Herriko argiteria publikoko sarea berritzeko 1. faseko lanak eman nahi ditu Iturmendiko Udalak. Zehazki, kaleetako argiteriako bi aginte zentroetako bat, udaletxekoa, kendu eta argiteria publikoaren kontrol aginte bakarra utzi nahi du Barrenkale kalean, eta gaur egun han dagoena ordezkatu. Horrekin batera, faroletako 104 bonbilak LED argiekin ordezkatuko dira. Zenbait puntutan farola berriak jarriko dituzte. Lan horiek eginda, argiteriaren kontsumo arrazionala lortuko da, instalatutako potentzia murriztuz, kontrolatuz eta erregulatuz, eta arauak eskatzen eta gomendatzen dituen argiztapen mailak murriztu gabe.
Lanek 28.439,62 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Obra bere egin nahi duen enpresak eskaintza hilaren 13ko 12:00ak arte aurkez dezake. Kontratua bereganatzen duenak 35 egun izanen du egitekoa despeditzeko.
Iturmendiko argiteria publikoaren egoeraren energia auditoria 2017an egin zen. Horren ondoren, Estafeta kalean aurreneko esku hartzea egin zuen udalak joan zen urtean.