Astekaria

"Karta jokorik politena da, alde handiz"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko mar. 25a, 12:30

Arantxa eta Miren, Aitzkozar elkarteko txapeldunak. UTZITAKOA

Euskal Herriko Mus Txapelketako Iturmendiko kanporaketa irabazi eta Nafarroako finalerako sailkatu ziren beste 180 bikoterekin batera. Martxoaren 22an, larunbatean, Iruñean aritu ziren jokatzen Arantxa Jungitu Aseginolaza eta Miren Galartza Martin.

1 Zergatik musa?
Miren. Iturmendin beti jokatu izan da Aritzaga elkartean txapelketa gabonen aurretik. Aitona, aita eta osaba horretan jolasten ikusten zenituen. Niri aitonak erakutsi zidan. Gogoz hartu nuen eta beti jokatzera animatu naiz. 

Arantxa. Ez dut gogoratzen noiz ikasi nuen. Aspaldi izan zen, osaba eta izebarekin, gustuko izan nuen. 

2 Zerk egiten du musa erakargarri?
A. Karta jokorik politena da, alde handiz. Arauak daude, baina nahi duzun moduan joka dezakezu. 

M. Gezurretan ibiltzeko xarma hori du. Lau erregetara jokatzen dugu. Guk zortzi erregetara jokatzen ikasi genuen, herriko ohitura hori zen. Ohitura aldatu zen, eta aldaketan ongi moldatu ginen. 

A. Zortzira mundu guztiak kartak ditu, eta gezur gutxiago dago. Musaren gauza polita da gezurrak esan ditzakezula, eta laurekin aukera gehiago daude horretarako. 

3 Mus bikotea noiztik?
A. Betidanik. Gure lehen saria 2003koa da. Beharbada 25 urte. 

M. Gaztetxo hasi ginen. Elkarri aurpegira begiratuta, gutxi gorabehera, badakigu bakoitzak zer duen, karta onak edo ezer ez dugun. Keinurik egin gabe partida nola joanen den badakigu. 

4 Maiz jokatzen duzue?
A. Ez. Lehen gehiago eta, gehienbat, txapelketetan. Bikote bat prest badago, gu beti gaude jokatzeko prest. Baina, egia esan, ez dugu halako bikoterik opatzen.

M. Amatasunak elkartzeko denbora murriztu digu, areago jokatzeko. Behintzat urtean behin jokatzen dugu, zen txapelketa hau ez dugu sekula galtzen. Elkartean jokatzen dugu. Afaldu ondoren beste bikoteren bat egon daiteke. Edo txapelketetan. 

A. Beti gabiltza jokatzeko beste bikote baten bila. 

M. Gure kontra jokatzeko beldur dira!

5 Karta txarrak sartzean, zer?
A. Disimulatu eta karta onak izanen bazenitu bezala jokatu. 

M. Beste bikotearen zain egon, zer lortu edo ez jakiteko. 

6 Karta onek eskutan "erretzen" dute?
M. Karta onak ditudanean Arantxak jokatzen du, eta alderantziz. 

A. Beste bikotea despistatzeko. 

7 Aldea dago lagunartekotik lehiaketara?
A. Lagunartekoan ez dago tentsio hori. Txapelketetan beti urduritasuna... beste modu batera jokatzen da.   

8 Beste bikoteari erreparatzen diozue?
A. Tranpak harrapatzen saiatzen gara, lehenengo, nola jokatzen duten begiratzea, nondik nora doazen. Eta horren arabera modu batera edo bestera jokatzen dugu. Batzuek gehiago nahi izaten dute, beste batzuek ez. Edo mozterako orduan kontu handiagoa edo gutxiago dute. 

M. Edo pasatzen eta pasatzen utzi eta ordago batekin izorratzen ditugu. 

9 Keinuak egin zaleak zarete?
A. Gustuko dugu, baina beti ez dute uzten, bikote batzuek ez dakizkitelako. 

M. Keinuek bata bestearen kartekin jokatzeko aukera ematen digu. Eta ziria sartzen saiatzen gara. 

A. Hori da jokoaren grazia. Kartarik gabe irabazi eta kartak erakustean... 

10 Finalerako nola prestatu zarete?
A. Iturmendiko kanporaketakoa izan zen azken partida. Irabazi eta saria Iruñerako txartela lortzea izan zen. 

M. Entrenatzeko norbait gurekin jokatzeko prest badago, abisa dezala. 

A. Iruñeko kanporaketara askotan joan gara eta beti han gelditu gara. Beste maila bat dago. Zortea eta kartak izan behar dituzu. Beste errondara pasatzeko lau partida irabazi behar dituzu. Zaila izaten da. Baina ea aurten hala den.  

M. Dagoen mailarekin, kartarik ez baduzu ez duzu zer eginik. 

A. Lasai joanen gara.  

11 Zein asmorekin zoazte finalera?
A. Ziur ongi pasatzen dugula.  

M. Hainbestetan joan gara, kanporaketa pasatzeko gogoz goazela.