Udako unetxoak

"Santa Marina laguntasuna da, festa giroa, mendia..."

Maider Betelu Ganboa 2025eko abuztuaren 1a

Mikel Galarza Maiza, kuadrillakoekin, Santa Marina egunean. UTZITAKOA

Mikel Galarza iturmendiarrak festetako Santa Marina eguna udako onena dela uste du, oporrekin batera

Mikel Galarza Maizak Iturmendiko Arrano Beltza plazan jarri du hitzordua. “Hemen jaio nintzen, hemen bizi naiz bikotea eta bi semeekin, gustura, eta, nork daki, agian hemen hilko naiz” dio, irribarrez. Udan Iturmendiko bizimodua ez dela horrenbeste aldatzen aipatu du, “neguan ere asko ateratzen garelako. Hemen ez dago egun bat jendea ateratzen ez denik, batez ere seme-alabak ditugunok. Neguan frontoian egoten gara gehiago, eta udan plazan”. Egun, haur pila bat daude Iturmendin. “Datorren urtean hamar edo hamaika ume jaio behar dira, eta hori gurea bezalako herri txiki batendako izugarria da. Agian gero geldituko da, baina orain...”. Giroa dago herrian, eta orain, taberna berria dutela, gehiago. “Nabaritzen da, herrian bizi gehiago dago. Kanpotik datozenendako badakizu zeinen ondo?”.

Iturmendin udako momenturik onena zein den oso argi du. “Iturmendiko festak, eta egun bat aukeratzekotan Santa Marinara igotzen garen eguna, uztailaren 18a”. Trinitate egunean bakaikuarrekin batera ospatzen dute festa Santa Marinan, baina Iturmendiko festetan igotzen direnean, “batetik antzekoa da, baina aldi berean ezberdina, Iturmendiko festak direnez festa giroan gaudelako, eta hori nabaritzen da”. Iturmendiko Karmengo festak uztailean dira. “Festek uztailaren 16a eta 18a hartu behar dituzte bai hala bai, eta asteburua nola datorren kontuan hartuta egutegia egokitzen da. Santa Marinako erromeria beti uztailaren 18an izaten da”.

"Festetako Santa Marina egunean festa giroan gaude, eta nabaritzen da"

Kuadrillan
Udako momentua, Santa Marinako erromeria, kuadrillan ospatzen du Mikel Galarzak. “Txikia nintzela gurasoekin igotzen nintzen, baina orain dela 30 urte nire gurasoek ez zuten kuadrilla bazkaririk egiten. Beste garai batzuk ziren. Duela zenbait urte hasi ziren kuadrilla bazkariak egiten, eta zenbait familia biltzen dira ere bai”.

Santa Marinako festetako erromeria “egun oso polita da" Mikelendako. “Goizeko 10:00etan elkartu, eta suziriarekin batera Santa Marinara abiatzen gara, oinez”. Azpiegitura guztia igo behar duten kuadrillako kideak autoz igotzen dira, erremolkean mahaiak, aulkiak eta beharrezkoa den guztia daramatela. “Logistika ongi prestatu beharra dago. Aurten, umeak zenbatuta, 25-30 pertsona bildu ginen eta oso ongi pasatu genuen. Nik beti festa hartzen dut egun honetarako”.

Orain arte brasan prestatzen zuten bazkaria: urdaia, txistorra, saihetsak... Mikelena izaten zen brasetan sukaldatzeko ardura, baina aurten, lehenengoz, paella prestatu dute lauzpabost lagunen artean “marisko paella, oso ona. Paellera Aitzkozar elkartetik hartu genuen, eta sua aurretik bagenuen, festetako beste egun batean kaldereteak prestatzen direlako”. Aurten oso jendetsua izan zen festetako kalderete eguna. “Kuadrilla guztiok parte hartzen dugu, eta frontoia beteta zegoen. Oso egun polita da”.

"Goizeko 10:00etan suziriarekin batera Santa Marinara abiatzen gara, oinez. Oso polita da"

Santa Marinako erromeriak sentipen asko sortzen dizkio, “laguntasuna, poztasuna, festa giroa, mendia... Mendira igotzea, eta semeekin batera hamaiketakoa egitea oso berezia da”. Santa Marinan ardoa banatzen du udalak. “Ardoa zilarrezko katiluetan edateak badu bere xarma”. Santa Marinako bazkalondoa ederki luzatzen zaie, eta arratsaldeko seiak aldera Herrira iritsita dantzaldia hasten da, eta herriko auzatea”. “Oso ongi pasatu genuen, oso gustura”. Udako momentua “parrilla usainarekin lotzen dut, aurten paellarena (kar-kar)”. Eta, koloreak “mendiaren berdea eta zeruaren urdina”.

Udako momentua bizita, ez du urtean zehar gehiago gogoratzen. “Iristen denean ospatzen dugu eta gustura, baina hurrengo urtera arte kitto. Badago jende asko soilik Trinitatean eta Santa Marinako erromerian igotzen direla Santa Marinara eta agian bereziagoa da eurendako, baina ni sarritan igotzen naizenez...”.

Oporrak, beste unetxoa
Festen ondoren herria asko baretzen dela dio Mikelek. “Jende asko oporretara doa eta herria pixka bat triste geratzen da". Mikelek abuztuaren 1ean hartuko ditu oporrak. "Hori bai dela udako momenturik onenetakoa!”. Mediterraneora joango dira oporretara, familian. “Umeei hondartza pila bat gustatzen zaie, eta haiek pozik ikustean, gu ere bai. Joateko desiotan gaude, udako beste momentutxo bat delako. Urtean zehar oporretan pentsatzen dut maiz: noiz iritsiko dira behingoz?". Jada iritsi dira.