6an atxilotu zuten, Joaquin Gadea epaileak eskatuta eta UPNk aurkeztutako salaketa baten ondoren. 63 urteko emakumezkoa haren aurrera hurrengo egunean eraman zuten, eta ez deklaratzeko eskubidea baliatu ondoren aske utzi zuen. Ordutik hamabostean behin Iruñeko auzitegian aurkeztu behar izan da, eta fiskaltzak eskatutako fidantza ordaindu du.
Iturmendiko elkartasun taldeak herritarraren askatasuna eta absoluzioa eskatzeko manifestazioa deitu du garilaren 20rako, 19:30ean. Manifestazioak Errepresiorik ez! Adierazpen askatasuna defendatu leloa izanen du.