Iturmendiko elkartasun taldeak deituta, Errepresiorik ez! Adierazpen askatasuna defendatu leloa zuen manifestazioa egin zen larunbatean. Haren bidez herriko 62 urteko emakumezko baten atxiloketa, auzipetzea eta jasotako zigorra salatu nahi izan zuten. Taldeko kideek adierazi zutenez, "ez da kartzelan sartuko, eta hori poztekoa bada ere, gaur ez dugu ezer ospatzeko, zigortu egin baitute".
Taldekideek "azken hilabeteetan eman diren errepresio kasuak salatu" zituzten. Honako kasuak aipatu zituzten: Zaballako espetxera martxa bat egiteagatik Aske antolakundeak jasotako 150.000 euroko isuna; Aitor eta Galderren espetxeratzea salatzeagatik Ernaik jasotako 293.000 euroko isuna, Gazte Koordinadora Sozialistako 70 kide "modu basatian kolpatu" zituztela Gasteizen etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazio batean, Aroztegian "proiektu txikitzaileen kontrako desobedientzia ekimena egiteagatik" 20 urteko espetxe zigorra eta 56.000 euroko isuna eskatzen diete zazpi pertsonari. Gaineratu zutenez, "elkartasuna ematea jasotzea bezain garrantzitsua da".
Aldi berean, Ruben Gelbentzu Gonzalez arbizuarraren egoera “lazgarria gure indar guztiekin” salatu zuten. Azaldu zutenez, “Audientzia Nazionalaren partetik ekonomia eta epaileen jazarpen ikaragarria sufritzen ari da”. Elkartasuna adierazi zioten eta dei egin zieten "Sakanan jarduten duten antolakunde politikoei egoerak duen larritasunaz jabetzera eta Gelbenzuri beharrezkoa den babesa eman diezaiogun".
Kasu horiek guztiei ere testuingurua eman nahi izan zien Iturmendiko elkartasun taldeak: "kasuok ez dira salbuespenak. Krisi kapitalista garai hauetan, borroka egitea eta antolatzea inoiz baino zilegiagoa eta beharrezkoagoa da. Eta borroka dagoenean, errepresioa ere. Ondorioz, etorkizunean kasu gehiago emanen dira eta guztiondako guk jasotako elkartasuna berdin eskatu nahi dugu".