Txirrindulariak

Iker Gomez hirugarren Iturmendiko podiumean

Guaixe 2025eko maiatzaren 26a

Iker Gomez, Iturmendin. FINISHER

Finisher taldeko altsasuarra lehen nafarra izan zen eta esprintean Iker Diazen (Rural Kutxa-Alea) eta Gari Ugarteren (Euskadi Fundazioa) atzetik sailkatu zen

Maiatzaren 25ean afizionatuen mailako XIII. Iturmendi Trofeoa jokatu zen, Urbasa Txirrindularitza Klubak antolatutakoa. 134 txirrindularik hartu zuten irteera hasieratik oso mugitua izan zen proban. Izan ere, Altamira bederatzi aldiz gainditu behar izan zuen tropelak, eta hasieratik sortu zen saltsa. Zazpi jokalariren ihesaldiak tropelaren erritmoa baldintzatu zuen, eta hiru geratu ziren buruan: Juan Pedro Lozano (Rural Kutxa), Gari Ugarte (Euskadi Fundazioa eta Luis Alberto Lajarin (Finisher). Hala ere, tropelak irentsi zituen, eta esprint estuak erabaki zuen Iturmendiko garailea. Azkenean, Iker Diaz (Rural Kutxa-Alea) izan zen azkarrena (3:16:13), Gari Ugarteren (Euskadi Fundazioa) eta Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarraren (Finisher) aurretik. Gomez lehen nafarra izan zen.  

Aimar Tadeo lakuntzarra (Euskadi Fundazioa) 22. postuan sailkatu zen, eta Mikel Uncilla etxarriarra (Rural Kutxa-Alea) 29., biak denbora berean. Mendiko txapelketa Luis Alberto Lajarinek irabazi zuen –Mikel Uncilla hirugarren izan zen–, eta tarteko helmugen trofeoa Adur Arrizabalagak (Electro Alavesa-Zuia) lortu zuen. Taldeka, Euskadi Fundazioa izan zen onena. 

Nafarroako Itzulia
Amateurren tropela maiatzaren 29tik 31ra jokatuko den Nafarroako Itzulirako prest dago. Maiatzaren 31ko etapa, larunbatekoa, Aldatzen hasi eta Egiarretako Itxasperrin despedituko da, Lizarraga eta San Miguel portuak tartean dituela.