1. Noiztik klasikoen zale?
14 urte nituela erreka batean botata utzitako Mobilette motor zaharra topatu eta zaharberritu nuen. Motorra nahi nuela? Ba konpontzen ikasi beharra nuen: diru falta. Lehena motorrak, eta gida baimena aterata autoak izan ziren. Engantxatu nintzen.
2. Pabiloia betea duzu: autoak, motorrak, ordezko piezak...
Tokirik gabe geratu naiz. Ia egunero etortzen naiz, musika jarri, eta gustura egoten naiz. Auto asko oso baldintza txarretan erosi nituen, merke. Orduan inork ez zituen nahi, eta goitik behera berrituta, orain balio asko dute. Kapritxoa dira, baina, aldi berean, inbertsioa. Niri ez zait dirua bankuan izatea gustatzen, nik dirua hemen dut. Lehen soldatekin pabiloia egin nuen.
3. Renault ugari dituzu: R5 Turboak, Alpine-ak, Clio Williams-a...
Etxean beti izan ditugu Renault-ak, eta gustuko ditut. R5 Turboak bereziak dira, Sakanan zale asko gaude. 19 urterekin Iturmendiko R5 Turbo beltz bat erosi nuen, gero beste bat, eta beste bat... R5 GT Turbo Rally gorria da baliotsuena. 2006an erosi nuen, Frantzian. Lagunek Audi A3ak erosten zituztenean nik hau ekarri nuen. Bere garaian oso ale gutxi egin zituztenez, egun oso baliotsua da. Prezioaren aldetik, koroaren altxorra da.
4. Ford T-a oso berezia da.
Ford T kate lanean egin zen lehen autoa izan zen. 1908an hasi ziren egiten, eta hau ia azkenetakoa da. 1923ko maiatzaren 25ean erosi zuen Tuterako batek. Aurretik arrankatzen da, gurpilak zurezkoak dira, eta barruko egitura guztia baita ere. Nafarroan martxan dagoen autorik zaharrena da, eta matrikulagatik eta atzean duen historiagatik hartu nuen. Ez nuen erosi: R5 Turbo batekin trukea egin nuen duela 3 urte. Bartzelonan zegoen, bertan 60 urte egon zen, bizi erdia baino gehiago.
5. Nola zegoen?
Itxura aldetik dagoen bezala. Bere garaian zaharberrituko zuten, ziurrenik. Mekanika aldetik konpondu nuen, urte asko egon zelako geldirik. AEB-etatik pieza batzuk ekarri nituen. Autoen kultura handia dago, ordezko pieza guztiak izaten dituzte.
6. Bere historia ikertu duzu?
Bai, bospasei goiz eman nituen Nafarroako Artxibategian. Tuterako batek erosi zuen, gero Tuterako beste bati saldu zion, eta ondoren Cabanillasko markesa batek erosi zuen. Handik Bartzelonara joan zen. Polita da historia jakitea. Historia lana gustuko dut. Nafarroako Artxibategitik Nafarroako lehendabiziko 2.000 matrikulen zerrenda atera dut, ikertzeko.
7. Ford T-a ongi ibiltzen da?
Bai, normal. Larunbatean Araiara eraman nuen, topaketa batera, eta Bakaikuko Katxarro Egunera eraman nuen. Bi abiadura ditu, eta 54 km-ko abiaduran jarri nuen. ITV, asegurua eta zirkulazio zerga ditu indarrean.
8. Auto guztiak araudian izatea ezinezkoa izango da, diruarengatik.
Oso haserre nago. Estatu mailan klasikoen legea egin dute, halako autoak babesteko erraztasunak emanez. Legearen arabera, 30 urte baino gehiago dituzten autoek ez dute zirkulazio zerga ordaindu behar, baina Nafarroako zenbait udalerritan zergak kobratzen dizkigute. Lotsagarria da. Horregatik, bi Alpineak, Ford T-a, R5 Turbo gorria eta beste bat izan ezik, gainontzekoak bajan ditut.
9. Zure zaletasunaz, zer diote?
Ez dakit, baina ziur nago duela 10-20 urte askok narkotrafikantea nintzela pentsatuko zutela, auto deigarrien atzean trapitxeroak daudela uste baita. Ferraria oso gustuko dut, baina halako bat ekarriko banu, pentsa!
10. Beste autoren bat begiz jota al duzu?
Peugeot 205 GTI bat gustura ekarriko nuke. Garesti daude. Trukea egitea proposatu diot nire R5 GT Turbo bat nahi duen bati.
11. Zure zaletasunak segida izango du?
Semeari gustatzen zaio, baina oraindik txikia da.