Lluc Godall

"Gurasoei esan nien hurrengo urtean errepikatu nahi nuela bai ala bai"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko abu. 2a, 09:00

Duela hamar bat urte kasualitatez Iturmendi ezagutu zuen, eta ordutik udako oporretan eta "ahal dudanean" bisitak egiten ditu katalanak 

Lluc Godall Berdala La Garriga herri bizi da, katalana da, baina Iturmendirekin harreman oso estua du. Lotura duela hamar bat urteko udako oporretan hasi zen, bidaia batetik bueltan Iturmendiko landa etxe batean gelditu zirenean: "Herri oso polita iruditu zitzaigun eta maitemindu ginen". Ordutik, ahal duenean itzultzen da. 

La Garriga "herri polita, lasaia eta bizitzeko egokia" zela pentsatuta iritsi ziren Godallen gurasoak bertara bizitzera. Bertan jaio zen Godall duela "ia 22 urte". La Garrigak 17.000 biztanle inguru ditu, "Iturmendi baino zerbait handiagoa da", baina lasaia dela gaineratu du katalanak.

"La Garriga eta Iturmendi ezin dira alderatu; oso desberdinak dira". La Garriga "urbanoagoa" dela eta erosketak egiteko eta aisialdirako "aukera gehiago" daudela esan du Godallek. Baina Iturmendin "beste gauza batzuk" daude, besteak beste, mendi jarduera asko egin daitezkeela gaineratu du. "Mendiz inguratuta dago; orduan, mendia, treckinga eta abar gustatzen bazaizu, paradisuan zaude. La Garrigan ere mendia eta basoak daude, baina desberdinak dira. Klima lehorragoa da eta pinuak eta alsinak daude; Iturmendin euri asko egiten duenez pagoak eta haritzak daude, eta baso oso berdeak eta politak". 

Oporrak

Gurasoekin Asturiasera bidaia bat egin zuen eta joateko bidaian "kotxez bidaia luzea denez" Abarzuzan landa etxe batean gelditu ziren. Bueltan beste landa etxe bat hartu zuten; Iturmendin. "Aurretik ez genuen ezagutzen, baina landa etxeak bilatzen hori aurkitu genuen". Maitemindu ziren. 

Nemesio Landa Etxean gelditu ziren, "etxe oso polita da eta jabeak, Gema eta Nemesio, zoragarriak dira". Gemak bere semea ezagutu behar zuela esan zion, elkar ezagutu zuten, "eta hitz egiten ordu pila bat egon ginen, hasieratik konektatu genuen". Urtzi eta Iradi anaiarekin ere laguna egin zen. "Urtzik bere kuadrilla aurkeztu zidan eta oso bitxia iruditu zitzaidan herrian egiten zituzten gauzak nire herrian egiten nituenekin oso desberdinak zirelako; mendira joaten ginen, etxolak egiten genituen... ni ez nengoen ohituta". 

"Gurasoei esan nien hurrengo urtean errepikatu nahi nuela bai ala bai". Horrela, hiru udako oporretan gurasoekin Iturmendira etorri ziren, eta ondoren bera bakarrik etortzen hasi zen. Noizbait bere lagun minarekin, Oscarrekin, etorri izan dela esan du Llucek, eta Urtzi ere La Garrigan egon da Llucen kuadrilla eta herria ezagutzen. 

"Iturmendira etortzeko inoiz galtzen ez dudan data bat uztailaren erdialdea da: festak"

Lehenengo oporretan hilabete oso bat pasatzen zuen Iturmendin, "eta hori izugarria zen". Orain "ahal dudanean" etortzen da, urtean "hainbat alditan". Inoiz galtzen ez duen data bat uztailaren erdialdea da: Iturmendiko festak. Bestela, asteburu luzeetan ere etortzen da, "ostiralen bat lanean jai hartzen dut eta Iturmendira eskapatzen naiz". Festetan egon ondoren, oraindik ez daki oso ongi noiz itzuliko den, "baina irailean edo urrian joaten saiatuko naiz; ordurako seguruenik faltan botako dut". 

Herrira iristen denean lehenengo gauza Galartza-Urdaniz familia bisitatzera joatea da. "Estima handia diet, nire familia balira bezala sentitzen dut". Ondoren, Urtzi eta Iradi agurtzen ditu ere eta gaztetxera lagunekin joaten. "Kuadrillakoak itxoiten egoten dira, eta beti parrandaren bat dagoenez, oso ongi pasatzen dugu". Iturmendin "beti" egiten duen beste gauza bat Hiru Haitzetara joatea da, "leku oso polit bat da. Bake handia ematen dit leku horrek". Badira egin gabe gelditzen zaizkion gauzak ere, "hainbeste gauza daude egiteko, beti zerbaitek ihes egiten didala". 

Zer usain eramaten du Llucek etxera? "Galdera honekin burura etorri zaidan lehenengo usaina Endikaren gazta izan da. 15 urte zituenetik artzaia da, eta ardi latxaren gazta oso goxoa egiten du".