parapentea

Baizakoak, hegan gozatzen segitzeko prest

Guaixe 2025eko ekainaren 6a

Baiza Parapente Taldeak Sakana Parapente Eguna antolatu du ekainaren 7an, larunbata, Iturmendin duten kanpan. Egun osoan hegaldiak izango dira, eta festa eguna kontzertuekin borobilduko da. Bertara gonbidatu dituzte sakandarrak.

Ekainaren hasiera parapentearen festarekin lotzen da Sakanan. Aurten ere Sakana Parapente Eguna antolatu du Baiza Parapente Taldeak. Ekainaren 7an izango da, goizean goiz Baizak Iturmendin alokatuta duen kanpan. 9:00etatik aurrera egunean parte hartzeko izena ematea zabalduko da –aurretik ere izena emateak jaso dituzte–, eta lehen igoera 10:30ean abiatzea espero dute. "Momentuz ez da euri iragarpenik, eta, hortaz, euria ez dagoen bitartean, eguna aurrera aterako da. Ipar haizeak jotzen badu, Santa Marinatik abiatuko gara, eta hego haizea badago, San Migeldik" azaldu du Baizako Urko Toledok. Iturmendik 100 parapentelari bilduko direla aurreikusten dute, eta kontentu daude. 

Goizez eta arratsaldez egingo dute hegan. Bitartean, biplazetan aritzeko parada egongo da, eta materiala zein simuladorea probatzeko aukera. Festa eguna Baizakoen kanpan izango denez, ez dute hara eta hona bueltaka ibili behar. "Guztia eskura dugu, eta horrela, herritarrak ere gutxiago aztoratzen ditugu". Egunean barna mokadutxoren bat hartzeko tartea izango da, baina 20:00etan afari meriendan bilduko dira guztiak. 22:00etan The Karkamals eta The Marteens taldeen kontzertua hasiko da kanpan bertan; azken hauek, disko berria aurkeztuko dute. Parapenteak gertutik ezagutzeko kanpara gerturatzea gonbidatu dituzte sakandarrak.