Astekaria

Arbasoek utzitako ondarea bizirik mantentzeko

Ahiletz Nuñez Galartza 2025eko uztailaren 8a

Nicolas Arbizu Gabirondo auntzetxean. AHILETZ NUÑEZ GALARTZA

Iturmendiko basoan historia eta natura elkarrekin bizi dira. Nicolas Arbizu Gabirondok urteak daramatza basoan lanean. Gaur egun, herriaren ondare arkeologiko eta historikoa berreskuratzeko lan handia egiten ari da

Azkenaldian Nicolas Arbizu Gabirondo "Baxaleko txabola" (basoaldeko txabola) berritzen ibili da. Txabola horretan garai batean herritarrek aterpea hartzen zuten. Arbizu gazte zela teilatua eta egitura sendoa zituen. Etxolaren kokapena ez da kasualitatea: duela mende batzuk, bertatik igarotzen zen "ferra-galtzada" ospetsua, Lizarratik itsasoraino doana, harrigileen bidea hain zuzen ere. Iturmendiko etxolek, garai batean beste garrantzia eta eginkizun bat zuten ere, aduana antzeko sistema bat ezarria zen bertan, galtzadaren bidez mugitzen ziren ondasunak kontrolatzeko. "Tabakoaren zaindari" deitutako zaintzaileek tabakoa eta beste salgaia garrantzitsuak zelatatu eta zaintzen zituzten, balearen olioa edo Ameriketatik zetorren kafea, espezieak eta kakaoa bezalako produktuak. Herritarren bizitza eta historia lotzen dira. Bertatik igarotzen ziren barrualdetik itsasorantz zihoazen produktuak eta itsasotik bueltan etortzen zirenak ere.

Baxaleko txabola hasiera batean guardia etxola izan zitekeen, eta Arbizu berreskuratu eta berritzen ari den elementu historiko eta arkitektoniko garrantzitsua da, herriaren memoria bizirik mantentzeko ezinbesteko pieza.

Auntzetxea: harriek kontatutako historia
Iturmendiko mendialdean, historia harri artean gordetzen da. Auntzetxea, izen xume bezain esanguratsua duen eraikina, duela gutxi arte lurpean eta ahaztuta egon den altxorra da. Gaur egun, Arbizu da berreskurapen lan horren arduradun nagusia. Haren eskutik, herri memoria eta ondare arkitektonikoa berreskuratzeko lan isil baina sendo bat martxan jarri da. 

"Lehen guztia botata zegoen", dio Arbizuk, txabolaren aurrean harriak berriz jartzen dituen bitartean. "Orain, horma batzuk eta biga bat geratzen dira, baina ez da gutxi". Auntzetxea ez zen soilik ikuilua, Arbizuren ustez; bestelako erabilerak izan zituen, eta bere kokalekuak eta egiturak ere horretara bultzatzen dute.

Hormek eta lurrak kontatzen dute historia. Gertu, 4x4 metroko egitura borobil bat aurkitu dute, Erdi Arokoa izan liteke. "Artzain bat bizi zitekeen hemen metro gutxira, eta horrek erakusten du erabilera estrategikoago bat zuela lekuak". Aparte, harri landuak topatu ditu; horrek iraganeko funtzio erlijioso edo komunitario bat iradokitzen du.

Teila bakarreko txabola
Iturmendiko mendietan, etxolak ohikoak dira, baina auntzetxea berezia da: teilak dituen bakarra da. "Urtez urte berreskuratzen joan gara, eta sekulako lana eskatzen du", aitortu du Arbizuk. Bere ustez, benetako zorua metro erdi lurperatuta egon liteke, eta lurra kentzen doazen heinean, gauza berriak agertzen dira. "Nik harriak berriz jartzen ditut, mantentze-lan bat egon dadin". Bere aurretik ere, beste bizilagun bat teilak pilatzen hasi zen eta gure protagonistak jarraipen sendoa eman dio lanari gerora.

Eraikinaren tamaina ere aipagarria da: 200 metro karratu ingurukoa izan liteke, eta horrek ere erakusten du erabilera soila baino konplexuagoa izan zezakeela. "Etxekomun modukoa izan zitekeen, edo herrixka baten bihotza", dio Arbizuk. Hipotesi ausartak dira, baina guztiak zentzuzkoak, eraikinaren egitura, tamaina eta kokalekua kontuan hartuta.

Erlijioaren itzala eta erabilera askotarikoak
Beste arrasto deigarri bat: auntzetxea sortua da ekialdetik mendebalderako norabidean, ermiten antzera. "Beste eraikinek ez dute forma zehatzik, baina honek badu ordena bat", azaldu du. Hori kontuan hartuta, ez da baztertzen eraikinak zentzu sakraturik izatea.

Mendiak, gaur egun paseatzeko eta egurra hartzeko erabiltzen dugun arren, garai batean bizitzeko espazioak ziren. "Gure arbasoek hemen egiten zuten bizitza: egurra eta ikatza sortu, animaliak zaindu eta ezkurrak bildu", dio Arbizuk. "Hori da gure ondare historikoa, eta horregatik ari gara berreskuratzen".

Gogo eta gorputz lana
Astean behin edo bitan igotzen da iturmendiarra auntzetxera, eta hiru ordu ematen ditu lanean. "Nire gimnasioa dela esan genezake, kar-kar," dio umorez. Lana fisikoa bezain mentala da; harriak berriz jartzeak eta historia berridazteak, hitzak eta ideiak ematen dizkiolako. Arbizuk esaten duenez, "egiten dudan lanak idazteko inspiratzen nau. Harri bakoitzak istorio bat kontatzen du", dio. Eta istorio horiek dira, hain zuzen, Iturmendiren eta herri horren historia josten duten haria. Auntzetxea, isil-isilik, gure arbasoen aztarna gordetzen duen lekuko sendoa da, eta Arbizu bezalako herritarrei esker, berriz ari da bizitzen.

Iturmendiko herriko ondarea eta historia partekatzen eta berreskuratzen ibili izan da urte askoz, erromatar galtzada eta herriko toponimia berreskuratzen aitzindari izan da eta basoak kontatzen duenari ahotsa ematen ibili izan da. Horrek Arbizu asebetetzen du, herriarekiko harremana sustatzen, kultura zabaltzen eta hurrengo belaunaldiei herriak zuen historia ezagutarazten.