Astekaria

"Urbasa berezia da: aita aritu zen, eta nik urte asko daramatzat"

Maider Betelu Ganboa 2025eko urriaren 8a

Delfin Goikoetxea, autoa Urbasarako prestatzen. Alboan karrozeria edo oskola du, Alpinearen moldaketa, tailerrean egindakoa.

Urbasako Igoerako beteranoetako bat da Delfin Goikoetxea Esnaola pilotu iturmendiarra (Brand PRM Proto Alpine). Egunaz disfrutatzea izaten da bere helburua

Sakana Motorsport eskuderiak antolatuta, urriaren 4an jokatu zen XLIII. Urbasako Igoera. Lehiatu ziren hamar sakandarretatik Delfin Goikoetxea izan zen beteranoena. Iturmendiko Goikos tailerreko arduradunak txikitatik du automobilismoarekiko zaletasuna. "Amaren sabelean nengoela Rally Vasco Navarroan parte hartu nuen, ama aitaren kopilotua baitzen, Renault 4/4 autoarekin. Beraz, atera kontuak". 

Goikos tailerreko arduraduna zara, aitari lekukoa hartuta.
Txikitatik aitarekin tailerrean sartuta negoen, motor artean. 10 urterekin Seat 600a prestatu nuen, gerora Formularen bat... Oso gustuko dut, zaletasun hutsa. 

Aita, Jose Luis Goikoetxea, Urbasako Igoerako lehen urteetan lehiatutakoa da.
1970 aldera ariko zen, Renault 4/4 autoarekin. Aita Altsasuko Jose Ignacio Sunsundeguiren kopilotua zen. Minia prestatzen zion, baina hark Porsche 911-a ekarri zuenean utzi zuen, guk lauzpabost urte genituela. Nik ez dut oroitzen. 

Noiz hasi zinen lasterketetan?
2000. urte inguruan. BMW 325 iX-a prestatu nuen. Urbasako Igoera izan zen nire lehen lasterketa eta Jaizkibel, Agiña, Palomeras, Clavijo... egin nituen. Lasterketetan aritzea gustuko dut, baina autoa prestatzea eta moldaketak egitea askoz ere gehiago. Urbasara noa aurretik autoa prestatu dudalako, Olaztira familia eta lagunak gerturatzen direlako, Urbasara igo eta jaistea gustuko dudalako eta egun polita pasatzen dugulako. 

Urbasako Igoeran zure helburua...
... eguna ongi pasatzea izaten da. Ezer gehiago. Nik ez dut aparteko lehiakortasun izpiritutik izan. Inoiz. Hasieratik argi izan dut lasterketetara ongi pasatzea noala; ni ez noa irabaztera edo denborak hobetzera. Denborei ez diet kasurik egiten, ez dut zurrunbilo horretan sartu nahi. Autonomoa naiz, eta gehiegi arriskatzeagatik istripua izan eta bajan geratzea... gurutze ederra litzateke. Beraz, lasterketetan ez dut gehiegi arriskatzen. Anaiarekin Nafarroako Zirkuitura goazenean azkarrago ibiltzen naiz, zirkuitua beste gauza bat delako, askoz ere kontrolatuagoa, baina lasterketetan ez dut arriskatzen. Hori oso argi dut. Gehiago dut galtzeko irabazteko baino. Gainera, nik gehiago disfrutatzen dut hasierako prozesuarekin, autoa ongi prestatzearekin. 

"Lasterketan baino, autoa ongi prestatzen disfrutatzen dut gehien"

Auto ikusgarria duzu, Brand PRM Proto Alpinea.
BMW-aren ondoren Midget-a ekarri nuen eta gero PRM-a, 2002an. Hasieran motoko motorra zuen, biziagoa, baina autoaren motorra jarri nion, Renault 18-arena, eta beranduago Audi 18 Turboarena. 150 zaldi inguru dauzka. Beste auto bat dut, Caterham Super Seven baten erreplika. Honekin ere lehiatu izan naiz Urbasan, baina azkenaldian PRM-arekin igotzen naiz.

150 zaldi, ez dira gehiegi. Auto hauek zergatik hartzen dute horrenbesteko abiadura?
Pisuarengatik. Audi 18 auto batek 1.200-1.300 kilo izango ditu, eta PRM-ak 700 kilo inguru, hor dago aldea. Ni ez naiz motorrari zaldi gehiago sartzearen aldekoa. Ongi badoa, seriekoa utziozu, eta eman ahal duen gorena emateko adorea baduzu, orduan zaldi gehiago sartu. Baina zaldi asko sartzea, kontrolik gabe, alferrik da. Dituzun zaldi guztiak ongi kontrolatzen badituzu, hobeki ariko zara kontrolatzen ez dituzun zaldi pilo batekin baino. 

Aurten autoari aldaketaren bat egin al diozu?
Aurten direkzioa moldatu diot. Direkzio elektrikoa jarri diot, Renault Clio baten motor txikia sartuta. Auto honek direkzio zuzena du, eta gurpil horiekin, bolantea mugitzeko nahiko gogorra geratzen zen. Direkzio elektrikoarekin arinago mugitzen da. Gauzak berritu, moldatu... asko gozatzen dut. Ordu asko sartzen ditut, eta gustura. Autoekin ibiltzea, ez dut beste zaletasunik.

Autoaren karrozeria edo oskola, Alpinearena, ikusgarria da. 
Moldea Bartzelonatik ekarri nuen eta hemen egin genuen guztia, eskuz, tailerrean. Aurrealdean Alpinearen itxura mantendu genion, baina atzealde guztia moldatuta dago. Nola? Espuma sartuz eta hamaika esperimentu eginez. Ordu asko sartu genituen. Karrozeria hori bakarra da, ez dago besterik. Joan zen urtean Alpinche auto mitikoa ekarri zuten Urbasara, Porsche motorra duen Alpine klasikoa, eta gurearen ondoan jarrita, argazkia atera genien biei. Bakarrak direlako.

"Eskuderiakoek lan itzela egiten dute antolakuntzan, pilotuek ongi pasa dezagun"

Zer du Urbasako igoerak?
Niretako berezia da, bere garaian aitak korritu izan zuelako, ni askotan aritu naizelako, nire lehen proba izan zelako eta etxeko proba delako. Oso gutxitan egin dut kale, konpromisoren bat izan dudanean bakarrik. Hamabost edizio baino gehiagotan ariko nintzen, seguru. Egun, soilik Urbasan lehiatzen naiz. Beste probaren batean aritzea nahiko nuke, baina ez dut astirik. 

Sakana Motorsportek lasterketa aurrera atera ahal izateko egiten duen lana aipatzekoa da. 
Lasterketan parte hartzen dugunok baino meritu handiagoa dute antolaketan aritzen direnak. Baimenak, aseguruak, guztia prestatu... lan handia egiten dute gu ongi pasatzera joan gaitezen. Eskertzekoa da. 

Ikusleak autora gerturatzea gustuko al duzu?
Baimena eskatuz gero, ez dut inolako arazorik. Haurrak igotzea, argazkiak ateratzea... gustatzen zait. Jende asko etortzen da argazkiak ateratzera, halako autoak ez direlako asko ikusten.