Maiatzaren 4ko uholdeak ez dituzte nolanahi ahaztuko iturmendiarrek. Udalean ezta ere. Kai Galartza Cervera alkateak jakinarazi duenez, "uholdeek 400.000 euro inguruko kalteak sortu zituzten herrian". Dermioko bideez aparte herriko karriketan ere kalteak izan ziren. Uholdeak utzitako arrastoa ikusita, Iturmendiko Udala Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri zen konponbidea lehenbailehen opatzeko. "Uholdeak eragindako kalteak direnez, premiazko kontratua egiteko baimena eman zigun gobernuak eta enpresa bat zuzenean kontratatzeko aukera izan dugu. Bestela, ohiko bidetik, lanak 40.000 euro baino gehiagokoak direnez, obrak emateko deialdia egin eta konponketa epeak luzatu eginen lirateke".
Galartzak esan duenez, "lanak urte akaberarako hasiak egotea nahi dugu". Herri gunean eginen diren lan horietara 200.000 euro pasatxo bideratuko ditu udalak. Alkateak azaldu duenez, "plazako iturriak gainezka egiten duenean ikusten da ura nola doan jolas parkera eta handik Estafeta kalera". Euriarekin gauza bera gertatzen denez, "plazan, parkea baino lehen, lurrean, euri ura jasotzeko metalezko parrilla bat jarriko da. Estafeta kalean dauden parrillak kendu eta askoz ere handiagoak jarriko dira, eta luzeagoak izanen dira. Gainera, Estafeta kaleko 25. zenbakidun etxetik Barrenkale karrikaraino dauden etxeen parean hormatxo bat eraikiko da, ura etxeetara sar ez dadin".
Obra horregatik udalak dirulaguntza eskatzeko asmoa du. "Baina uholdearekin zerikusia duten lanetarako bakarrik jasoko dugu. Egingo dugun hormatxo hori obra berritzat hartzen du gobernuak eta horietarako ez dago laguntzarik", argitu du alkatea.
Uholdeei aurre egiteko neurriak hartuko dira herrian bertan, baina dermioan hondatuta dauden bideak konpontzeak itxaron egin beharko du. Galartzak esan duenez, "200.000 euro inguru dira eta Iturmendiko Udalarendako asko da hori. Dirulaguntza deialdietara aurkeztuko gara bide horiek konpontzeko". Baina zoritxarraren erdian kukuak jo zuen. "Bakaikurako Ilarraldiko pista eta Urdiainerako Kamiozarra dermioko bideak Sakanako Mankomunitateak konpondu zituen maiatzean bertan, Sakanako bizikleta ibilbide sareko zati baitira. Eskerrak!"
Eske eta zain
Sarateko erreka Txorralde eta Zirrinkale kaleen azpitik zeharkatzen du Iturmendi hegoaldetik iparraldera. Nahikoa komeria eragin zuen erreka horrek gainezka egitean. "Errekan lanak egiteko Ebroko Ur Konfederazioari baimena eskatu diogu, baina luze joko du baimena lortzeak", aitortu du Galartzak. Proiektua egiten ari direla argitu du.
Bitartean uholdeak kaltetutako Txorralde kalean konponketa batzuk egiteko beste aukera baten berri eman du alkateak: "Tokiko Inbertsioen Planera Txorralde eta Santa Marina kaleetako sareak eta zoruak berritzeko proiektua aurkeztu dugu". Iturmendiko Udala Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain dago.
Aldaketa
Iturmendiko Udalak aurtengo aurrekontuan 398.205,97 euroko diru sarrerak eta 398.178,50 euroko diru irteerak zehaztu zituen. Baita inbertsioetarako 27.000 euro ere. "Baina uholdeagatik udalean lehentasunak berrezarri behar izan genituen. Esaterako, frontoiko teilatuak itajurak ditu eta aurten konpontzeko asmoa genuen. 80.000 euro inguruko lana da. Bada aurrerago konpontzeko utzi dugu", azaldu du Galartzak.
Alkateak jakinarazi duenez, udalean begiz jota dute pilotalekuko teiladura. Han argindarra sortzeko eguzki plakak jarri nahi lituzkete. Bada, Iturmendin energia burujabetzaren aldeko neurri horrek teilatua behar bezala konpondu arte itxaron beharko du.