Ameriketako Estatu Batuetako matematikari eta idazlea den Marilyn Vos Savanten esaldia da: "Justiziazko ekintza batek kapitulu bat ixtea ahalbidetzen du; aldiz, mendekuzko ekintza batek kapitulu berri bat idazten du". Halako zerbait gertatzen ari da Iturmendiko bizilaguna den Fanirekin. Uztailaren 16an epaituko dute Madrilgo Entzutegi Nazionalean, terrorismoa goratzea leporatzen diote X sarean (lehenago Twitter zena) idatzitako iruzkin batzuengatik. UPN alderdi politikoak jarritako salaketa bati jaramon eginez, Entzutegiak auzia ireki du eta Fiskaltzak bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen du Fanirentzat. Epaileek Fiskaltzaren eskaera onetsiko balu, Fani espetxeratua izanen da. Bizitzaren paradoxak, epaiketa Karmen egunarekin eginen da, Iturmendiko jaietako egun handiarekin hain zuzen ere.
Sakanako herritarrontzat Fani pairatzen ari dena dejà vu bat da. Funtsean, Fani zigortzeko martxan jarri den errepresio tresneria 2016 urteko urrian Altsasuko Koxka tabernan guardia zibil batzuekin liskarra izan zuten gazteen aurka erabilitako tresneria berdina da. Zorigaiztoko gertakari batzuk tarteko; larritasun txikia duen auzi bati terrorismoaren izaera ematen zaio, bultzada politiko nabari bati erantzunez (Altsasukoen auzian, PPren Gobernutik etorri zen bultzada politikoa, Faniren auzian UPN alderditik). Terrorismoaren izaera emanda, auzia Madrilgo Entzutegi Nazionalera eramaten da; euskal herritarrontzat Justizia Zero den Gunean epaitu dadin.
Zoritxarrez, Fanik zerbait ezagutzen du nola tratatzen dituzten euskal herritarrak Entzutegi Nazionalean. Fani 2016 urtean zendu zen Julen Galartza Otxoa Iturmendiko bizilagunaren alarguna da. Julen 1978 urtean atxilotu zuten, indarrean dagoen Konstituzioa oraindik onartu gabe zegoenean, beraz. Poliziak kotxea tirokatu zien Urbasako mendatean, eta Julen, Julenen arrebaren mutil laguna eta beste gazte bat zaurituak suertatu ziren. Zaurituak egoteak ez zien inkomunikaziotik eta torturatik libratu, ordea. Hamar urte egin zituen preso Julenek, baldintza oso gogorretan, birritan izan baitzen jipoitua kartzelan ere. Bere senitartekoak ere errepresaliatuak izan ziren orduan; bere arreba Puri eta bere anaia Juan Mari atxilotuak eta torturatuak izan ziren Julen Soriako espetxean zegoela laguntzeagatik.
Vos Savantek idatzitakora itzuliz, Fanik Madrilen aurkituko duena Justizia ala Mendekua izanen da? Argi dago badaudela oraindik orain UPN eta Entzutegi Nazionala bera bezalako eragileak gatazka eta sufrimenduaren kapitulua amaitzea ez dutena nahi. Antza, badirudi ere Entzutegi Nazionalaren markoak Fiskaltzaren jarrera ere baldintzatzen duela, zeina garai hauetan jada posizio doituago eta demokratizatzaileago batean egon beharko lukeen. Lawfare saioak indargabetzearen aldeko posizioetan, alegia.
Oso argi daukaguna da Fani babesteko unea dela. Soilik Herriak salba dezake Herria. Uztailaren 20an, larunbatarekin, Iturmendiko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioan bilduko gara Faniri elkartasuna adierazteko. Fani Libre!!