Hiru lanerako gobernuaren erantzunaren zain

Guaixe 2025eko azaroaren 4a

Iturmendiarrak plazako jolas parkearen ondoan. ARTXIBOA

Finantziazioa eskuratuko balu, Iturmendiko Udalak bi kaletako zorua eta sareak berrituko lituzke, bi etxebizitza egingo lituzke eta hilerrian hainbat konponketak eginen lituzke

Iturmendiko Udalak Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planaren bidez hiru lan egiteko finantzazioa lortu nahi luke. Batetik, Txorralde eta Santa Marina karriketako sareak eta zoladura berritzea. Bestetik, medikuaren etxean bi etxebizitza egin nahi lituzke gazteen artean dagoen etxebizitza premiari aurre egiteko neurri gisa.

Azkenik, hilerrian konponketa lanak egin nahi lituzke udalak. Ubeldearen ondoan dago kanpo santua eta horma hobiak pixka bat mugitu dira. Horretaz aparte, beste egiteko batzuk ere badaude: hilerria irisgarri bihurtzeko eskailerak kendu, aparkaleku bat egin, kolunbario gehiago jarri eta hilerriaren ordenazioarekin segitzeko, hau da, lurreko hobi guztiak distantzia berera jarriko lituzke. 

Egindakoa, egitekoa
Kaleetako argiteriako bi aginte zentroetako bat, udaletxekoa, kendu eta argiteria publikoaren kontrol aginte bakarra utzi du udalak. Hori Barrenkale kalean dago, eta berria da. Gainera, faroletako 104 bonbilla LED argiekin ordezkatu ditu. Alkateak azaldu duenez, heldu den urteetan falta diren kaleetan jarriko dira LED argiak.

Toki Inbertsioen Planeko Erabilera Askeko Programatik udalak 20.000 euro inguru jasoko ditu. "ikusita herrian haur pila daudela, plazako haurren jolas parkea aldatzera bideratuko dugu diru hori. Goitik behera berrituko dugu. Egungoa 1992koa da eta, txukundu ondoren, eskolara eramanen dugu. Horrela herriak bi jolas parke izanen ditu", azaldu du Kai Galartza Cerverak.

Bestalde, urte hasieraz geroztik, auzolana arautzen duen ordenantza eguneratua indarrean da. Auzolana egiteaz libratzeko ordaindu beharrekoa igo da.

Basoan 
Bi lan egin ditu udalak basoan. Alde batetik, Axeixulota parajeko itxitura zaharra kendu eta berria jarri du Europar Batasuneko dirulaguntza batekin. Bestetik, herriaren hegoaldean dagoen Gaztainatxikieta dermioan loteak egin dira aurten. Hala baso bakanketa egin zuten eta ongi dauden gaztainondoak mantendu dituzte. Ondoan Gaztainaldea dermioa sasiz garbitu zen eta ondoren gaztainondo berriak landatzeko. Alkateak jakinarazi duenez, gaitzei aurre egiteko prestatutako landareak jarriko dituzte eta haztean herriko gaztaina barietateekin txertatuko dituzte. Gaztainadiak berreskuratzeko ibarreko egitasmoarekin bat egin du horrela Iturmendik.