Iturmendiarrek ez dute nolanahi ahaztuko maiatzaren 4an, igandea, 17:00etatik 18:00etara izan zen ekaitza. Urbasatik jaisten den Atxumendiko erreka bidera atera eta bideko kaskaiku guztia eraman zuen, Atxumendi kalea erabat betez. Urak Elizalde kaletik plazara eta Arloskabidetik autobiarantz jo zuen. Atxumendi kalean kaskailuak ura etxeetarantz bideratu zuen eta zenbaitetan sartu zen. Autobia aldeko garajeetan ere sartu zen ura.
Sarateko erreka Iturmendi lurpetik zeharkatzen du. Adarrak, enborrak eta harri handiak lurpeko pasabidean ez sartzeko metalezko hesia dago jarrita. Baina ura haren gainetik pasa eta Txorralde kalea erreka bihurtu zuen. Urak Zirrinkale kalean behera egin eta Estafeta kaleraino iritsi zen. Txorraldeko garbitokiaren ondoan dagoen etxera ura sartu zen eta, maila hain handia zenez, bertako jabeak paretan zuloa egin zuen urak bere bidean jarrai zezan. Beherako hainbat etxetan sartu zen ura. Batez ere kalte handienak Estafeta kalean eragin zituen.
Urak sortutako hondamendia ikusita, makina bat iturmendiar kaltetutako aldamenak laguntzen aritu ziren. Laguntzaileak domeka arratsaldetik 22:00etaraino egon ziren urak sortutako kaltea konpontzen. Iturmendiko Udalak eskertu egin du adin guztietako iturmendiarrek emandako laguntza. Baita ura ateratzen suhiltzaileen jarduna ere. "Ondoko herrietatik baliabideak eskaini dizkigute eta eskertuta gaude". Udala zergatiak aztertu, kalteak baloratu eta dirulaguntzak eskatzeko Nafarroako Gobernuarekin, Babes Zibilarekin eta bestelako erakundeekin harremanetan dago.