Oihan Artola

"Auzolanak bultzatuta egin dugu aurrera"

Ahiletz Nuñez Galartza 2025ko eka. 10a, 13:30

Ezkerretik eskuinera; Ainhoa Lopez, Nahia Nuñez, Javi Beraza, Eki Galarza, Ekaitz Gabirondo eta Tim Riff. UTZITAKOA ahiletz nuñez galartza

Iturmendin, "elkartasun pizzak" proiektuari ekin zioten duela urte pasatxo. Oihan Artola, herrikidea eta partaideak esan duenez, proiektuak herrian mugiarazi eta elkartasunez bete du.

Guztion arteko lana izan da, zahar eta gazte ibili dira pizzak prestatzen.

1 Nondik atera zen pizzak egitearen ideia?
Herrikide batek izan zuen ideia eta hark eman zuen proposamena. Proiektua ezbehar batengatik hasi zen, herriko emakume bat Audientzia Nazionalak auzipetu nahi izan zuenean, sare sozialetan egindako iruzkin batengatik, eta isun horri aurre egiteko erabaki zen pizzak egitearena.

2 Zein helbururekin egiten dituzue pizzak?
Hasieratik pizzak helburu zehatzekin egin dira, eragile bat edo beste laguntzeko. Horretaz aparte herria mugitzeko aitzakia bezala erabili da ere bai.

3 Zein da pizzak egitearen prozesua?
Hiru egun hartzen dizkigu prozesu osoak asteazkenetik ostirala arte. Lehenengo egunean ore ama egiten pasatzen dugu. Bigarrenean, masa altxatzen edo harrotzen hasia denean ur eta irin gehiagorekin nahasten dugu bere tamaina bikoiztu dezan, bigarren egun horretan ere pizzen masak izango direnaren bolak prestatzen ditugu eta azkeneko harrotzea egiten uzten zaio. Hirugarren egunean masak luzatu eta behingoz pizzak prestatzen dira "kar-kar".

4 Zein labeetan egiten dituzue pizzak?
Aitzkozar elkartean aspalditik egina zen kupula formako labe bat Italiakoen antzekoa. Labe hori egurrez berotzean ere tenperatura berezi bat lortu genuen pizzak bikain geratzeko: 400 gradutan jartzean bi minututan prestatzen direlako.

5 Zenbat pizza egiten dituzue txanda bakoitzean?
Gaitasuna mugatua dago, baina hala ere konforme gaude txanda bakoitzean 100-130 pizza artean egin izan ditugulako.

6 Zer pizza mota eskaintzen dituzue?
Bost pizza mota egitea adostu genuen karta bat sortuz, pizzei herriko eragileen izenak eman genizkien, hala nola Ximona edo Santamarina. Barazki pizzak, haragiarekin eta baita berezitxoago zen bat antxoa eta alkaparrekin. Sortutako pizzez aparte gehigarriak ere jarri genituen jendearen aukeran.

7 Adin ezberdinetako jendea ibili da lanean?
Bai, bultzatu behar zen ekimenaren arabera pertsona batzuk edo beste batzuk gerturatu ziren, aniztasuna egon da alde horretatik. Gehienetan ere talde motorreko jendea egon da laguntzen, hasiera batetik proiektura atxiki ginen zenbait pertsona bertan ibili gara esku bat bota nahian eta sartzen ziren berriei erakusten.

8 Pizzen dirua eragile ezberdinak laguntzeko erabili da, nola aukeratu da finantzatu behar zen hori?
Audientzia Nazionaletik iritsitako isuna ordaindu ondoren, kolokan gelditu ginen proiektuaren norabidearekin. Ekarpen ekonomiko hori bideratzeko puntu komun batera iritsi ginen, hau da, herriko eragile, talde edo bestelako beharrak asetzeko aukera polita izan zitekeela ikusi genuen. Zenbait adibide eman daitezke; Biltokiko haur txokoan futbolin mahai berri bat behar zelako haiendako egin zen, Ximona gaztetxearen sukaldearen proiektua sustatzeko baita, bestelako isunei aurre egiteko ere, beti herriarekin zerikusia zuten beharrak asetzeko helburuarekin.

9 Kausa sozialez aparte zerbait gehiago bultzatu nahi duzue ekimenarekin?
Noski, herriak zuen behar bat ase dugulakoan gaude, Iturmendin kanpotik eskatuta ez bada ez dagoelako afaltzeko aukerarik eta proiektuarekin herrikideak Iturmenditik mugitu gabe etxetik at afaltzeko aukera eman diegulako.

10 Zein izan da eskaleen erantzuna, zein izan da pizza gogokoena?
Santamarina pizzak arrakasta handia izan du, pizza hau barazkiz osatutakoa zen eta labean hartzen zuen zapore bereziak arrakastatsuenean bilakatu du. Erantzuna oso positiboa izan da kontuan izanda zenbait pertsonak adi ibili ez izanagatik pizza gabe geratu direlako; eskaria eskaintza baina handiago izan da. Arrakasta izan da Sakana osotik etorri delako jendea dastatzeko nahiarekin.

11 Azken aldian geldialdia egin duzue, jarraitzeko ideiarekin zaudete?
Noski, jendearen erantzunak motibatu gaitu honekin aurrera jarraitzeko. 600 kilo irin bukatu arte, behintzat, elkartasunerako arrazoiak ematen diren bitartean horretan ibiliko gara.