Iturmendiarrak ez du kartzelan sartu beharko

Guaixe 2024ko uzt. 16a, 13:45

Iturmendin larunbatean eginen den manifestaziora deitzen. UTZITAKOA

Gertakariak onartu eta akordioa lortu du akusazioekin. Besteak beste, bi urteko kartzela zigorra eta 2.700 euroko isuna jarri diote. Manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Salako 4. Sekzioan iturmendiar bat epaitu behar zuten garialren 16an. Sare sozialetan argitaratutako iruzkinen bidez terrorismoa goratu eta biktimak umiliatu dituela egotzi zioten. Epaiketaren aurretik fiskaltzarekin tratua onartu du 63 urteko emakumezkoak eta, horrela, kartzelan sartzea ekidin du. Hala ere, Iturmendiarrari honako zigorra jarri diote: bi urteko espetxe zigorra, hamabost hilabetez egunero sei euro ordaintzea (2.700 euro), hamar urteko inhabilitazioa eta zaintzapeko askatasunean egotea. Azken hori nola izanen den ez da zehaztu. 

Espainiako poliziak iturmendiarra otsailaren 6an atxilotu zuen. Emakumezkoa epailearen aurrera hurrengo egunean eraman zuten, eta ez deklaratzeko eskubidea baliatu ondoren aske utzi zuen. Ordutik hamabostean behin Iruñeko auzitegian aurkeztu behar izan da. Fiskaltzak iturmendiarrarendako bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta 6.800 euroko fidantza eskatu zuen. Epaiketan akusazio partikularra izan den UPN-k, berriz, iturmendiarrarendako bi urte eta egun bateko espetxe zigorra eta 4.500 euroko fidantza eskatu zuen. Auzipetuak fiskaltzak eskatutako fidantza garagarrilaren 17an ordaindu zuen. 

Deialdia
Iturmendiko elkartasun taldekoek adierazi dutenez, "ez dago ospatzeko ezer. Gure herrikideak jasotako zigorra guztiz gaitzesgarria da". Taldeak herritarraren askatasuna eta absoluzioa eskatzeko manifestazioa deitu du garilaren 20rako, larunbaterako, 19:30ean. Manifestazioak Errepresiorik ez! Adierazpen askatasuna defendatu leloa izanen du. Taldekideak esan dutenez, "nahiz eta kartzelara sartzea ekidin den, manifestaziora joateko deia egiten dugu. Mobilizazioaren bidez, salatuko dugu zigortua izan dela, eta oso larria dela egoera". 

UPNren "poza"
Emakumezko iturmendiarrak UPNren salaketa baten ondoren auzipetu zuten. Alderdi erregionalistak ohar bidez "pozik" agertu da zigorragatik. UPNtik adierazi dutenez, "terrorismoaren biktimei justizia eta erreparazioa egitea ospatzen dugu. Ez dugu inolako mespretxu edo erasorik onartuko gure askatasunak eta demokrazia basakeria terroristaren aurrean defendatzeko hainbeste egin zutenen oroimenaren eta duintasunaren kontra", adierazi dute.

Gaineratu dutenez, "terroristak goratzea eta biktimak umiliatzea dakarten mezu eta portaeren aurrean zigorgabetasun guneak ezin direla onartu" adierazi dute. UPNtik nabarmendu dutenez, "legeak eta zuzenbidezko estatuak ematen dizkiguten tresnekin gertatzen diren umiliazio guztiak salatuko ditugu, terrorismoaren biktimendako memoriarekin, justiziarekin, duintasunarekin eta egiarekin dugun konpromiso ukaezinaren froga gisa".