Urriaren 26an Iturrock jaialdiaren bigarren edizioa antolatu dute, Iturmendin. Hiru pertsonen ideia izan zela esan dute antolatzaileek.
Iturrock 1980ko hamarkadako musika entzuteko iturmendiarren nahietik sortu zen
"Gustuko ditugun taldeak entzutea eta, batez ere, helduagoak diren pertsonak mugitzea nahi genuen". Hortaz, 1980ko hamarkadako taldeak "ekartzea" pentsatu zuten, "tributuak, behintzat, izan ere talde batzuk ezinezkoa da dagoeneko ekartzea". Iturmendiar talde bat lanean hasi zen eta azkenean hiru talde tributurekin eta tributua ez den talde batekin Iturrock jaialdia antolatu zuten. "Gaur egun gazteak ateratzen dira parrandan eta gazteendako talde berriak entzuten dira. Guk nahi genuen helduak ere ateratzea, 40 urtetik gorakoendako zerbait antolatzea; guretako egun bat".
Ideia izan zuten iturmendiarrek laguntza izan zuten, besteak beste, gaztetxea proiektuan inplikatu zen "eta erantzukizun oso positiboa izan zuen", Aizkozar elkarteak eta Iturmendiko Udalak ere lagundu zuten. Aurreko edizioan Nafarroa Oinez Etxarri Aranatzen izan zenez, Andra Mari ikastolaren laguntza izan zuten ere. Gaztetxeko kideen esanetan, "ikusi genuen helduek bazuten nahi bat haien garaiko musikak berpizteko eta hasieratik batu ginen horrelako egun bat mugitzen". Iturmendin festa eguna badirela gaineratu dute, "baina eragile batetik sortu dira, ez herritik".
"Berezi egiten gaituen gauza bat da auzolanean antolatu dugula jaialdi guztia"
Iturrock bereizten duen gauzarik nabarmenena herritik sortutako jaialdi bat dela da. "Berezi egiten gaituen gauza bat da auzolanean egin dugula hau guztia. Barra egiten egon daiteke 50 urteko guraso bat eta 18 urteko gaztetxo bat. Denok biltzen gara proiektu hau aurrera eramateko", aipatu dute gazteek. Herri txiki bat indarrak batu ditu "horrelako" jaialdi bat sustatzeko. Antolatzaileek gaineratu dutenez, helduendako bideratutako festarik eta 1980ko hamarkadako talde horiek zuzenean ikusteko aukerarik ez dago, eta hori ere nabarmentzekoa da: "40 urteko pertsona bat ez da Nafarroa 1512re edo gaur egungo gaztetxoen kontzertu batera joango, edo bai, baina errazago da Barricadaren kontzertu batera joatea". Nahiz eta tributuak izan, adin horreko jendearendako jaialdi bat beharrezkoa ikusten zuten.
Tributuak
Iturrocken nortasuna da "lehengo garaiak" taldeak tributuen bidez berpiztea eta talde berri bat "azaleratzeko aukera ematea". Aurreko urtean Aoizko Irati 58 taldeak jo zuen, eta aurten Muga Zero lakuntzarra izanen da Iturrocken. Bestetik, Barricadaren Barrena talde tributua Bartzelonatik etorriko da, Hasta La Polla La Pollaren tributua Madrildik eta Txalainak Hertzainaken talde tributua Bilbotik etorriko dena.
Aurreko urtean antolakuntza "eroen moduan" izan zela aitortu dute: "Hilabete bat lehenago, hilabete eta erdi askoz jota, ideia bururatu itzaigun eta pin-pan antolatu genuen. Aurretik udazken jaia antolatu genuen diru pixka bat biltzeko. Eguna ongi joan zen, balorazioa egin genuen eta bigarren edizioa antolatzea erabaki genuen". Adin guztietako jendea gerturatu zela ikusi zuten, "gure helburua bazen jende heldua ateratzea, helburua bete zela ikusi genuen, eta hor egon gara bizpahiru pertsona eguna antoaltzen". Iturrockeko antolatzaileek "talde desberdinak eta musika estilo desberdinak" egotea nahi zuten, "bestela, jende bera erakarriko zituzten".
Jaialdia plazan edo, eguraldi txarrarekin, frontoian izanen da. "Aurreko urtean euri pixka bat egin zuen, baina sekulako festa antolatu genuen, eta ez zen euria nabaritu ere egin. Aurten antzeko", azaldu dute gazteek. Lehenengo ediziorako egin zuten propaganda handiaren ondorioz jendeak erantzun zuela gaineratu dute. "Ekarri ditugun taldeak talde oso ezagunen tributuak dira, eta jendeak nahi ditu talde horiek zuzenean ikusi. Erantzuna izugarrizkoa izan da".
Egitaraua
Gaueko musika jaldia ez ezik, egunean zehar egitaraua antolatu dute Iturmendin. "Goizean adin guzteitarako joalsak edo erronkak egongo dira, etxeko fritoekin egindako fritopotea egingo dugu, eta gero bazkaria". Bazkariaren onodren bingo musikatua egingo dute, "aurreko urtean egin genuen eta mahai guztia girtu zen. Esperientzia oso ona izan zen".
Eztanda irratiak 25 urte betetzen ditu, eta Iturrock urteurrena ospatzeko aitzakia ere izango da; egunean bertan, Muga Zerori egindako elkarrizketa emitituko dute.